Gaur bi aste beteko dira larrialdi egoera ezarri zenetik, eta etxean igaro beharreko denbora oraindik luzatu egingo denez, Tolosako Udala zein herriko hainbat eragile gazteei zein euskara ikasi edo indartu nahi dutenei zuzendutako edukia osatzen aritu dira herritar guztien eskura jartzeko.
eLiburutegia
Euskadiko liburutegi sareak eLiburutegia plataformara sarbidea erraztu die herritar guztiei, estatuko liburutegirik handiena haien esku jarriz. Hala, liburu digitalak mailegatuz edo Internet bidez filmak eta dokumentalak ikusteko aukera eskaintzen du. 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogoa da, ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakurtzeko eta ikusteko. Plataformara sartu nahi dutenek liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbidera idatzi dezakete sarbidea eta pasahitza eskuratzeko.
Euskarazko edukiak
UEMA-k ere euskarazko edukiekin etxean ikusteko eta irakurtzeko material ugariren zerrenda egin du. ‘Etxean goxo egoteko euskarazko baliabideen zerrenda’ gisa zabaldu ditu UEMAk doako hainbat baliabide: haurrekin egiteko eskulanak, haurrei zuzendutako filmak, marrazki bizidunak eta telesailak eta ipuinak eta abestiak. Helduentzako material ugari ere badago: filmak eta telesailak, bideo jokoak, literatura edukiak, zientzia, musika, bertsolaritza eta euskalkiak oinarri dituzten edukiak, sukaldean aritzeko errezetak edo hainbat monografiko.
Galtzaundi Euskara Taldeak #itxialdianeuskaraz egitasmoa ere jarri du martxan, euskara online praktikatu ahal izateko. Orain arte egiten zen Mintzalaguna egitasmoaren segida gisa proposatu dute, itxialdiak irauten duen bitartean hitzorduak presentzialki egin ordez online egiteko. Parte hartu nahi duenak hemen edo 688 816 700 telefono zenbakian eman dezake izena.
Kirola
Kirola egin nahi duenak ere izango du aukera. Izan ere, Tolosako Udalak eta Kirolzerek (Usabal kiroldegia kudeatzen duen enpresa) ariketa fisikoa etxean egiteko Mootiv APP-a jarri dute martxan estresa, gogo-aldartea eta sistema immunearen egoera hobetzen eta arazoak gainditzen laguntzeko. APPak etxean neurrira egindako entrenamenduak egiteko aukera ematen du, bai entrenatzaile birtual indartsuaren bidez, algoritmo konplexu baten bidez entrenamenduak diseinatzen dituena edota entrenatzaile pertsonalen bidez ere. Android eta Apple plataformetarako prestatuko APP-a da.
Gazteria
Bestetik, gazteei zuzendutako Topagunea elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu egunero. Instagrameko kontuaren bidez (@topaguneatolosa) egun horretan egingo den ekintzaren berri ematen du. Sare sozialeko ‘stories’ atalean eguneko ekintzak zein online jolasteko mahaiaren zenbakia, kodeak, bideo-tutorialak nahiz asmakizunak eskaintzen ditu. 10:30ean gomendio osasuntsuak zabaltzen dituzte; 12:30ean, galdera irekiak, asmakizunak, eta proposamenak, eta 18:00etan, arratsaldeko ekintzari hasiera ematen diote: astelehenetan online jolasa, astearteetan eskulanak, asteazkenetan challengeak, ostegunetan kirola, ostiraletan gazte topaketa zoom bidez, eta larunbatetan asteburuko plana.
Bestalde, #NikEtxeanEsperimentuak proiektua ari dira garatzen Elhuyar, eta dagoeneko apirilerako prestatu dituzten ekintzak zabaldu dituzte. Helbide honetan aurki daiteke informazio guztia eta apirileko egitaraua: Esperimentuak etxean. Hilabete guztian zehar egiteko ekintzak bildu dituzte, haurrei eta gazteei zuzenduta, zientzia alorreko kontzeptuak familian lantzeko. Proposatzen diren esperimentuak etxeko materialekin eta tresnekin egingarriak dira. Lortutako emaitzak sare sozialetan #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz zabaltzeko ere proposatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta EiTBk irakaskuntza indartzeko ‘Bitartean, etxetik ikasten’ saioa jarriko dute martxan, astelehenean. Ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango da saioaren helburua, batez ere etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Hezkuntza saio hau euskaraz eskainiko da, 9:00etatik 12:00ak arte, ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira, 30 minutuko piluletan, eta maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira. ETB3n, eitb.eus helbidean eta Hiru3ko euskarri digitaletan ikusi ahalko da.
"Bitartean, Etxetik Ikasten" programa, saio interaktibo bat bihurtzea da Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta hauen erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira.