"Banda zabala kalitate onekoa da, eta telefono finkorako aukera ematen du"

Tolosako Udalak eskatuta, irrati uhin bidez eraman dute Interneteko banda zabaleko konexioa Sona Telekomunikazioak-ekoek, eta Xabier Garmendia Talaikide-Abailakoak egin ditu ingeniaritza lanak.

Irrati uhin bidez Internet zerbitzua jarri duzue Bedaion.

Proiektu hau Tolosako lanbide heziketa institutuan hasi zen, bertan, proiektu bat egin zelako telekomunikazio dorre baten muntaia batena, ikasleek bertan izan zezaten. Bedaion nahiko estaldurarik ez zegoenaren gaia atera zen, eta udaletik egin zen proposamena. Hau guztia Guifinet proiektuaren barruan izan da. Proiektu hau udalak bultzatu du eta diruz lagundu du, eta baita Tolosaldeko garapen agentziak ere. Ion Alejosek garatu du, Sona Telekomunikazioak; berak jaso du laguntza, eta nik Talaikide-Abaila moduan, ingeniaritza lanak egin ditut.

Zer da Bedaion egin duzuena?

Irrati uhin bidez, Guifi.net proiektuaren barruan, Bedaiora interneteko estaldura eraman dugu. Orendaingo kultur etxean dagoen antenatik seinalea banatu dugu Bedaio bailara aldera, eta errepikagailu bat jarri dugu. Wifi puntu publiko bat jarri dugu Bedaioko elkartean, eta baita errepikagailua ere. Bedaioko etxeen %85ari banda zabaleko estaldura iristen zaio sistema honen bidez. Beste %15ari iristeko seinalearen errebote bat egin behar da, erreka zuloan daudelako.

Zer da jarri duzuena?

Oraingo azpiegitura librea eta askea da, edonork erabili dezakeena. Operadore ezberdinak daude Guifi.net proiektuaren barruan. Horren barruan dauden operatzaile ezberdinei kontratatu diezaiekete Interneteko zerbitzua. Bertako operatzailea, gertukoena, Ion Alejos izango litzateke, eta nire kasuan, gu Urola aldean gaude. 30-50 megako abiadura ematen da, nahiz eta sareak eskaintzen duen maximoa 150 megako abiadura izan. Banda zabala kalitate onekoa da, eta aukera ematen du telefono finkoa ere bertan edukitzeko. Telebista ikusteko ere balio du.

Noiz hasi zineten?

Duela hiru edo lau hilabete hasi ziren. Arrazoi ezberdinak medio luzatzen joan da, eta azken hilabete eta erdian hartu da berriz ere; batik bat azken hiru asteetan buru-belarri aritu gara hau muntatzeko. Egoera berezi honetan jendeak konektatzeko aukera izan dezan. Bi aste izango da martxan dagoela inork Interneta kontratatu nahiko balu.

Esperientziak badituzue?

Arano, Andoain edo Ereñotzun sareak muntatuta dituzte. Interneteko konexioa denen artean erosten dute, eta partekatu egiten dute. Edo Zornotzako Udalak baserrietarako du jarrita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!