Txarangen seriea

Gozamen hutsa, zentzu guztietan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 22a, 10:00

Ostegun Gizen gauean, atmosfera berezi batean sartzen gara tolosarrak; txarangak ikusten eta entzuten ditugu, leku denetan, eta horiekin gozatzen dugu,  Ostiral Mehea, Biharamunaren Eguna bihurtzen delarik.

Hau poza! Gozatu ederra hartu nuen Ostegun Gizen arratsaldean, zezen plazako festaren ondoren, Alde Zaharrerako jaitsieran oilo ipurdia jarri zitzaidan. Haurrak, gaztetxoak, helduak nahiz adineko tolosarrak, jauzika, oihuka, abesten, txarangaren atzetik. Hori da hori benetan inauteria bizitzea. Horrenbeste aldiz errepikatu ondoren, Sasikoipatsu abestiaren nota bakoitza ikasteko astia ere eman zidan. Do, si, la, la, sol, la, sol…».

Eta gauean, berriro ere, txaranga doinuez gozatzera. Lehenik, elkartean. Xumea, lasaia eta gertukoa. Horrelakoa izan zen afaria. Afariaren ondoren, berriz, eromenak, umoreak eta festak hartu zuen lekua. Zergatik ote gorakada hori? Auskalo! Inauterietan dena da posible. 20 metro karratutan ere ondo pasatzeko mila aukera eskaintzen dituen festa da. Denbora luzez elkar ikusi gabe egon ondoren, ezagunekin biltzeko gogoa sorrarazten duena. Eta musikarion kasuan, gainera, gozatzeaz gain, gozaraztea da helburua.Inauterietako doinuak dantzatu nahi dituzten horientzat jo behar duzu; baina, lasai, ez du axola eta huts egitea, edota notaren bat tokiz kanpo sartzea. Gure elkartean, adibidez, kantu bakoitza amaitu ondoren, inoiz hautsiko ez den txindata parea lurrera botatzea zen ohitura. Horrek, aldi berean sortzen zituen barre algarak entzutekoak ziren; bakar batek, «ai ene, norbaitek kendu diezazkiola txindatak bazkide horri, mesedez!», aldarrikatzen zuen bitartean.

Osteguna, bai gizena
Izan ere, hori ere bada inauteria. Edonork jo dezake instrumenturen bat, inoren protestarik entzun gabe. Elkarteak, areto txiki bihurtzen dira Ostegun Gizenez. Baina, guztiei, txiki geratzen zaie jangela, eta kalera atera beharra izaten dute, herritarrek entzun diezaieten. Amaierako ordutegirik gabe ibiltzeak dakarren lasaitasuna ederra da musikari batzuentzat; hala ere, kantu bat amaitu, eta beti izango duzu txarangako kide bat prest, hurrengoarekin hasteko. Eta, entzuleak zer? Zer egiten dute? Bada, txaranga berean mantendu edo batetik bestera aldatzen direla ikusteak sortzen duen sentsazioa ederra da, diruz ordaindu ezin dena. Jendeak horrenbeste gozatzen badu, Tolosak xarma berezia duelako da.

Geroz eta jende gehiago animatzen da elkarteren bateko txarangan jotzera, gazteak nahiz helduak. Hori bai, emakumezkoen presentzia ez da batere handia, eta batzuek argi erakusten dute, gai direla horrelako maratoi bati aurre egin eta gizonezko askok adina jotzeko, eta baita gehiago ere. Zeinen oker zebilen nik dakidan bat, emakume musikariak esfortzu handia eskatzen duten plazetan jotzeko gai ez direla zioenean. Agian, aldaketa bat gerta dadin lagundu beharko genuke guztiok, batez ere, musikariok.

Kontuak kontu, amaitu ziren gaueko txarangak, eta beranduago, itxi zituzten tabernak. Etxera joan beharra genuen guztiok, beste parranda guztietan topera egon nahi bagenuen, behintzat. Aurretik, baina, gosaldu eta ohera indarberrituta joateko, ezinbesteko geldialdia izaten da okindegikoa. Bertan, ez da txarangarik, baina egongo balitz bezala, tolosarrek oraindik buruan dituzten kantuak abesten jarraitzen baitute. Baina, kontuz ibili daitezela, dezibelioen muga gainditu gabe.

Denetatik, denontzat
Ez da erraza zehatz mehatz esaten, baina inauterietan modu batera edo bestera parte hartzen duten 30 txaranga inguru izaten dira Tolosan. Batetik, elkarteetakoak: Pintxana, Kabi Alai, On Ostegun Gizenaren konpartsakoa, Alcoyano, Kabila, Casino edo Txapel Haundi, Urdina Txiki, Iurre, Aiz Orratz-Veleta, Ostadar-Arco Iris, Sukalde, Tolosano, Gure Kaiola. Ero Etxe, Terete, Berazubi, Polvo y Paja (Txinparta), Poca Tripa eta San Esteban. Bestetik, Ostiral Mehetik aurrera gauez jotzen dutenak: Bonberenea (hauek egunez ere jotzen dute), Kalean, Jainekin, Incansables, Incansables Zaharrak, Iraunkorrak eta Oria. Eta azkenik, hotsa ateratzera animatzen diren lagun taldeak: Zaldunita iluntzean ateratzen den San Estebango kuadrilla, eta rock talde modura, Astelenitan, inauterietako kantuen bertsioak jotzen dituen kuadrilla. Bakoitza bere saltsan, bakoitza bere erritmora, eta ondo edo gaizki joaz, baina guztiek barruan gauza bera dutelarik: inauteria.

Lehen hiru egun hauek, guztiz gozatzekoak izaten ari dira, txarangei dagokienez. Arestian aipatutako Ostegun Gizen gaueko eromenaren atzetik, atzoko eguna heldu zen. Buruko min latza, sekulako nekea, eta gorputzaldi txarra. Hala ere, ez dakit nondik ateratzen ditugun indarrak, gorputzaldi txar horri buelta eman, eta txarangan jotzen ateratzeko. Bazkal osteko siestari esker, agian. Azken finean, hori ere bada inauteria.

Ostiral Mehea. Berez, 21:30ean ginen elkartzekoak Jainekin txarangako musikariak, Aiz-Orratz Veleta elkartean. Hala ere, puntualtasunari dagokionez, inoiz ez gara abilezia handia erakutsi dugun pertsonak izan, eta beranduago eta banan bana iritsi ginen geralekura; tartean, ni. Afari ederra prestatu ziguten sukaldariek. Bejondeizuela! Txarangako kideon aurpegiak, hala ere, ez ziren oso alaiak. Mahai gainean ez zen beste gairik izan: Ostegun Gizena, orokorrean hartuta. Ondoren, ohiturak agintzen duen moduan, bertan afaldu zuten bazkide eta lagunentzat jo genuen, hauek txaloz eskertu zigutelarik. Azkenean, atera ginen kalera. Kalean, jendetza handirik ez, baina txaranga zale asko zebilen. Goizaldeko ordu txikitan amaitu ziren atzokoak; amaierara arte gertatu zenaz ez dut idatziko; bestela, egunkari osoa beharko nuke.

Eta gaur, zer? Ba al da festarik txarangaren batekin? Zaldunita bezpera, trantsiziorako eguna izan ohi da Tolosan. Lehen bi egunetan xahututako indarrak berriz eskuratu, eta falta diren hiru egunetarako gorputza prestatzekoa. Hala ere, izaten da parranda zale handienari ematen zaion Urrezko Txilaba sarirako puntuak pilatzen jarraitu nahi duenik ere, eta beraz, batzuek ez dute huts egingo. Egunez, Kabi Alai elkarteko txaranga ariko da kaleak alaitzen. Gauez, berriz, Oria edo Iraunkorrak txarangekin batera eta bestera ibiltzeko aukera izango duzue. Horiez gain, goizean, musika eskolako ikasleen bandak eta Udaberri Dantza Taldeko fanfarreak ere hartuko dute parte. Honaino orain artekoak; bitartean, jarrai dezazuela txarangez gozatzen, aurrerago ere, helduko dira besteak eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!