Hilabeteak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak banda zabal ultrazkarra programa aurkeztu zuela eta, martxoa amaieran, Asteasun ere eman zuten ezagutzera. Asteasuko baserria lehenengotarikoa izan da zerbitzua jasotzen. Foru aldundiaren asmoa Gipuzkoako 49 herri txikitako 2.040 baserritan gauza bera egitea da. Horretarako abiarazi zuten, duela lau urte, LandaGipuzkoa+ programa. 2.500 biztanletik behera dituzten herrietan azpiegitura berriak garatzea, eten digitala txikitzea, jardun ekonomiko berriak bultzatzea eta gizarte zerbitzuak hobetzea dute helburu. Bada, Tolosako Bedaio auzoa programatik kanpo dago.
Bedaioko auzotarrek, dagoeneko, eskaera egina dute Gipuzkoako Foru Aldundian, programa horren barruan sartzeko eskatuz. «Gaur egun Bedaiok bizirauteko duen zailtasunari aurre egin nahi diogu auzokideok, eta gure beharrak ez daitezela Tolosa bezalako hiri handi baten barruan bakarrik gelditu», eskatu dute.
Gaur egun, wimax sistema bidezko Internet konexioa dute Bedaion. Ia 100 biztanle ditu auzoak, eta horietatik 44k, 40 urte baino gutxiago dituzte.
«Bedaiotarrok ez dugu ulertzen zergatik, administrazioak, gastuak murriztu behar direnean, ez duen inongo arazorik topatzen Bedaio bere udalerri Tolosatik kanpo uzteko», argitu dute. Bedaioko haurren eskolaratzea ez da Tolosara bideratzen, eta osasun zerbitzua ere Alegiara bideratuta dute.
Aldiz, «landa lurretarako dirulaguntza eta proiektuak bideratzeko garaian, Bedaio, 18.000 biztanle dituen Tolosa hiri industrial baten barruan sartzen dute», salatu dute. «Administrazioak landa herri txiki bat bezala kontsideratu izan du Bedaio, baliabideak aurrezte aldera, eta ez ditu bere udalerrira, hau da, Tolosara, bideratu», diote.
«Bedaio auzoak, landa herriek bezalaxe, eguneroko bizimoduarekin jarraitu, eta aurrera egiteko duten arazoekin egiten du topo», azaldu dute, eta gaineratu dute: «Areago, 18.000 biztanleko herri handi batean irentsita dago. Bedaioren arazoak ezkutuan gelditzen dira; udalerritik kanpo, eta baita administraritzako hainbat erakunderen aurrean ere».
Bedaioren kasuan, auzotarrek azaldu dute, ez daukatela «inoren babesik», eta «administrazioaren ahanzturan» gelditzen direla.
Bukatzeko, aldarrikatu dute, arazoak arazo, Bedaio duintasunez bizirik jarraitu nahi duen auzo bat dela.