«Negua luzea egiten zaio erleari»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 27a, 11:21

Erlezainek asiar liztorrekin bizitzen ikasi behar izan dute, baina beraien aurkako borrokari eusten diote. Habia bat topatuz gero, oso garrantzitsua da lehenbailehen udaletxean abisua pasatzea, deuseztatzeko. Horrelako gomendioak luzatu ditu Mikel Zubeldiak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakariak.

Mikel Zubeldia tolosarra da, eta azken urteetan, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakari lanetan ere ari da. Elkartean gero eta gehiago dira, eta sartzen diren kide berrien aldetik, «beren ideia eta indarrak elkartera pixka bat bideratzea» gustatuko litzaiokeela aitortu du. Azken urteetan lan handia egitea tokatu zaie asiar liztorren aurka. 

Jada badira urte batzuk asiar liztorrak gure artean daudela. Zein da gaur egungo egoera? 

Egoera azken urteetan, gutxi gorabehera, antzeko da. Zorionez edo, gure kasuan, ez da gehiagora joan. Orain esaten duten kurba famoso hori goia jota dago, eta gain horretan mantentzen da. Eragin nahiko fuertea izaten du udazkenean, batez ere, eta hor jarraitzen dugu borrokatzen. 

Gure arten bizi dira.

Bai. Erabat. Orain nahiko ohikoa da kaletik zoazenean edo etxean zaudela ikustea. 

Lan asko dago egiteko?

Bai, argi daukagu, desagertu, ez dela desagertuko. Azkenean, gure lana beraiekin jasangarria den elkarbizitza eramatea izango da. Azken urteetan lan asko egiten ari da: tranpak, pozoiak,... beraien aurka ibiltzeko, baina, oraindik ez dago definitutako zerbait, edo eraginkorra den zerbait. Lana batez ere horretan zentratuta dago, asmatzen.

Azken urteetan behar beste neurri hartu dira? 

Hori jasaten dugunontzat gutxi da; gehiago egitea gustatuko litzaiguke. Bai ikerketan edota lanketa ezberdinetan. Administrazioa gehiago inplikatzea gustatuko litzaiguke. Gauzak egiten ari dira, baina geldirik daude. Hemendik aurrera sortuko dena, suposatzen da, gutxitzera joateko izango dela. Esperantza beti hor daukagu, baina urteak pasatzen dira eta antzeko egoeran gaude. 

Zein kalte egiten dute, zehazki, asiar liztorrek?

Batez ere, erleentzako arazoa udazkena da. Behin abuztua pasata, erlea, negurako prestatzen hasten da. Neguan ez dago, ez lorerik ez nektarrik duen landarerik, beraz, negu luzerako prestatu behar dute. Hibernatzeko esaten dena. Orduan, beraien lana aldatzen da, erlea aldatzen da eta jan mota aldatzen da, eta jan asko pilatu behar dute. Liztor erasoa dagoenean, ez dio uzten lan hori egiten, eta, beraz, erlea ez da behar bezala prestatzen negurako. Negua luzea egiten zaio, eta gu gainean ez bagaude hiltzeraino iristen da. Batez ere, liztorraren erasoaren beldurrez ez da lanera ateratzen.

Zergatik erasotzen dute erlea?

Erlean daukate beraiek bizirauteko behar duten guztia. Alde batetik proteinak, erlearen toraxaren zati bat larbei jaten emateko erabiltzen dute, eta bestalde, erleak bilduta dakarren nektarra, beraiek jateko da.

Mundu honetan erleen lana garrantzitsua dela esaten da. Zergatik?

Erleen izatearen arrazoia polinizazioa da. Bera lorez lore, nektarraren bila ibiltzen da polena jasoaz. Horrekin espezie ezberdin askoren polinizazioa egiten du. Batez ere, hori da bere funtzioa naturan. Horretarako egina dago, eta erlerik ezean, polinizazioa ez litzateke hain eraginkorra izango, eta horrek eragin zuzena du gainontzeko gizaki guztiongan.

Zertan bereizten dira asiar liztorra eta erlea?

Liztorren bizi zikloa sasoiko edo urte batekoa da. Negua bakarrik erregina batek pasatzen du, eta bera da, abuztuan, 3.000 edo 4.000 liztor izatera iristen den habiaren sortzailea. Urteko zikloa du. Erlea, berriz, erregina hiru edo lau urte bizitzera iristen da. Neguan ere erle kopuru handia dago erlauntzetan hibernatzen. Liztorrak, aldiz, bakarrak pasatzen du negua. Horrek zailtzen du bere aurkako borroka. Neguan ez dakigu non dauden, desagertu egiten dira.

Zein egoera bizi duzue erlezainek zuen lanean?

Guzti honek lan gehiago eskatzen dizu. Gainean egon behar duzu, eta gastuak ere asko igotzen dira. Erlategira bidaia gehiago, tranpak jarri eta kendu, erlei jaten eman behar zaie, gaixotasunak sortzen zaizkie...

Orain da garaia asiar liztorrei tranpak jartzeko. 

Erlategietara joateko ohitura dute, eta orain, udaberrian, tranpak jartzen ditugu erreginak harrapatzeko, eta udazkenean denetarik harrapatzeko. Foru aldundian baimena eskatzen da, eta bakoitzak dituen erle kopuruaren arabera jartzen dira tranpak. Erakargarri bat jartzen da, hau da, zerbait gozoa. Azukreduna. Eta alkohola gehitzen zaio erlea bertara ez sartzeko. Beste espezie batzuk ere sartzen direnez, tranpak jartzeko data konkretu batzuk ditugu, kalte horiek ekiditeko.

Herritar batek asiar liztorrak daudela ikusiz gero, zer egin beharko luke?

Berez ezin du norbaitek bere kabuz tranpak jartzen hasi. Habiak ikusten ez badira gauza gutxi egin daiteke. Habiak topatzea da eraginkorrena. Abaraska horiek udaberrian txikiak izaten dira, eta aurkituz gero abisua pasa behar da, eta kendu egin behar dira. Aldiz, udazkenean habia handi horiek topatzen direnean, protokoloaren arabera, bakoitzak bere herriko udaletxera jo behar du kentzeko abisua ematera.

Garrantzitsua da abisu hori pasatzea?

Bai, oso garrantzitsua, eta lehenbailehen kentzea ere bai. Hobea da, uztaila edo abuztuan aurkitutako habia deuseztatzea, iraila edo urrian aurkitutakoa baino. Iraila edo urrian, kontua da habia horietatik hurrengo urterako sortuko liratekeen erreginak aterako direla. Sortu aurretik habia deuseztatzea lortzen bada, eragina askoz ere garrantzitsuagoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!