Txarangen seriea

Txinparta dariela begietatik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 24a, 10:00

1930ean sortu zen Tolosako Txinparta elkartea; bi urte lehenago, berriz, bertakoa den Polvo y Paja txaranga. Kalera irtengo dira gaur, Astelenita egunez, inauterietan egingo duten agerraldi bakarrean.

Mozorroen egun handienak atzo hasi ziren moduan, Diana amaitzearekin batera ekin zieten txarangek, ia etenik gabeko hiru egunetako maratoiari. Atzo, ia dozena bat txaranga ibili ziren, une eta leku desberdinetan, inauterietako doinuak jotzen. Gaur ere antzeko zerbait gertatuko da. Tolosano, Gure Kaiola, Veleta, Arco Iris, Ero Etxe, Terete, Berazubi eta Poca Tripa elkarteetako txarangen txanda izango da. Horiez gain, Txinparta elkartea egoitza modura duen Polvo y Paja txaranga ere aterako da kalera. Gauean, berriz, Bonberenea eta Incansables txarangek emango die bizia Alde Zaharrari.

Goizean, sokamuturra egingo dute Plaza Berrian, eta bertan izango da Polvo y Paja txaranga. Ero Etxe, Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangak, berriz, arratsaldeko zezen festara joango dira. Azken hirurek, Berdura Plazan egingo duten dantzaldiarekin emango diote amaiera egunari. Jakina da, gainera, Ero Etxe txarangakoek Zezen Plazan jartzen duten giroa, konfeti festa eta guzti.

ITXITA BAI, ISILIK EZ

Inauteriak, baina, ez dira unerik gozoenean heldu Txinparta elkarteko kideentzat. 1930. urtean sortua, aurten urtemuga berezia ospatzen ari dira, laurogeita hamargarrena. Festak hasi baino astebete lehenago, ordea, berri triste bat jaso zuten: udalak, epe baterako elkartea ixteko agindua eman zuen, hainbat salaketa tarteko.

Elkarteko kideek, horren aurrean, erantzutea erabaki zuten, protesta modura. Bertso batzuk idatzi eta elkartearen atarian jarri zituzten, herritarrek irakur ditzaten. «Suak ekarri baditu; aurrerakuntza gehienak / suari zor bazaizkio; giza urrats nabarmenak / suari esker hobeto; bizi bagara gu denak / sua txinpartak sortzen du; badaki bai gure senak / gogoan izan ditzagun; Txinparta sortu zutenak», dio lehenengo bertsoak. Bigarrenean, elkarteak herriari egindako ekarpena nabarmentzen dute: «Hemen zer ez zen pasako; laurogeita hamar urtean / Polvo y Paja txaranga; sartu zen bete-betean / dantzaldi, kontzertu edo; hitzaldiak ematean / edo kantuan hastean; bapo jan ta edatean / zenbat poz, zenbat sekretu; lau horma hauen artean / Tolosa zati bat dago; gure Txinparta elkartean». Azken bertsoan, udalarentzako mezu garbi bat dute: «Noiz hasi zen badakigu; ez bait gara horren kirten / baina hau noiz bukatzen den; ez da erraza jakiten / saiatu behar genuke; moldatu eta irauten / amets gutxik izaten du; honek adina iraupen / aspaldian hasi zena; ez dadila kolpez eten / hil kanpaiek zaratarik; batere sor ez dezaten».

HAUTSETIK ETA LASTOTIK

Astelenita eguna, gainera, oso berezia izaten da Txinpartako kideentzat. Izan ere, gaur kalera aterako da, lehen aipatutako eta bertakoa den Polvo y Paja txaranga. 1928an sortu zuten; hain justu, elkartea sortu baino bi urte lehenago. «Inguruan zegoen sagardotegi batean ibiltzen zen kuadrilla bat izan zela esaten da, nahiz eta jatorria zehatz mehatz zein den oso ondo ez jakin», dio Joxean Arostegi elkarteko kideak eta txarangako zuzendariak.

Izenari buruz galdetuta, berriz, erdarazko Polvo eta Paja (Hautsa eta Lastoa) hitzei keinu bat eginez sortu zutela dio. «Hasiera hartan, ez zuten diru kantitate handirik izaten, eta etxean hautsak kentzeko erabiltzen zituzten soingainekoak edo gabardinak jantzita ateratzen ziren kalera. Hori izaten zen beraien mozorroa. Horrez gain, lastozko txapela bat ere janzten zuten. Hala ere, oraindik badira hitz horiei beste esanahiren bat bilatzen dioten tolosarrak, baina argi utzi nahi dugu ez duela horiekin zerikusirik».

Tolosako elkarte guztiek ez badute ere, gehienetan behintzat bada kanta propio bat, elkartearen izen bera daramana; ia denetan kalejira bat da. «Txinpartaren kasuan, Viva el Anis izeneko kantua lotzen da elkarteko txarangarekin», dio Arostegik. «Gure txarangarekin lotzen den beste kantu bat ere Ron Caliente da; garai batean, otordua amaitu ondoren, kafearen ordez, rona edateko ohitura zuten, eta agian, horrekin du zerikusia. 2003an, berriz, Luis Angel Tarragonak, habanera bat egin zuen guretzat, 75. urteurrenagatik. Elkartean ere bada Txinparta izeneko kantu baten partitura bat, 1934an egina, baina ez du moldaketarik, beraz, ez dugu jotzen».

«ASKORENTZAT, EGUN HANDIA»

Guztira, 25-30 bat lagun ateratzen dira Polvo y Paja txarangan;. «Ia denak musikariak dira, edo behintzat ikasketak egin dituztenak; beraz, nahiko txaranga ona garela esango nuke». Arostegiri, gainera, oso garrantzitsua iruditzen zaio, musikari horiek guztiek elkar ezagutzea. «Oso gustuko dugu instrumentua joz ondo pasatzea, eta hori da helburua, baina gozatzeko, beharrezkoa da kuadrilla modura ateratzea, batez ere, giro polita izateko. Txaranga barruan sentitzen dena, gainera, entzuleei transmititzen zaie gero, eta beraz, esango nuke, txarangan ateratzeko oso garrantzitsua dela tolosarra izatea. Nire kasuan, herriko Musika Bandan jotzen dudanez, bertako musikari batzuei esaten diet ea jotzen atera nahi duten».

Astelenita egunean soilik ateratzen da txarangan Arostegi zuzendaria. Gainerako kideetako gehienek ere gaur bakarrik joko dute. «Askorentzat, beraz, egun handia izaten da». Plaza Berrian egingo den sokamuturrarekin batera ekingo diete egun handiari. Bertan ariko dira jotzen goizean, eta ondoren, kalez kale ibiliko dira. Duela bost urte ere jo zuten bertan. «Txarangak gure artean txandakatzen goaz, eta uste dut, bost urtez behin joatea egokitzen zaigula». Polvo y Paja txarangako egoitza den Txinparta elkartearen urteurrena dela eta, zerbait berezia egingo dutela dio. «Karroza itxurako zerbait ateratzea pentsatzen genuen. Bestetik, urtean zehar egiteko ekintzak ere antolatu ditugu, nahiz eta une honetan bestelako arazo handiagoak izan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!