Tolosako EH Bildu azoka egitearean alde azaldu da. "Larunbatean gure ekoizleek salmenta zuzena egiteko aukera izango dutela oso albiste ona iruditzen zait. Dena den, kontuan izan, salbuespen egoera honetan bertako produktuei irteera emateko ekimena izango dela, ez besterik, eta denok ardura handiz jokatu behar dugula", esan du Andu Martinez de Rituertok.
Konfinamendua hasi eta lehen bi larunbatetako azokak bertan behera uztearen alde azaldu zirela esan du EH Bilduko kideak: "Garbi adierazi nahi dut EH Bilduren lehen hautua salmenta zuzeneko gune kontrolatuari eustea izan dela. Lehendabiziko bi asteetan azokarik ez egitea babestu genuen, lehenengoan arduragatik (ez zegoen inolako babes neurririk aurreikusita) eta bigarrengoan udal gobernutik emandako informazioa ontzat jo genuelako (Madrildik zetorrena debekua omen zen). Baina behin Madrilgo dekretuaren eta Osasun Publikoko Zuzendariordeak emandako zehaztasunen nondik-norakoak jakinda, salmenta zuzeneko gune seguroaren eta etxez etxeko zerbitzua uztartzearen aldekoak izan gara. Eta horretarako, aste hauetan, proposamen zehatzak egin dizkiogu udal gobernuari", gaineratu du oposizioko buruak.
Esan du era berean, "harriduraz", irakurri duela Tolosako Udalak larunbateko azokari buruz argitaratu duen oharra. "Badirudi Eusko Jaurlaritzak azokak egiteko emandako baimenaren ondorio dela datorren larunbatean ezohiko azoka egiteko erabakia hartu izana". Eta gogoratu nahi izan du azokak egiteko lehen debekua apirilaren 8an egin zuela Eusko Jaurlaritzak: "Ordura arte, debekurik ez da egon (hainbat herrietan salmenta zuzeneko jarduerei eutsi zitzaiela ezaguna da). Apirilaren 11n, berriz, azokak debekatzeak sortutako kontrako erreakzioak ikusita, Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta salmenta zuzeneko azokak berriz baimentzea erabaki zuen. Tarte horretan ezagutu dugun ohar bakarra, Osasun Publikoko Zuzendariordeak martxoaren 20ean kaleratu zuena da, non, tokiko agintariei, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea sahiesteko gomendioa egiten zitzaien".
Gauzak horrela, azpimarratu nahi izan du, koronabirusaren larrialdi egoera hasi zenetik, azokak egiteko debekuak "hiru egun besterik ez dituela iraun". "Labur esanda, ez da Espainiko Gobernutik ezta Eusko Jaurlaritzatik azokak egitea debekatu, baizik eta kale salmeta sahiesteko gomendioa egin".
Agintean dagoenak erabakiak hartu behar dituela esan du Martinez de Rituertok, "zailak kasu askotan, eta ez beti denon gustukoak. Azoken harira ere erabakiak hartu ditu udal gobernuak, ados edo kontra egongo garenak, baino beren erabakiak direnak". Baina udalaren oharrak "itzulinguru gehiegi" ematen dituela uste du eta, nolabait, "udal gobernua aginduak betetzera mugatu dela ulertarazten du. Eta, esan bezala, erabakiak beren esku zeuden".