Koronabirusa

Testak egingo dituzte bihar, Iurreamendin

Ataria 2020ko api. 13a, 18:47

Foru Aldundiak esan duenez, test azkarrak eta PCRak egiten ari dira Gipuzkoako egoitza zentro guztietan Gipuzkoako sei OSI-en bidez, eta bihar Tolosako Iurreamendiko, Eibarko Egogaineko eta Zumaiako Otezuriko egoitzetan egingo dituzte. 

Gipuzkoako adinekoen egoitza sareko azken orduetako datuak eman ditu gaur ere Eider Mendoza foru bozeramaileak eta  jakinarazi du zortzi lagun hil direla, 10 positibo eman direla eta bat gehiago sendatu dela. Azken heriotzak Arrasateko Iturbiden (3), Donostiako Berran (1), Ordiziako San Josen (2) eta Zumarragako Argixaon (2) izan dira. Gaixotasuna gainditu dutenen datuak ere eman ditu eta esan du azkenak Zarauzko Santa Ana egoitzan izan direla. Aldiz, hildakoen kopurua 99koa da eta 302k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. 

Test azkarrak eta PCRak

Era berean, esan du Osakidetzaren eskutik, lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan “mapatze zehatz” bat egiten ari direla, birusak eragindako pertsona kopuru zehatza ezagutzeko. Frogak egoiliarrrei zein langileei egingo dizkiete, bai sintomak dituztenei eta baita asintomatikoak direnei ere, eta horrela "kutsatze arrisku maila identifikatzeko eta momentu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazteko” aukera izango dutela. Horretarako, Osakidetza test azkarrak eta PCRak bateratzen ari da lurraldeko egoitza zentro guztietan Gipuzkoako sei OSI-en bidez. 

Lehenik egoiliarrei egin dizkiete testak eta jada hasi dira horretan Iturbiden (Arrasate), Arangoitin (Beasain), San Josen (Ordizian), Berran (Donostian), Caser Residencial Anakan (Irun), Santa Anan (Zarautz), Argixaon (Zumarraga), GSR Aretxabaletan (Aretxabaleta) eta Jose Aranan (Eskoriatza) egoitzetan. Iturbiden, Jose Aranan, Caser Residencial Anakan, Santa Anan, Argixaon, Otezurin (Zumaia) eta Berran, gainera, testak egin dizkiete bertako profesional guztiei. Eta San Josen, GSR Aretxabaletan eta Arangoitin plantilla erdiari ere egin dizkiete frogak.  Osakidetzak bihar osatuko ditu testak dagoeneko hasi dituen egoitzetan. Eta bihar bertan Tolosako Iurreamendin, Zumaiako Otezurin eta Eibarko Egogainen egingo dituzte.  Esan dutenez, datozen egunetan egingo dizkiete testak Gipuzkoako egoitza sareko langile eta erabiltzaile guztiei.

Sintomak dituztenak

Sintomak zituzten langile zein egoiliarrei, Osakidetza PCR frogak egiten aritu dela esan du Foru Aldundiak, eta test azkarren iritsierarekin, sintomarik ez duten pertsonei test bikoitzak egiten ari direla: lehendabizi test azkarra egiten diete, eta positibo eman ala ez, PCR froga ere egiten diete. Era horretan, bi frogak bateratuta, kasu asintomatikoak detektatzea posible dela esan dute, baita gaixotasuna pasa dutenak eta inmunizatuta daudenak, eta momentuan gaixo daudenak ere.

Bozeramaileak azaldu du “gero eta test gehiago egin, aurre egiten ari garen egoeraren orduan eta diagnostiko zuhurragoa izango dugula”. “Test bikoitzen” bidez, eta adituak diren osasun langileek adierazten duten moduan, sintomatikoak eta asintomatikoak diren kasuak atzeman daitezke, baita gaixotasuna pasa duten ala ez. “Gipuzkoako Foru Aldunditik gure esku dauden baliabide guztiekin jarraituko diogu aurre egiten hain konplexua den egoera honi, zalantzarik gabe, benetako erronka izaten ari dena gizarte osoarentzat”. Horregatik bere esker ona adierazi die egoitzetako langile guztiei, senitartekoei eta egoiliarrei, baita Osakidetzari eta osasun langile guztiei ere: “Beraien ezagutzarik, lankidetzarik eta laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango gaixotasun honi aurre egitea”.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!