Txarangen seriea

Nekaezinak, festa bera bezala

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 25a, 10:00

Incansables txaranga izango da, inauteriei hasiera emateaz gain, festa agurtzeko ardura izango duena. Aurretik, ordea, Asteartita luzea dago, inauterietan txarangez gozaten jarraitzeko.

Gaixoa ni, eta gaixoak gu. Ordu gutxi barru amaituko dira Inauteriak. Akabo sei eguneko mozorro, irudimen, umore, alaitasun, elkartasun eta soinu festa. Beno, agian soinu askorik ezin izan dugu entzun, dezibelioen arauak eta protestak medio, inoiz baino emanaldi gutxiago ikusi ditugulako karrozen partetik. Ez, ordea, txarangen partetik, eta gaitzerdi! Izan ere, inauterietan ez dago mugarik hauentzat, eta ez luke beharko.

Gaurkoa, Asteartita, inauterietako azken eguna da, baina ez da txarangen azken eguna izango. Egun gutxi barru, Piñata igandea ospatuko da, eta egun horretan ere, bi txarangek hartuko dute parte. Poca Tripa txaranga Iurreamendi Egoitzara joango da 11:00etan. Arratsaldean, berriz, zezen festa izango da zezen plazan, Kalean txarangak alaitutrik. 16:30ean hasiko bada ere, lehenagoko igoeran eta ondorengo jaitsieran ere joko du Kaleanek.

Baina, ez gaitezen horren bizkor joan. Jada badira urte batzuk, Gure Txokoa elkarteak ez duela festen amaiera iragartzen zuen Sardinaren Hileta antolatzen. Egun, festari ez zaio amaiera ofizialik ematen, baina zein ekitaldi izaten da Asteartita eguneko azkena? Bada, bai. Txaranga baten kalejirarekin amaitzen dira inauteriak. Nola bestela!

MUSIKA, GOIZ-GOIZETIK

Amaitu, bai; baina eta, hasi? Txistulariek emango die hasiera egunari, Alboradarekin. 06:00etan hasi eta ordubete baino gehiago ariko dira. Ondoren, txarangak aterako dira, bakoitza bere elkartetik. Zaila da kopurua jakiten, baina dozena bat txaranga inguruk egiten dute zezen plazarainoko bidea. Bai txistulariek, baita txarangek ere, helburu bera izaten dute: oraindik esna jarraitzen duten inauterizaleak alaitzen segi, eta Pattar Zezenera joateko intentzioz zeuden herritarren iratzargailua izan.

Guztira, bederatzi izango dira, Asteartita egunean parte hartuko duten txarangak: Kabila, Txapel Haundi, Urdina Txiki, Veleta, Arco Iris, Sukalde, Kabi Alai eta San Esteban elkarteetakoak, eta gauez aterako den Incansables Zaharrak txaranga. Azken hauentzat, egun ederra izango da, Inauteriei hasiera eman zietenez, orain amaiera emateko aukera ere izango dutelako. 23:30ean hasiko dira festetako azken ekitaldia izango denarekin.

Pattar zezena ez da azken zezen festa izaten, baina bertan sortzen den atmosfera oso berezia da. Denetariko ikusleak izaten dira; plazako hondarretara, berriz, ausartenak eta non dauden ere ez dakitenak sartzen dira; eta azkenik, txarangak izaten dira. Horrenbeste daudenez, gerta liteke uneren batean hiru batera jotzen aritzea ere. Ikaragarria da plaza barruan egoten den burrunba. Eta behin bertakoa amaituta, elkarteraino joan, eta beste otordu bat egiten dute, beharrezkoa izaten delako egun osoan jotzen jarraitzeko indarrak hartzea.

LAU, BAINA ELKARREKIN

Duela urte batzuk, Asteartita egunean, oso eguraldi txarra egin zuen, eta euria ari zuenez, zenbait txarangek Zerkausira joatea erabaki zuten. Bertan elkartu zirenean, inauterietako abestiak elkarrekin jotzea erabaki zuten. Asko gustatu zitzaien ideia, eta beraz, orain zenbait txarangek hori egiten dute. Hasiera batean, lau txaranga izaten ziren, eta urteren batean, bost izatera ere heldu dira. Aurrerago, eta arrakasta ikusirik, Gure Kaiola eta Berazubi txarangak, Lopez Mendizabal plazan elkartzea erabaki zuten, Astelenita eguneko eguerdian, elkarrekin kantu batzuk jo, txarangen artean laguntasuna sustatu, eta plazan giro berezi bat sortzeko helburuarekin.

Asteartita eguneko bilkurari dagokionez, Plaza Berrian egingo dute aurtengoa, 12:00etan, San Esteban, Sukalde, Arco Iris eta Txapel Haundi txarangek; kalera ateratzen diren zortzi txarangetatik, laurek, hau da, erdiak. Lehenago, ordea, Kabila txaranga ariko da bertan, sokamuturrari musika jarriz. Euria eginez gero, Berdura Plazan izango da bilkura, eta behin hori amaituta, laurek elkarrekin egingo dute Gaztelako Aterainoko kalejira. Hain justu, Berdura Plazan hasi ziren lehen bilkurak egiten, baina txikia geratzen zela ikusita, Plaza Berrian egitera igaro ziren.

HELDUKO DIRA BESTEAK

Asteartita arratsaldean ere izango da txarangak entzuteko aukera. Izan ere, 16:00ak aldera, Plaza Zaharretik hasita, Zezen Plazarainoko igoera egingo dute, Txapel Haundi, Sukalde eta San Esteban txarangek. Azken igoera. Plazan bertan, ikuskizuna alaitzen izango dira. Azken ikuskizuna. Gainera, kontuan izan behar da, ohiturak agintzen duen moduan, gaur joko duten azken abestia San Juan Zortzikoa izango dela, inauterien amaiera datorrela eta datozen San Juan festetarako egun gutxiago falta direla iragarriz. Behin kantu hori entzunda, berehala hasiko da Alde Zaharrerainoko jaitsiera. Hau ere azken jaitsiera izango da, eta ondoren, dantzaldia egingo dute hiru txarangek, Berdura Plazan, 19:00etan hasita. Azken dantzaldia.

Azken, azken eta azken. Bada, nik ere agurtu behar zaituztet. Hau izan duzue inauteri hauetan, txarangen inguruan idatzitako azken erreportajea. Espero dut guztiak irakurtzeak, inauterietako txarangen inguruan gehiago jakiteko balio izan dizuetela, edota behintzat, txarangen lana zein izaten den ikasteko. Tolosako inauterietan txarangak nahi baditugu, hauek zaindu, errespetatu eta txalotu behar ditugu. Egiten duten lanak, hobea edo eskasagoa delarik ere, erantzun on bat izan dezala, jaso ditzatela entzuleen eskerrak eta zorionak. Etorriko dira txarangen belaunaldi berriak, eta orduan ere, orain direnez oroituko gara.

Bitartean, jarraitu inauteri doinuez gozatzen, helduko direlako besteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!