Gazteak eta euskara, bide berean

Irati Saizar Artola 2020ko api. 3a, 09:21

Uemak antolatuta, udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako topaketak egingo dituzte ekainaren amaiera eta uztailaren hasiera bitartean, Zumaia eta Lekeitio artean. Ekimen horren helburua «udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo» bihurtzea da.

Laugarren urtez jarraian antolatu ditu Uemak udaleku irekiak. Aurten ere iazko formatua mantendu eta udaleku ibiltaria antolatu dute, Zumaiatik Lekeitioraino iritsiko da. «Oso garrantzitsua da udalerri euskaldunetako gazteak elkarrekin egotea, elkarrekin ahalduntzea, elkarrekin inertziatik kontzientziarako pauso hori ematea», dio Jokin Uranga, Uemako hezkuntza arduradunak.

Salto! izeneko topaketak ekainaren 29an izango du hasiera, Zumaian, eta uztailaren 5ean agurtuko dute, Lekeition. Bidean, Itziarren eta Ondarroan egingo dituzte geldialdiak, eta azken hiru gauak Lekeition pasako dituzte. Aurten, 50 gaztek hartuko dute parte udalekuetan

Aurtengo topaketen berrikuntzetako bat, zehazki, udalek egitaraua osatzeko ekarpenak egiteko aukera dutela izango da. Geldialdiak egingo dituzten herriekin harremanetan daudela azaldu du Urangak: «Beraien herrietara iristen garenean zer egin nahiko luketen pentsatzen ari dira, eta momentuz, itxura oso polita hartzen ari da». Iaz, esaterako, iritsi ziren herrietako gazteekin kontzertuak edota bertso bazkariak antolatu zituztela kontatu du hezkuntza arduradunak.

Udalekuen helburua udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien arteko harremanetan euskara erabiltzea den neurrian, horren inguruko lanketa bat ere egiten dute astebete horretan. Tartean-tartean tailerrak egiten dituztela azaldu du Urangak, «guztia teorizatu eta elkarrekin iritzi eta sentsazioak konpartitzeko».

'Hedatu' proiektuaren osagarria 

Herritarren kontzientziazioan eta sentsibilizazioan lan egitea izan da, azken urteotan, Uemaren ildo nagusia. Eta udaleku irekiak, udalerri euskaldunetako ikastetxeetan aurrera daramaten Hedatu izeneko hezkuntza proiektuaren osagarri dira. Duela bost urte sortu zuen Uemak euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua, eta Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoa bitarteko ikasleekin lantzen dute materiala: «HH, LH eta DBHn ikastetxearen esku jartzen dugu guk sortutako materiala eta irakasleek beraiek lantzen dituzte unitate didaktiko ezberdinak, eta Batxilergora Uemako teknikariak joaten gara».

Nondik datozen, nongoak diren, udalerri euskaldunak euskararen zabalkundean zein garrantzitsuak diren eta euskararen bilakaera azken urteetan nolakoa izan den lantzen dute ikasleek unitate didaktiko horietan. Urangaren arabera, «horixe da azkenean gure helburua, jakitea beraiek egiten dutena zein garrantzitsua den; beraiek egiten ez badute, nekez egingo du beste inork».

«Udalerri euskaldunen etorkizuna gazteak direla uste dugu, beraz, fokua beraiengan jarri nahi genuen, arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren diskurtsoaz kontzientziatu nahi genituen», dio Urangak. Era horretan, arnasguneen diskurtso hori aisialdira ateratzearen beharraz jabetu ziren, eta hortik sortu zen udaleku irekiak antolatzearen ideia. «Udalerri euskaldunetako gazteek aukera izaten dute urtean zehar ikastetxetan landu duten hori beste gazteekin elkarbanatzeko, eta neurri berean, beraiekin egoteko».

UDALEKU IREKIAK


EKAINAREN 29TIK UZTAILAREN 5ERA

Zumaiatik Lekeitiora. Tartean, Itziarren eta Ondarroan egingo dituzte geldialdiak.

Kopurua: 50 gazte.

Xehetasunak: www.uema.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!