'Ero-Kudeiro' karrozarentzat sari nagusia

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 28a, 20:00

Gaur iluntzean banatu dituzte 2020ko Karrozen eta Konpartsen lehiaketako sariak; guztira, 85 karroza eta konpartsek hartu dute parte lehiaketan.

Inauterietako ajea kendu ezinik zuen horrek tarte berezia izan du, gaur, Topic zentroko aretoan, berriro ere festa egunak oroitzeko. Karrozen eta Konpartsen lehiaketako sari banaketa egin dute, eta ekitaldiari hasiera emateko Pablo Dendaluzek inauterietan zehar grabatutako bideo bat ikusi ahal izan da, giroaz ez ahazteko.

Aurten, 85 karroza eta konpartsa aurkeztu dira lehiaketara, eta honakoek jaso dituzte sariak:

    • Karrozen sari nagusia: Ero-Kudeiro

    • A taldeko (20 lagun baino gehiago) konpartsen lehen saria: Gure Zirkoa

    • B taldeko (11 eta 20 lagun bitartean) konpartsen lehen saria: Minions

    • C taldeko (1 eta 10 lagun bitartean) konpartsen lehen saria: Indar armatuen eguna

    • C taldeko (1 eta 10 lagun bitartean) konpartsen aipamen berezia: Erregin hinduak Tolosan

    • Karroza/konpartsa berdinzaleenaren saria: Sufragistak

Txapela bana jaso dute saridun guztiek, eta karroza berdinzaleenari banderola berdinzalea eman dio, iaz kategoria berean saritua izan zen Akelarre taldeak. Banderola hori, urtez urte eramango du karroza berdinzaleenak eta eskuz esku igaroko da. "Eremu publikoan eta, zehatzago, jai eremuan emakumeen parte hartzea eta protagonismoa bultzatzeagatik, berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko mezuak zabaltzeagatik eta aldarrikapen esplizitua egiteagatik" saritu dute Sufragistak taldea.

Epaimahaia zazpi kidek osatu dute: Tolosako Udalaren bi ordezkarik (Jaiak eta Berdintasun sailetakoak) eta inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako ohiko parte hartzaileetako bost ordezkarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!