Ugartera jaitsi behar izaten dute kobertura bila, deiak egin edota whatsapp mezuak erantzutera. "Oso haserre" agertu dira bizilagunak. Orain, "koronabirusa dela eta, etxean egon behar dugun garaian, ez daukagu ezer", diote. Seme-alabek ezin dituztela etxetik ikasketak jarraitu ere salatu dute.
Telelana ahoz aho dabilen honetan, ezin dute etxetik lanik egin: "Euskal Herri osoan ez daude azpiegiturak prestatuta. Ezinezkoa zaigu etxetik lana egitea, beraz, ez daitezela etxetik lan egitea bultzatzen saiatu. Jarri ditzatela baldintzak behar bezala herritar guztiontzat".
Ez zaie berria egoera. Urteak daramatzate zuntz optikoa sartzeko eskatzen. Tolosako auzo bakarra da egoera horretan, "negarra egiteko gogoa" sartzen zaiela diote.
Era berean, adinekoak bizi diren etxeak badira, eta edozein larrialdiren aurrean, telefonorik ere ez dute. Edo ezin dira beraiekin harremanetan jarri. "Tele asistentziako aparatua dute batzuek, eta haiekin ere ezin dira harremanetan jarri".
"Kobrezko kablea izorratuta omen dago, eta zati batzuk baino ez dituzte konpontzen. Eta langileek beraiek esaten dizute, zuri konpondu dizut, baina auzokoa gabe utzi dut", kontatzen dute Bedaioko auzotarrek. Antza, ez dute osotasunean konpontzeko intentziorik.
Tolosako zentralitatik ADSL bidez iristen zaie internet zerbitzua, eta Bedaiora "0,8 edo 0,5 megabite iristen dira. Ez da ezer. Tarteka lortzen duzu zerbait jaso edo bidaltzea, baina orain hori izateagatik bakarrik ez dakit zer egingo genukeen".