Amaitu dira inauteriak. Aurtengo jaiek ere eman dute eman beharrekoa. Batzuentzat, Asteartita eguna amaitzearekin batera hasi zen datorren urtekoen atzera kontaketa. Izan zen, ordea, festa Piñata Igandera bitarte luzatu zuenik ere. Kontuak kontu, balantzea egitea egokitzen da, eta Tolosako Udalak aurreko astean argitaratu zuen Inauterien inguruko balantzea. «Sei egunez etengabeko festan ibili ondoren, 2020ko inauterien lehen balorazio positiboa egiten dugu, zantzu orokorretan».
Beste urte batez, «eguraldi onak jendetza erakarri» duela, eta «tolosarren irudimenak, umoreak eta lanak kaleak bete» dituztela diote, eta ez dela «gertakari larririk» jazo. «Horregatik, tolosar guztiei egindako lana eskertzen diegu, eta egunez egun, jarritako ilusioa eta inauteriaren parte izateko egindako ahalegina azpimarratzen dugu. Horrez gain, inauteriak era egokian garatzeko, lanean ibili diren guztiei eskerrik beroena eman nahi diegu», azaldu dute udaletik.
HONDAKIN BILKETA BEREZIA
Aurreko urteetan egin bezala, hondakin bilketa berezia izan da inauterietan, eta edukiontzi gehiago ezarri dira. 242 metro kubiko hondakin jaso da inauterietan, eta 759.600 litro ur eta 700 litro desinfektatzaile usaindun erabili dira kaleak garbitzeko. «Eguraldi onak erakarrita, jendetza ibili zen Zaldunitan eta Astelenitan, eta orduan bildu zen hondakin gehien».
LAPURRETA GUTXIAGO
Momentuz eskuratutako datuak kontuan hartuta, eta iazko datuekin alderatuz, aurten gora-behera gutxiago izan dira. Osasun arloan, larrialdi zerbitzuek 58 asistentzia egin dituzte, horietatik sei, alkohol intoxikazioagatik (iaz, 15 izan ziren); hamar anbulantzian eraman zituzten ospitalera, eta gainerakoak, berriz, ebakiengatik eta kolpeengatik artatu zituzten.
Datuen arabera, lapurreta kopuruak ere behera egin du aurten. 50 salaketa jarri dira sakelakoen lapurretagatik, eta beste 40, diru-zorroen lapurretagatik. «Hala ere, galera horietako asko ez dira lapurretak izan, dagoeneko 50 diru-zorrotik gora eta 15 mugikor jasota dituelako Udaltzaingoak». Era berean, bai Ertzaintzak, baita Udaltzaingoak ere, hainbat pertsona identifikatu zituen lapurretengatik eta borroketan parte hartzeagatik. «Aurten atxilotu bakarra egon da; iaz, lau; eta lokaletan egindako kalte materialei buruzko salaketa bakarra jaso da aurten».
TRENAK INDARRA HARTU DU
«Aurten ere, asko izan dira Tolosara garraio publikoa erabiliz gerturatu direnak. Hain justu, trena eta autobusa izan dira inauterietako garraio erabilienak». Renfek emandako datuen arabera, inoiz baino pertsona gehiagok aukeratu du trenez mugitzea. «Azken 10 urteetako datuak kontuan izanda, aurten ibili da jende gehien trenez, batez ere, Zaldunitan eta Astelenitan. Azken horretan, gainera, gaueko tren zerbitzua ia kolapsatu egin zen, eta datorren urtera begira zerbitzua indartzeko asmoa agertu dute».
Oraindik ere datu zehatzen zain dago udala. Hori dela eta, astean zehar egingo du aurtengo neurrien inguruko balantzea. Herritarrekin egingo duen bilera irekia, berriz, bihar izango da, 19:00etan, pleno aretoan.