Erlauntzaren bizirautea, kezka larria

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 28a, 12:50

Herritarren artean ez dira oso ezagunak erlauntzatik ekoitzitako produktuek osasunean dituzten onurak. Horiek, ordea, galera bihurtu daitezke, urteak direlako erleek inoiz baino ezti gutxiago sortzen dutela. Bizziz dendan jakitun dira egoeraz; oraingoz, baina, gustura daude.

Hamarkadak dira, ez direla lehen bezainbeste erle ikusten, ez dutela berdin lan egiten, barroa eta liztor asiarra etsai bilakatu zaizkienetik. Erlea ez da gai bere kabuz bizitzeko; ondorioz, erlezainek zaintzen dituzten erleek bizirauten dute soilik. Horrez gain, ugariak dira azken urteetan izandako erlauntzen lapurretak. Egoera honek kezka handia sortzen du gizartean, askorentzat oinarrizko elikagaia delako eztia, erlauntzako produktu nagusia, eta nork daki, etorkizunean ezti gehiago izango dugun edo ez. Momentuz, ez da galerarik aurreikusten, baina erlezainek geroz eta zailtasun handiagoak dituzte erlea maneiatzeko eta eztia ekoizteko.

2018an, glutenik gabeko produktu freskoez gain, erlauntzako produktuak eskaintzea erabaki zuen Tolosako Bizziz dendak. Bertako langilea da Yolanda Saizar, eta dioenez, «produktu oso espezifikoak dira, bezero motagatik, eta merkatuan bermatutako kalitatea bilatzen erraza ez delako. Guk, gainera, kalitatean egiten dugu apustu». Intolerantziaren bat detektatzen duten bezeroen inguruan galdetuta, geroz eta gehiago direla dio. «Askok, ordea, nahasmen handia dute elikadura aldaketekin. Komeni ez zaiena janez gero, sintoma larriak ez dituztenek normalean elikadura pauta arinagoak hartzen dituzte».

Bezeroez harago, herritarrak daude, eta hauek erleei buruz duten jakinduria zenbaterainokoa den ere azaldu digu Saizarrek. «Salbuespenak salbu, dakitena zera da: erlauntza batean hiru erle mota daudela, erregina bakarra dela, asiarrarekin arazoren bat badela, eta erlea, animalia bezala, gaiztoa denaren konbentzimendua dute, eman dezakeen ziztadagatik. Hala ere, askok ez dituzte beste liztor desberdinetatik bereizten. Liztorren hozkada da benetan mingarria dena».

Jakina denez, eztiaz gain, era guztietako produktuak eta elikagaiak lortu daitezke erlauntzatik. Eztia bera, propolia, erregina-jelea, polena eta argizaria dira oinarrizko produktuak. Bizzizen, gainera, horietatik abiatuta elaboratutako beste produktu asko ere badituzte: alkoholik gabeko propolia, sudurrekoa, baltsamoa, jarabeak, infusioak edo kirolerako elikagaiak. Apiterapia tratamendua ere eskaintzen dute. «Ez da oso ezaguna, baina oso eraginkorra da. Jendeak kezkaz hartzen du, ziztadari beldur handia diogulako. Gure esperientzia kontutan hartuta portzentaia oso altu batean %90ean izan da eraginkorra».

Ugaria da erleuntzako produktuen kontsumoak osasunean onura duela dakiten herritarren kopurua. Saizarren esanetan, «egokiak dira katarro, gripe edo bakterio edo birusek eragindako gaixoaldien aurrean, gure sistema immunologikoa eraginkorra izateko. Gure kasuan, bada bezero multzo bat produktu horiek kontsumitzen hasi zirenetik gaixoaldi gutxiago edo batere izan ez dutela esan digutenak».

Baina, beharrak bete eta herritarrak hornitzeko, ezinbestekoa da honen guztiaren aurreko produkzio lana. Hori dela eta, ekoizleak, ezinbesteko elementu bilakatu dira. Bizzizen, Euskal Herriko nahiz estatuko erlezainekin egiten dute lan. «Bertako produktuaren aldeko apustua egiten dugu, kalitatea bermatzeko modurik onena delako. Lore bakarreko eztiaren kasuan, ordea, eskaria handia da, eta horien ekoizpena hemen ezinezkoa da». Elkarrekin duten harremana «oso ona, zuzenekoa eta aberatsa» dela dio. «Beraiei lan karga arintzea lortu dugu, baita bezeroei horrelako produktuak ordutegi komertzial zabal batean eskaintzea ere».

BIZZIZ DENDAKO PRODUKTU ETA ZERBITZUAK


Eztia: Osasungarria, digestiorako ona, eragin antiseptiko handia duena, eta bakterioen aurkako propietateekin.

Propolia: Infekzioen aurkako antibiotiko naturala, hainbat bakterio, birus eta onddoek sortutako gaitzen aurkakoa.

Polena: Nutrizio aldetik elikagai oso aberatsa, eta organismoaren estimulagailu eta suspertzaile aparta.

Erregina-jelea: Nutrizionalki oso aberatsa, batez ere, B5 bitaminaren ekarpenagatik. Organismoaren zahartze prozesua makaltzen du, zelulen oxigenazioa aktibatuz.

Argizaria: Ukenduak egiteko ona. Operkuluko argizaria ezinbestekoa da, intsektiziden absentzia bermatzeko.

Apiterapia tratamendua: Erlearen pozoiaren aplikazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!