Koronabirusa

Ezohiko egoeran, erosle berriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 8a, 12:15

Jose Angel Loidi ekoizle zizurkilarra, segurtasun neurriak hartuta, Tolosako Iurre auzoan, banaketa egiten.

Azoka zure etxera ekimenean, ordu gehiago sartzen ari dira ekoizleak, eta belaunaldi gaztea gehitu zaie. Gustura dabiltzan arren, azoka berreskuratzeko esperantza dute.

Koronabirusak sortutako osasun krisiak Euskal Herriko dozenaka herritako azokak geldiarazi edo errotik aldatu ditu. Arazoa gainditzeko, baina, egitasmo berriak aurkeztu dira herri askotan. Tolosan, esaterako, bi astez jarraian ez da azokarik izan, baina irtenbide bat aurkitu nahian ibili dira erakundeak eta ekoizleak. Oro har, jende pilaketak eta inguruko baserrietako uztaren galera ekidin nahi dira, tokiko ekonomia sustatzearekin batera.

Gauzak horrela, Tolosaldeko hainbat ekoizlek etxez etxeko elikagai banaketa abiatu dute, eurekin zuzen-zuzenean harremanetan jartzeko aukera eskainiz. Oraingoz batzuek egin dute bat egitasmoarekin, nahiz eta aurrera begira gainerakoek ere batzeko aukera izango duten. Proiektura batu direnen artean daude Jose Angel Loidi zizurkildarra eta Leire Saizar adunarra. Biek ere, saiakera eskertzen dute, «egoera latza delako».

Telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz eskariak jaso ondoren, etxeetara banatuko dituzte ekoizleek; eskariak egitean, baina, arduraz jokatzeko dei egin da. Eskaintza eta banaketa ekoizle bakoitzaren araberakoa izango da. Banaketa egiterako orduan segurtasun eta osasun neurriak beteko dituzte ekoizleek. Larunbatean, esaterako, Tolosan egin zuen banaketa Loidik, eskularruak eta maskara jantzita, eta eroslearekin distantzia errespetatuz.

Azken egunetan zenbait eskaera izan ditu, eta gaur ere, banaketa lanetan dabil. «Ikusi beharko da eraginkorra den ala ez. Hala ere, lan handia eskatzen du elektronikoki lan egiteak eta eskaintza eta prezioen zerrenda uneoro eguneratu beharrak. Niretzako berria da», azaldu du. Saizarrek, berriz, egunero egiten ditu banaketak kontsumo talde, saltoki eta belar-dendetan. Azokako produktuen salmenta, berriz, ostiralean egiten du.

Lehen baino lan gehiago egiten ari direla aitortzen dute biek. Loidiren ustez, ez du zerikusirik larunbateroko azokarekin, «salmenta kopuru horietatik oso urruti gabiltzalako. Ardura handiagoa eskaini behar diogu, eta oraingoz, itogarria izaten ari da; gainera, orain Aste Santua datorrela eta larri nabil. Neurria hartu eta itxarotea geratzen da», dio. «Kilometro gehiago egiten ditugu, eta denbora ugari galtzen dugu, leku guztietara iritsi nahi dugulako, baina askotan ezinezkoa delako», gaineratzen du Saizarrek. Hala ere, adunarrak alde positibo bat ere aurkitu du. «Polita izaten ari da etxez etxe joatea. Nire kasuan, gainera, bezero gehiago lortu ditut».

Belaunaldi berriak

Lortutako bezero berrien artean, belaunaldi berrien eskaerak jasotzen dituztela nabarmentzen dute. Baina, horiek gero jarraipena emango diote? Hori da bi ekoizleak kezkatzen dituena. «Tolosako Azokan batez besteko adina altua da. Eskaerak online egiterako garaian, berriz, gazteen presentzia nabarmenagoa da», dio zizurkildarrak. Larunbateroko azokara gerturatzeko tresna izan daitekeela uste dute. «Denei esaten diet larunbateroko martxa hartzen dugunean ere gurekin oroitzeko; orain erraza baita eskaria etxeko ateraino eramatea», aipatzen du Loidik. «Ez dadila moda bat izan. Supermerkatuak bakean utzi eta azokak indartu behar ditugu», gehitzen du Saizarrek. Bien ustez, egoera normaltasunera itzultzen denean ikusiko da jendeak benetan kontzientzia hartu duen ala ez.

Ez da urrutira joan behar azokak egiten direla ikusteko. Ordizian, Azpeitian eta Hernanin, esaterako, jarraitu zuten ospatzen, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. Martxoaren 21ean, larunbata, aurreikusita zegoen Tolosan azoka egitea. «Baiezko erantzuna eman ziguten, bezperan, 14:00etan, baina ordubete beranduago ezezkoa jaso genuen. Gure bezeroek supermerkatuetara joan behar al zuten galdetu nien, han arrisku gutxiago ote zegoelakoan. Ez da justua», dio Loidik, haserre. Bestetik, Garaiko elkartearen kidea da Saizar, eta astelehenean bilera izan zutela dio. «Luzaroan ez da azokarik izango oraingoz».

 

Erlazionatuak

Produktuak, banaketa egunak eta kontaktua

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!