Txarangen seriea

Txarangan ere, lagun artean

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 23a, 10:00

Mozorrotzen diren inauterizaleentzat egun handiak izango dira datozen hauek, baina baita txaranga zaleentzat ere. Zaldunita egunean, esaterako, badira galdu ezin diren ekitaldi batzuk.

Tolosar inauterizaleei galdetuz gero, askok inauterietako egunak Zaldunitarekin batera hasten direla esango lukete, orduan hasten delako mozorroen festa handia. Egun horretatik aurrera, beste festa handi bat ere gehitzen zaio, txarangena. Atzo aipatu moduan, 30 txaranga inguru aritzen dira jotzen inauterietan, Tolosan. Bada, gaur, horietatik herenak ariko dira kaleak kalejira, habanera eta jota doinuez alaitzen.

Alcoyano, Kabila, Txapel Haundi, Urdina Txiki, Iurre, Aiz Orratz-Veleta, Arco Iris eta Sukalde elkarteetako txarangen txanda izango da gaur. 10:00etan irtengo dira, bakoitza bere elkartetik. 11:00etan, sokamuturra izango da Plaza Berrian; Kabila txarangak alaituko du ekitaldia. Goizean zehar, Alde Zaharreko kale eta tabernatan, txarangak entzuteko aukera izango da.

Bazkal ondoren, 16:00ak aldera, kalejirari ekingo diote Alcoyano, Aiz Orratz-Veleta eta Urdiña Txiki elkarteetako txarangek. Ohiturak mantenduz, Plaza Zaharretik abiatuko dira zezen plazaraino. Bertan, zezen-festa izango da, eta hiru txaranga hauez gain, Udal Txistulari Banda ere ariko da ikuskizuna alaitzen. Behin zezenak amaituta, kalejira egingo dute, San Frantzisko pasealekutik, Berdura Plazara heldu arte. Han, dantzaldia izango da, aipatutako hiru txarangekin.

Elkarteetakoak, ordea, ez dira goizez nahiz arratsaldez aterako diren txaranga bakarrak izango. Jada tradizio bihurtu diren zenbait ekitaldi izaten dira Zaldunita egunean. Batetik, Bonberenea txaranga gaztea ateratzen da kalera. Bestetik, San Estebango lagun kuadrilla bati esker, jendez lepo betetzen da Korreo kalea, Lainoa eta Elurra tabernen atarian. Iluntzeko bederatziak aldera, Rafa Mendibil tronpeta jotzailea balkoi batera igotzen da, eta Paquito el Chocolatero abestia jotzen dute, bertan biltzen diren tolosarren gozamenerako. Gauez ere, bi txaranga ariko dira Alde Zaharra hankaz gora jarri nahian: Kalean eta Oria.

SUAK BIZIRIK JARRAI DEZAN

Tolosako nahiz eskualdeko 20 gazte inguruk osatzen dute Bonberenea txaranga. Tolosako gaztetxeko kideen esanetan, ordea, «bazkaltzeko jende gehiago» biltzen dira. Ostegun Gizenean ere atera ziren kalera, baina, beraien esanetan, «orain datoz egun garrantzitsuenak». Gaur egunez aterako dira; bihar, berriz, gauez. «Kaleak alaitzeaz gain, gure presentzia bermatzea da helburu nagusia. Egun guztiak, gainera, oso desberdinak dira, batez ere, giroari dagokionez».

Bonberenea txarangako kideak, jakitun dira Tolosako inauterietan jotzea oso berezia dela. «Inauterien ezaugarrietako bat dira txarangak, eta, horren parte garenez, festa beste ikuspegi batetik bizitzeko eta lagun giroaz gozatzeko aukera izaten dugu. Gainera, aspaldi ikusi ez duzun jendearekin elkartzeko aukera ere ematen du. Horregatik, jendea animatzen dugu txarangetan parte hartzera. Jotzeko aukera izanez gero, ez dezatela pasatzen utzi».

Urtetik urtera, esfortzu handiagoa eskatzen du txarangan ateratzeak. Hori dela eta, orain gehiago entseatzen dute Bonbereneakoek. Ostegun Gizenean nahiz gaur, inauterietako errepertorioko kantuak jotzen ariko dira. Bihar gauean, berriz, abesti horiez gain, beste estilo batzuetako abestiak eta bertsioak ere tartekatuko dituzte. «Zaldunitan, 10:30ean, Bonberenean elkartu ohi gara, hamaiketakoa egiteko. Barrena bete ondoren, 12:00ak aldera ateratzen gara kaleak alaitzera. Bazkaldu ondoren ere, buelta bat ematen dugu Alde Zaharrean. Astelenitan, berriz, Bonberenean afaldu ondoren, gauerdian aterako gara, Plaza Zaharretik».

Bonberenearen kasuan, txarangetan emakumeek parte har dezaten bultzatzen dute, eta horren erakusleiho garbia da txaranga bera, bertan badirelako emakumezko musikariak. «Pixkana, ikusten da txarangetan emakumezko gehiago ateratzen direla, eta horrek asko pozten gaitu. Txarangetan sartzeko aukera izanez gero, aprobetxatu egin behar da; hori da behintzat, emakumeen presentzia handiagoa izateko gertatu beharko lukeena. Ez da lotsarik izan behar, nahiz eta bakarra izan, oso ondo pasatu daitekeelako beste partaide baten moduan. Ea hemendik gutxira txarangetan ateratzen den emakume kopuru hori gizonezkoena bezain bestekoa izaten den».

ARRAUNEAN, TRAINERURIK GABE

Bonberenea txaranga entzuteaz gain, badira Zaldunita egunean ikusi eta entzun beharreko zenbait emanaldi, nahiz eta egitarau ofizialean ez agertu. Izan ere, 1995az geroztik, Zaldunita eguneko figura izatera igaro da Rafa Mendibil tronpeta jotzaile tolosarra.

Ia hiru hamarkada daramatza, 21:00etan hasten den ekitaldiaren barruan, Korreo kaleko balkoi batetik, Paquito el Chocolatero kantu ezaguna jotzen. Iaz 25. urteurrena bete zuen, eta aurten ere bertan izango da, jarraitzaile sutsuenen eskariari erantzunez; 26. aldia izango du.

Parodia bat egin nahian, auzoko lagunekin txaranga bat osatu zuten aurrena. «Parodia moduko bat zen, betiere, umoreari tiraka», dio berak. «Urtetik urtera, familia handitzen joan zen, eta beti leku berean amaitzen genuen. Amaieran, Paquito el Chocolatero jotzeko eskatzen zidaten. Lehen urteetan, aulki baten gainean jartzen nintzen, eta auzotarrek traineru erraldoi bat irudikatzen zuten, lurrean etzanda jarrita. Hirugarren urtetik aurrera, balkoira igo izan naiz».

Sekulako jendetza biltzen da hitzorduan, eta bera ere jabetzen da horretaz. «Kontua ezerezetik sortu zen, baina urtetik urtera gero eta jende gehiago etortzen da. Pentsa, goiztiarrenak ordubete lehenago joaten dira, tokia hartzera».

Berez, iazkoa zuen azken aldia, edo behintzat hala iragrri zuen berak. «Paquitorena amaitu behar duenean amaituko da. Bitartean, hemen jarraituko dut, noski, baina asko poztuko nintzateke, gerora erreleboa egongo dela jakinez gero».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!