Hurrengo urtera arte

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2020ko ots. 28a, 19:57

Zaila da oporretatik lanera itzultzea; Gabonak amaitzean ikastolara bueltatu beharraren ondorioz, etxeko txikiak jostailuengandik urruntzea; Aste Santua eta gero berriro ere ikasten hastea; eta udako bi hilabeteen ondoren, berriro ere, goizeko zazpietan esnatzea. 

Baina egia esan, ahalegin hori ezin da alderatu gaur goizeko zazpietan, iratzargailuak jotzean, ohetik altxatzeko egin behar izan dudanarekin. Ez dagoelako Inauteriek utzitako ajearen parekorik.

Ostirala da gaur, asteazkenean jada ez zegoen ez festarik ez eta mozorrorik ere. Baina gelako aulkiaren gainean jarraitzen dute jantziek, festak luzatzeko ahaleginean. Erromeriak, gaupasak, txistorrak, saltoak eta gertatutako guztiak luzatzeko ahaleginean. Hauek utzitako zapore gozoaz gozatzen jarraitzeko saiakeran.

Eta irakasleek badakite, guk geuk dakigun bezala, ez garela guztiz itzuli, betiko martxa hurrengo astean bueltatuko dela. Astebete bakarrik izanagatik, tolosarrok barruan daramagun festa delako; txupinazoa urte guztian zehar itxaroten dugulako; dianaren «jeiki jeiki» ahal dugun altuen kantatzen dugulako; ordu txikitan txaranga edo tabernak direla medio festa amaiezina delako. Horrela, bukatzen denean, denbora behar da zurrunbilotik atera eta esnatzeko.

Esan bezala ostirala da gaur, bi egun igaro dira eta asteburua daukagu utzitako hutsunea gainditzeko, mozorroak tolestu eta gordetzeko. Arratsalderako utzi dut lana, seguruenik larunbatean egingo dut. Eta igandean, Piñata igandean, txarangak berriro ere entzutean, orduan bai, agurtuko ditut Inauteriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!