Lehen seihilekoa Frantzian burutu ondoren, otsaila erdialdeaz geroztik, Mikrouhinetako Elektronika eta Optika Berritzaileak Erasmus Mundus Masterra burutzen ari da Lonbardia eskualdeko Brescia hirian (Italia), Unai Arregi Leon (Tolosa, 1996). Milanen, Bresciatik oso gertu, atzeman ziren Covid-19 birusarekin Italian kutsatutako lehen herritarrak, eta herrialdea alarmaegoeran aurkitzen da orain. Egun, Europa mailan, pandemia honen epizentroa da Italia.
Master bat burutzera joan, eta etxetik atera ezinik zaude.
Unibertsitatean ari nintzen ikasten, baina otsailaren 24an, klaseak bertan behera uzteko erabakia hartu zen. Kasu gutxi ziren hasieran, 40 inguru, eta astebeteko geldialdia izango zela adierazi zuten. Hala ere, egoeraren bilakaeraz jabetu, eta geroz eta kasu gehiago zeudela ikustean, klaseak atzeratzea erabaki zuten. Berez, klase presentzialetara itzultzekoak gara apirilaren 6an.
Online bidez ari zara ikasketei jarraipena ematen, ezta?
Bai. Berria izaten ari da niretzat. Nire burua antolatu beharra izan nuen hasieran, oso garrantzitsua baita norberak bere errutina propioa zehaztea. Funtzionamendua egokia izaten ari da; eskura dugu irakasgaien material osoa, irakasleek bideoak grabatzen dituzte uretzako, eta egitekoak ere bidaltzen dizkigute. Zorionez, asko ari naiz ikasten, eta horrez gain, ntretenitzeko tartea ere hartzen dut. Egoera desberdina da, baina akademikoki ez
du inolako galerarik suposatzen.
Ba al duzu kontakturik bertako ikaskide eta lagunekin?
Nahiko isolatuta gaude. Ikasle pisu batean bizi naiz, beste bost lagunekin; kataluniar bat eta lau italiar. Une honetan, ordea, bi soilik gaude etxean. Kataluniarrak nahiz italiarretatik hiruk euren jaioterrietara itzultzea erabaki dute. Nirekin bizi den italiarrak banketxean egiten du lan, eta pasa den asteaz geroztik, ez da itzuli. Unibertsitateko ikaskideekin eta irakasleekin, aldiz, bilera birtualak egiten ari gara, tarteka. Ikasle pisuetan elkartzen
hasi ziren batzuk, baina hori ere ez egitea gomendatu zuten.
Apirilaren 6ra arte egongo zarete egoera honetan?
Hala izatea espero dugu. Ikusteko dago, baina, noiz itzuliko garen normaltasun egoerara. Orain gobernuaren neurriei jaramon egitea eta gomendioak betetzea besterik ez zaigu geratzen. Gero ikusiko da noiz hasten diren emaitzak hobetzen. Nabari da ezohiko egoera batean gaudela. Bresciako ospitalea, gainera, Italiako garrantzitsuenetakoa da, eta leku falta dutela diote. Gu bertatik oso gertu bizi gara, eta egunero, etengabe entzuten ditugu anbulantzien sirena hotsak.
Egun, koronabirusaren Europako epizentroa da Italia.
Pasa den astelehenean, dekretu bat argitaratu zuen Italiako Gobernuak. Bertan, gune gorri bezala markatzen zuen Lonbardiako eskualdea. Pare bat egun beranduago, ordea, egoera askoz ere larriagoa zela ikusi zuten. Helburua argia zen: Covid-19 birusaren hedapena iparraldean geratzea, gainerako eskualdeetara ez zabaltzea. Hori, ordea, ezinezkoa izan zen, eta azkenean, herrialde guztia kontsideratu behar izan zuten gune gorria.
Eta nola dago uneotan Italia?
Isilik dago, komertzio guztiak bi astez ixteko agindua eman zuten pasa den astean, eta ez dabil ia inor kalean. Hasieran, baina, normaltasunez bizi ginen; pentsa, gehiago kezkatzen ginen gure senideengatik. Izan ere, Espainiako hedabideek kaleratzen zuten informazioa ez zen batere erreala, oso alarmista zen. Duela bi astetatik, ordea, bestelakoa da egoera, kalera ateratzeko debekua jaso genuelako. Soilik urgentziazko egoeran atera gaitezke, bestela isun larriak jaso ditzakegu. Ni supermerkatura joateko bakarrik ateratzen naiz, eta lehengo astean atera nintzen azken aldiz. Erosketak egitera joaten diren herritar eskas batzuk besterik ez ditut gurutzatzen.
Tolosan dituzun familiko senideek nola bizi dute egoera?
Aurreko bi asteetan oso lasai geunden hemen, ez genuen inolako larrialdirik, baina egunero
jasotzen genituen senideen deiak. Zuten kezka oso handia zenez, telebista itzali eta albisteak ez entzuteko esaten nien senitartekoei. Ni Tolosara itzultzea nahi zuten, batez ere, elkarrengandik gertu egoteko, eta niri ere burutik pasa zitzaidan aukera hori. Hala ere, azken erabakia nirea zela eta guztiz errespetatuko zutela esan zidaten. Irakasleekin ere hitz egin nuen, eta arazori ez zegoela esan zidaten. Guztien hobe beharrez, eta adituek zentzuz jokatzea eta ahalik eta gutxien mugitzea eskatu zutenez, geratzea erabak nuen. Ez zen erabaki erraza izan, baina argi nuen erantzukizunez jokatu behar nuela. Epe luzera begira, erabaki onena dela iruditzen zait. Horrelako egoera bat suertatu bada ere, esperientzia berri bat bizitzeko eta horrek dakarren guztiari aurre egiteko etorri nintzen, eta ez bi asteren buruan etxera itzultzeko. Gerora, gainera, kontatzeko moduko anekdota bat izango dut.
Alarma egoeran, gainera, bidaiatzeko debekua ere ezarri zuen gobernuak.
Gomendio modura ezarritako neurria izan zen hasieran. Pasa den astean, hemen nituen Madrilgo, Almeriako nahiz Zaragozako lagunek, ez zuten arazorik izan etxera itzultzeko. Orain, ordea, ez dute herrialdean sartzen uzten, ezta bertatik ateratzen ere, eta probintzien arteko bidaiak ere debekatzen hasi dira.
Oro har, zer moduz ari dira portatzen italiarrak?
Alarma egoera ezarri baino lehen, nahiz eta gobernuak ez bidaiatzea gomendatu, mugimendu handia izan zen, batez ere hemendik atera nahi zuen jende asko zegoelako. Kaos egoera batean sartu zen Lonbardia, eta gerora, baita herrialde osoa ere. Egun batetik bestera, ordea, sekulako aldea nabari da. Orain oso ondo ari dira portatzen, gobernuaren agindu guztiak betetzen eta gomendioak jarraitzen. Esaterako, supermerkatuetako apalak ez dira hutsik geratzen, gutxik egiten dituztelako erosketak kantitate handietan. Ikasle asko ere online bidezko alternatibak proposatzen ari dira, hala nola, italiera ikastea, yoga egitea edota sukaldean trebatzea.