SAPERE AUDE

Atzera goaz aurrera ez bagoaz. Emakumearen papera zientzian

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2020ko mar. 14a, 19:57

Irakurle maitea, ba al zenekien pasa den otsailaren 11-n Emakumearen eguna Zientzian ospatu zela? Oraindik guztiz beharrezkoa den eguna

Alde batetik, datozen belaunaldietako nesken artean zientziaren grina pizteko. Bestetik, gaur egun oraindik emakume izanagatik bakarrik zientzia-munduan jasaten den diskriminazioa salatzeko. Eta azkenik, historian zehar zientzian lan egin duten emakume guztien lana errebindikatzeko. Izan ere, orain arte emakumearen historia zientzian lan ikusezinaren eta aitorpen ezaren kronika besterik ez da izan. Hau dela eta, gaurkoan emakumeak zientzian izan duen historian zehar bidaia zirraragarri batera gonbidatzen zaituztet. Oraindik egiteko asko badago ere, gaur egungo lekura aurreko milaka emakumeren borrokari esker iritsi garelako. Nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugulako.

Emakumearen historia zientzian zibilizazioen sorrera bezain zaharra da, lehen emakume zientzialarien erregistroak Antzinako Egipto eta Grezian aurkitu baitira. Hauen artean, beharbada Alexandriako Hipatia ezagutuko duzue, lehen emakume matematikari modura ezaguna dena. Aritmetika, geometria eta astronomian egindako ekarpenez gain, garaiko emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik ere ezaguna da, gaur egun emakume zientzialarien borrokaren ikono bihurtzeraino.

Egipton eta Grezian emakume zientzialarien lana nahiko ondo ikusia bazegoen ere, Erdi Aroan gauzek errotik egin zuten okerrera. Eliza kristauak martxan jarritako sorgin ehizaren haritik, Europa osoan medikuntza edo alkimian jarduten zuten emakumeak sorgintzat hartu ziren, hauetako asko beraien lanagatik jazarriak eta exekutatuak izan zirelarik. Garai honetan sortu ziren lehen unibertsitateak, baina ez zuten emakumerik onartzen. Hau dela eta, XVI-XVII. mendeetan emandako zientzia-iraultzan parte hartu zuten emakume gehienek beren senarren eskutik edo klase pribilegiatukoak izateari esker lortu zuten zientzia-elkarteetan onartuak izatea, emakumeen gaitasun akademikoak gutxiesten zituen gizarte bati aurre eginez.

Ilustrazioaren eskutik, emakumeek lehen aldiz unibertsitatera joateko aukera izan zuten, emakume zientzialari gehiagoren agerpena sustatuz. Hala ere, lan-munduan gutxietsiak izaten jarraitzen zuten, askoren ekarpenak senarraren edo familiartekoen itzalean geldituz. Gainera, emakume hauetako askoren papera irakaskuntzara mugatzen zuten, ikerketak burutzeko generoagatik bakarrik ikaragarrizko trabak jartzen baitzitzaizkien. Esaterako, Ada Lovelace matematikariak, gaur egungo programazio informatikoaren ama denak, bere teoriak ezagutarazteko gizonezko lankide baten beharra izan zuen.

XX. mendearen etorrerarekin, zenbait emakume zientzialariren lana aintzat hartua eta saritua izaten hasi zen. Esaterako, Marie Curie-k erradioaktibitatearen inguruan egindako ikerketei esker Fisika eta Kimikako Nobel sariak jaso zituen mende hasieran. Hala ere, beste emakume askok beraien lanaren fruituak gizonen eskuetan gelditzen zirela ikusten jarraitu zuten oraindik ere… Edo, ba al zenekiten Rosalind Franklin-en lana ezinbestekoa izan zela DNA molekularen katea bikoitza aurkitzeko? Bada, Nobel saria Watson eta Crick-ek bakarrik jaso zuten…

Genero-diskriminazioaren aurka borrokatu zuten emakume guzti hauei esker, gaur egungo emakume zientzialariok aurrekoek baino aukera gehiago ditugu. Hala ere, zaila da oraindik zientzia-munduan ardura handieneko postuetan emakumeak aurkitzea. Zalantzarik gabe, asko dago oraindik egiteko. Beraz, har ditzagun gure aurretik izandako emakume zientzialariok eredu modura, zientzian dagokigun etorkizunagatik borrokatzen jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!