Harrigarria bada ere, biomedikuntzaren arloan birusak ikaragarri erabilgarriak dira; zelulen funtzionamendua manipulatu eta ikertzea ahalbidetzen duten sistema sinpleak baitira. Funtsean, birus batek bi zati ditu: material genetikoa, DNA edo RNA izan daitekeena; eta kapsidea, material genetikoa biltzen duen proteinazko geruza. Birusek ez dute beraien kabuz ugaltzeko gaitasunik, beraz, beraien buruaren kopiak egiteko beste zelulak infektatu behar dituzte. Honela, zelularen makinaria osoa birusaren kopiak egitera bideratzen dute, eta behin birusaren milioika kopia egin direnean, birus guzti hauek zelulatik irteten dira harrapakin berrien bila, atzean utzi duten zelularen heriotza eraginez.
Beraz, beste zelulak infektatzeko duten gaitasuna, infektibotasuna delakoa, aprobetxatuz, laborategi ugaritan birusak bektore bezala erabiltzen dira. Izan ere, berez zelulen nukleoan material genetiko arrotza sartzea prozesu ikaragarri zaila da, material genetiko hau zelularen barnean oso azkar degradatzen baita. Hau dela eta, bektore biralak material genetiko arrotz hau edozein zelularen nukleora modu azkar eta eraginkorrean eramateko erabiltzen dira. Material genetikoa orokorrean geneen DNA sekuentziez osatua egoten da, sekuentzia honek zelulari gene zehatz hori adierazteko instrukzioak ematen dizkio. Modu honetara, zelula batek berez ez dituen geneak adieraztea lor dezakegu, gene horien aktibazioak zelulan zein eragin duen ikusiz.
Esaterako, minbiziaren ikerketan, ohikoa da zelula osasuntsuen eta minbizi-zelulen artean ezberdin -gehiago edo gutxiago- adierazten diren geneen konparaketa egitea. Izan ere, azken finean minbizi zelulak kontrolik gabe hazten diren giza-zelulak baino ez dira. Beraz, minbizi-zeluletan esklusiboki adierazten den gene bat identifikatuko bagenu, sistema honen bidez gene horren funtzioa eta minbiziaren garapenean duen ekarpena iker dezakegu. Zehazki, gene horren sekuentzia identifikatu eta birus baten barruan sartuz gero, birus honekin zelula osasuntsuak infektatzean gene hau zelula osasuntsuetan adieraztea lortuko dugu. Ondoren, gene horren adierazpenak zelula osasuntsuetan transformaziorik -zelula osasuntsua minbizi-zelularen antzekoagoa egiten duen aldaketarik- eragiten duen aztertuko dugu. Hau da, gene zehatz horren adierazpenak zelula osasuntsuak azkarrago haztea, farmakoen aurka erresistenteak bihurtzea, beraien forma aldatzea… eragiten badu, pentsa dezakegu gene horren adierazpena minbiziaren garapenean garrantzitsua dela. Eta hau dena birusei esker.
Zientzian egiten ari diren esfortzuak ikusirik, ziur nago hemendik gutxira berri onak izango ditugula
Tamalez, koronabirus berriari oraindik ez zaio mota honetako aplikaziorik aurkitu. Baina, egun hauetan zientzian egiten ari diren esfortzuak ikusirik, ziur nago hemendik gutxira berri onak izango ditugula!