Koronabirusa

«Orain denbora daukagu, inoiz izaten ez duguna»

Irati Saizar Artola 2020ko api. 6a, 11:59

Denbora izateak pentsatzera eraman du Jon Irastorza (Tolosa, 1983). Medikua den lagun baten egoerak kezkatu zuen lehenik, eta herri oso batez kezkatzera eraman du ondoren alarma egoerak. Tolosako boluntario talde eragileko antolatzaileetako bat da, eta boluntario sarea kudeatzeaz gain, beste hainbat proiektu sortzera murgildu dira azken egunotan.

Nondik sortu zitzaizun boluntario talde bat sortzeko ideia?

Hemen bizi den Sevillako lagun bat daukat, medikua dena. Lagunak badituen arren ez du familiakorik gertu, eta egunero ordu mordo bat sartu behar dituenez lanean, pentsatu nuen esku bat bota niezaiokeela laguntzeko. Hortik, beharrean egon zitekeen jende gehiago etorri zitzaidan burura, eta denentzat zerbait antolatzen hastea erabaki genuen. Lagun bati komentatu nion, eta bion artean hasi ginen guztiarekin.

Nola planteatu zenuten ideia hasiera batean?

Whatsapp bidez zabaldu genuen mezua, eta 150 izen emate edo jaso genituen. Hasiera batean, osasungintzako langileei eta hirugarren adinekoei laguntza eskaintzea genuen buruan. Baina boluntarioak gehitu ahala, geroz eta sentsibilizazio gehiago genuen, eta hor hasi ginen etxegabeez edota migratzaileez hitz egiten.

Eta gero, udalaren babesa lortu zenuten.

Hau guztia mugitzen hasi ginenean, zein arrisku egon zitezkeen ikusi genuen. Orduan, udalarekin bide bat ireki nahian hasi ginen, galdetzeko ea nork bermatuko zuen gure lana, iruditzen zitzaigulako udalak zerbait egin behar zuela. Eta udalak kostata boluntario lan horiek Gurutze Gorritik bideratu zituen. Hor, lan egiteko modua beste modu batera izan zitekeela ikusi genuen. Gure helburua dagoeneko gauza horietaz arduratzen diren elkarteei babes eta laguntza bat ematea da, beharko balute, noski.

Zein dira eragile edo elkarte horiek?

Horietako bat Gurutze Gorria da. Zerbait behar badute, guri abisatu besterik ez dute, eta guk behar duten boluntario kopurua bideratzen dugu beraien bidez. Bestetik, pertsona helduen mugikortasuna sustatzen duen elkartea da Adinkide, eta haiekin lan egiteko ere boluntario batzuk lotu dira. Guztia bideratzeko, 010 zenbakia ahalbidetu dugu; ez da soilik adinekoei bideratutako zerbitzua, herritar guztiek deitu dezakete, edozein beharretarako. Jendeak zenbaki horretara deitzea nahi dugu, horrela, arazo ezberdinak identifikatu ahal izango ditugu.

«Momentu hauetan gizakiak esperantza behar du eta edozeri eusten dio»

Guztia koordinatu eta kudeatzeko mahai bat eratu duzue laguntza sarean zaudeten kide guztien artean.

Bai, egunero ari gara bilerak egiten. Udalak diagnosi bat egin zuen hasieran, eta hiru ardatz dituen ekintza plan bat aurkeztu zigun. Ardatz bakoitza herriko eragile batek kudeatzen du, eta gure boluntarioak elkarte horiekin ari dira elkarlanean. Esaterako, zaurgarriak direnez, hau da, etxe gabeez, migratzaileez Peñascal Fundazioa arduratzen da; bestetik, adineko pertsonei babesa ematea Adinkide elkartearen esku dago, eta azkenik, Gurutze Gorrikoek kudeatzen dituzte erosketak.

Hori beraiek proposatu zuten, eta guk erantzun genien, laugarren ardatz moduan egon zitekeela beste zerbait, sortu zitezkeen beste behar batzuei erantzuteko. Adibidez, Etxean bai, geldirik ez! proiektua sortzen ari gara, 28 Kanalarekin elkarlanean. Boluntario sareko altxortzat dugu proiektu hau. Asmoa da herriko jendeak adinekoei zuzendutako kirol jarduerak grabatzea eta 28 Kanalean ematea. Izan ere, jendea aspertuta dago etxeetan, eta entretenimendurako zerbait behar du. Dagoeneko, 30 lagun prest agertu dira haien bideoak grabatzeko. Kopuru horrekin, egunero gutxienez ordubeteko programazioa eskaintzeko gai izango garela uste dugu.

Ideia faltarik ez duzue beraz.

Ez. Momentuz, udaletik aparte, gure lan sarean lau mahai paralelotan ari gara lanean. Batetik, boluntarioen talde eragilearen antolakuntzan lanean ari direnak; bestetik, Etxean bai, geldirik ez! proiektuarekin ari direnak; azokaren inguruan hausnartzeko ere beste bat sortu dugu, larunbatetako azoka plazan ikusi nahi dugulako; eta azkenik, elikadura burujabetzaren inguruan film labur bat egiten ari direnak. Azken hau, Tolosan kokatutako film bat da eta herritarren testigantzak eta bilduko ditu, eta laster izango da ikusgai.

Bueltan-bueltan, hamaika gauzatan duzue burua.

Ba bai. Lagun batek eta biok hasitako gauza bat noraino iritsi eta zabaldu den ikusteak poza ematen du. Oso talde ederra sortu dugu, oso langilea. Boluntarioek eta elkarlanak sortzen duten zerbait da. Kontua da, orain, denbora daukagula, inoiz izaten ez duguna. Ezohiko momentu batean gaude, emozionalki hunkituta gaude, zalantzak dauzkagu, beldurtuta gaude, baina, momentu hauetan gizakiak esperantza behar du eta edozeri eusten dio. Dakigun bezala, kapitalak momentu hau erabili egingo du bere kontakizuna defendatzeko, eta iruditzen zaigu guk ere erabili egin behar dugula, gure alde eta gure herriaren alde. Eraldaketarako momentu aproposa da, jendeak denbora baitu gaizki egiten ari garenaz jabetu eta hausnartzeko. Eta gainera, azaleratu egin dira sistema honek aurretik zituen arazo guztiak, besteak beste, hiri modeloa, elikadura burujabetzaren falta, zaintza eta osasun publikoaren beharra, energia edota industria menpekotasuna eta abar.

Orain sortzen ari zaretena, gelditzeko dator?

Badut esperantza talde honetatik beste zerbait sortuko dela. Momentuz, behintzat, oso polita izaten ari da.

Erlazionatuak

Laguntza sareak, elkar zaintzeko

Irati Saizar Artola 2020 api 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!