Interneteko egoera «kaxkarra» dela eta bedaiotarrak kexu agertu dira, eta Tolosako Udalak «ahalegin berezia» egin duela adierazi du, larrialdi egoera honetan, Bedaioko auzotarren telekomunikazio egoera hobetzeko.
Udaletik azaldu dutenez, Tolosaldea Garatzenen eskutik, eta udalak ere diruz lagunduta, enpresa partikular batek Orendaindik Bedaioko erdigunera irrati uhinez banda zabala eraman du, eta beraz, wifi librea eta doakoa dute auzoaren erdigunean. «Lan hori eginda eta instalakuntza horretaz baliatuz, orain, Bedaioko bizilagunek, beren etxebizitzetara hedatu dezakete banda zabala», gehitu dute.
Gainera, auzoan zuntz optikoa ezarri bitartean, udala «ahalik eta modurik azkarrenean», irtenbide bat ematen ahalegindu dela esan dute. Era berean, azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan landa eremuan zuntz optikoa hedatzeko konpromisoa hartua duela.
AUZOTARRAK KEXU
Bitartean, auzotarrak «kexu» dira, Internetarekin ez ezik telefono finkoarekin ere arazoak dituztelako: «Telefono finkoarekin askotan arazoak dauzkagu, Telefonoko lineak lurrera erorita daude leku batzuetan eta ezin da adineko jendea telefono gabe eduki», azaldu du auzotar batek.
Estaldura «eskasaz» kexatzen dira, eta telefono konpainia bakarra dutela aukeran diote: «Movistar kontratatzera behartuta gaude, eta zerbitzuarekin gustura ez bagaude, ez daukagu konpainiaz aldatzeko aukerarik». Interneterako konexioa dagoen lekuan ere, hura oso txarra dela azpimarratzen dute. «Teknikoak arazoak konpontzera etortzen direnean, esaten digute arazoa konpondu nahi badugu zuntza jarri behar dugula, gainerakoan, beti horrela ibili beharko dugula». Bedaioko auzotarrek «behin behineko irtenbiderik» ez dutela nahi diote, «arazoa konponduko duen zuntza baizik». Adibide zehatzak ere eman dituzte: «Hainbatetan erakundeek eurekin telematikoki komunikatzera behartzen gaituzte; gertatu izan zaigu, esaterako, etxearen inguruko proiektua aurkeztera udaletxera joatea, eta erregistroan esatea telematikoki aurkeztu behar genuela. Horretara behartzen bagaituzte, hori egin ahal izateko bideak nork jarri behar ditu? Norena da erantzukizuna?», dio bizilagunak.
Telelana ere «arazo» bilakatu dela diote: «Langile publiko batzuei telelana egiteko eskubidea aitortzen die Eusko Jaurlaritzak, baina horretarako baldintza teknikoak bete behar dira: konexioa, eta abar. Beraz, eskubideez ari gara, ez dugu auzorako zinema areto bat eskatzen, ez da kapritxo bat». Beste auzotar batek umeen eta adinekoen eskubideak aipatzen ditu: «Nola ari dira Bedaioko umeak daukagun egoerari aurre egiten? Zein baldintzatan? Edozein gizartetan adinekoak eta umeak dira babes handiena behar dutenak eta bizi dugun egoera honetan babes eza oraindik eta handiagoa bilakatu da Bedaioko errealitatean».
Telebista behar bezala ikustera ere zabaltzen da arazoa kasu batzuetan. Izan ere, Etxeberri eta Belarmuga inguruetan, «arazo handiak» dituztela diote EITB ikusi ahal izateko. «Eta ADSL-a joan-etorrian dabilelako ikasleek klaseak jarraitzeko eta lanak bidaltzeko arazoak izaten ditugu».
Orain, irrati uhinen bidez jarri diete irtenbidea, baina Bedaioko eremu batean, eta hala ere, ez duela telefono finkoa bermatzen diote. Beste batzuek «berdin-berdin» jarraitzen dutela arazoarekin argitu dute. Horiek horrela, arazoari «auzo guztirako irtenbide integrala eman diezaioten eskatzen dute.