Tolosako Udalak, eta Gizarte Zerbitzuen eta Osasunaren sailak herritarren artean sortutako ekimen solidarioaren garrantzia nabarmendu du, herriarentzat eta bertako gizartearen ongizatearentzat baliabide baliagarria izan baitaiteke. "Dena den, ezinbestekoa da ekimenaren antolaketan eta koordinazioan arreta jartzea, eta horretan ari da azken egunotan saila", esan dute udaleko iturriek.
Tolosan badira hainbat eragile eta talde, dagoeneko, herritarren zerbitzura lanean ari direnak, udaleko Gizarte Zerbitzuez eta udaltzaingoaz gain, Babes Zibileko taldea, Gurutze Gorria eta baita DYA ere. Eta kasu honetan, "egoera berezi honi aurre egiteko sortu berri den herritar-boluntario sare oparoa".
Gizarte Zerbitzuen sailak identifikatuta ditu behar bereziak dituzten pertsona eta kolektiboak. Adineko pertsonak, bazterkeria edo menpekotasun egoeran daudenak, etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutenak, jangela sozialera doazenak edota indarkeria matxista jasaten duten emakumeen kasuak.
Behar horiei erantzuteko zerbitzu eta laguntzak bideratuta daude dagoeneko profesionalen bitartez. Baina orain, sortu edota areagotu litezkeen beharrei erantzuteko zerbitzuak antolatzen eta laguntza sarea egituratzen ari da udala, eragile eta erakunde ezberdinen laguntzarekin eta Tolosan izen eman dute boluntario taldearekin harremanetan.
Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta
Gizarte Zerbitzuen eta Osasun Sailak jarraitzen du indarkeria matxista egoeren inguruko arretarekin. Azpimarratu nahi da isolamendu egoera honetan nabarmen areagotu daitezkeela indarkeria egoera horiek, eta beraz, gogorarazi nahi da egoera hori pairatzen ari diren emakumeak edota egoera horren berri duten herritarrek deitu dezaketela ondorengo telefono zenbakietara:
- Udalera 010 edo 943 65 44 66
- Udaltzaingora 943 67 58 58
- Eusko Jaurlaritzaren indarkeria matxista artatzeko zerbitzura 900 840 111
Indarkeria matxista egoera batean daudenek edo laguntza behar dutenek dei dezakete 943 69 74 60 zenbakira edota idatzi gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbidera.
Babes zibila, landa eremuan
Tolosako Babes Zibileko taldea landa eremuan dabil laguntza eta zerbitzua eskaintzen, beharrak dituzten bizilagunak artatuz. Bedaion esaterako, dauden konexio zailtasunak direla eta, tele-asistentzia bidez arreta egin ezin zaien adineko pertsonei aurrez-aurreko arreta eskaintzen ari dira.
Laguntzarik beharrean daudenentzako
Udaletik gogorarazi dute behar egoeran dauden herritarrak eta edozein motatako laguntza behar dutenak udalarekin harremanetan jar daitezkeela 010 zenbakira deituta edota Gizarte Zerbitzuetara deituta: 943 69 74 60. Posta elektronikoz nahiago izanez gero, udate@tolosa.eus edota gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbideetara idatzi daiteke.