«Euskara sustatzea da gure egiteko nagusia»

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 3a, 09:23
Ane Elordi, ezkerretik hasita laugarrena, iazko udaleku ibiltarian. ATARIA

Usurbildik Arantzarako bidea egin zuen Ane Elordik iaz, beste hainbat gazterekin batera udaleku ibiltarian eta parte hartzaileen artean sortu zen giroa nabarmendu du tolosarrak, oraindik ere mantentzen duten harremana dela dio.

Penatuta dago Ane Elordi Saizar (Tolosa, 2002) aurten ezingo duelako parte hartu Uemak antolatutako udalekuetan. Osasun larrialdiagatik selektibitatea egiteko egunak aldatu dizkiete eta zaila izango du joatea.

Selektibitateko azterketak uztailaren 6, 7 eta 8an jarri dizkizuete. Ezinezkoa izango zaizu udalekuetan egotea. 

Horrela da. Iaz parte hartu genuenetako askok errepikatzeko asmoa genuen aurten, baina egoera horrela tokatu da. Ekainaren 29tik uztailaren 5era antolatu dute aurtengo udaleku ibiltaria eta ez da bideragarria udalekuetatik itzuli eta hurrengo egunean azterketak egitea. Egoera hain aldakorra da ez dakigula, ziur, selektibitateko egun horiek mantenduko ote diren.

Euskararekin lotutako ikasketak egin nahi dituzu aurrerantzean?

Oraindik ez dut erabaki, baina aukeren artean daude Filosofia, Kazetaritza eta Euskal filologia. Ikasketa horiek badute nolabaiteko harremana euskararekin.

Zeure burua euskaltzaletzat duzu?

Bai. Galtzaundiren bitartez parte hartu izan dut ekimenen batean. Behin hitzaldi bat eman genuen euskara eta kulturaren arteko harremanaz Tolosako kultur etxean. Euskaraldia, Korrika eta horrelako ekimenetan parte hartu izan dut.

Zure ingurunea erabat euskalduna da? 

Gaztelaniaz inorekin ez dut harremanik. Bai aitaren aldetik, bai amaren aldetik, familia guztia euskalduna da. Laskorain ikastolan ibiltzen naiz eta han ezagutu nituen lagunak. Haiekin harremana beti euskaraz izan da eta aisialdian ere ez dut gaztelania erabiltzen. Dantzan ibiltzen naiz eta hango lagunekin ere beti euskaraz.

«Gaztelaniarekin harreman akademikoa dut, bestela, bizitza euskaraz egiten dut»

Baina harremantxoren bat izango duzu gaztelaniarekin.

Batez ere, akademikoa. Bestela bizitza euskaraz egiten dudala esan dezaket.

Zergatik erabaki zenuen iaz Uemak antolatutako udalekuetan parte hartzea?

Interesgarria iruditu zitzaidan eskolan egitasmoa aurkeztu zigutenean. Lagunekin komentatu nuen eta izena eman genuen elkarrekin. Iaz eskualdeko lauk parte hartu genuen, nirekin batera, Villabona, Zizurkil eta Anoetako banak. Udan gauza asko daude egiteko eta denetarako denbora izaten da. Gainera, ekimen ibiltaria denez erakargarria egin zitzaidan udalekua.

Zein irakasbide atera zenuen zuk iazko esperientziatik?

Ibiltaria izan zen udalekua eta bidean herri ezberdinak ezagutu genituen. Hori bera aberasgarria izan zen. Azkeneko egunean, denak elkarrekin bildu eta hausnarketa moduko bat egin genuen eta hor euskarak bizi dituen errealitate ezberdinak ikusteko aukera izan genuen. Solasaldi horretan parte hartu zuten euskaldunak ez ziren udalerrietako gazteak, etorkinak edota diasporako kideak. Batzuk esan ziguten euren ingurunean euskaraz egiteagatik gaizki begiratzen dietela. Niretzat hori oso harrigarria izan zen.

Tolosa baino oraindik ere euskaldunagoak diren herrietako gazteak ezagutzeko aukera izan zenuen. Zer moduzko hartu emana?

Oso ona. Baziren herri txikiagoko gazteak baina ez nuen alde handirik sumatu, nik Tolosan bizitza euskaraz egiten dudalako. Esan dezaket, haiek eta nik, esperientzia berdintsuak bizi ditugula.

Zer da gehien gustatu zitzaizuna udalekuetan?

Gauza asko izan ziren. Bertso afari bat izan genuen behin, beste batean kantu afari bat. Joaten ginen herrietakoek antolatzen zituzten ekintza horietako asko eta hori oso polita zen, bertako jendearekin harremana izatea.

Harremana mantendu al duzu iaz udalekuetan parte hartu zutenekin? 

Oraindik ere elkarrekin harremana badugu, udalekuetan beti sortzen baita xarma berezi bat. Ikasturtean zehar askotan egin ditugu hitzorduak elkarrekin egoteko. Batzuekin besteekin baino harreman handiagoa izatea normala da, baina elkar ikusi izan dugu, adibidez, parrandetan. Durangoko Azokan ere elkartu ginen parte hartzaileetako batzuk.

Zertarako balio izan dizu udaleku hauetan parte hartzeak?

Balio izan dit bestelako esperientziak gertuagotik ezagutzeko. Guk Tolosan euskararekiko harremana modu batera bizi dugu baina zoritxarrez, beste leku batzuetan, ez da hain harreman normalizatua. Euskaraz aritzeagatik gaizki begiratzen zaituztela pentsatzea ere gogorra egiten zait.

«Gazteak jakin behar du inportantea dela euskal kultura kontsumitzea»

Zein eginkizun duzue udalerri euskaldunetako gazteek?

Nik uste gure egiteko nagusia euskaraz hitz egin eta euskara gure ingurunean ahal den gehiena sustatzea dela. Norbaitek gaztelaniaz hitz egiten badizu eta euskaraz erantzunda ulertu dizula baldin badakizu, eduki behar duzu kontzientzia euskaraz jarraitzeko. Jakin behar duzu horretarako eskubidea duzula. Euskaraz egitea garrantzitsua dela konturatu behar du gazteak, eta aldi berean, jakin behar du inportantea dela euskal kultura kontsumitzea.

Sumatzen dituzu Tolosan zurea bezain euskaldunak ez diren inguruneak?

Ni mugitzen naizen ingurunea euskalduna da, baina badakit beste gazte batzuk Tolosan ez dutela euskaraz egiten, gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hori barneratuta daukatelako. Hori gertatzen da eskolan ikasketak erabat euskaraz egiten dituzten gazteekin ere. Ohitura kontua dela uste dut, baina ohiturak alda daitezke.

Erlazionatuak

Gazteak eta euskara, bide berean

Irati Saizar Artola 2020 api 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!