Txarangen seriea

Bere baitan ospatzen dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 21a, 10:00

Tolosan, pentsaezina da txarangarik gabeko ospakizun edo festa bat; are gutxiago, inauterietan. Txarangarik gabe Inauteriak ezer ez direlako, hona txaranga zale handientzako gidaren lehen atala.

Tolosa eta txarangak. Txarangak eta Tolosa. Izan zitekeen musikari batek argitaratutako partituraz betetako liburuaren izena. Edota festa gai modura hartuta, telesail baterako atal baten titulua. Bestela, tolosar txaranga zale batek, bere Instagrameko argitalpen batean jarritako izenburua. Baina, ez. Binomio horren existentzia ez da hor amaitzen. Batzuek, inauterietan Tolosako kaleetan entzun daitezkeen doinuekin lotzen dituzte txarangak. Hala ere, urtean zehar, hamaika dira, bertan nahiz beste herriren batean ere, inauterietako doinuak jotzen dituzten musikari taldeak. Txarangak, hortaz, Tolosatik harago doaz. Hala ere, eztabaidagarria da Tolosa txarangetatik harago doan herria den ala ez esatea. Izan ere, ezinbestekoak dira txarangak gure herrian, baina Tolosa, txarangak baino gehiago da.

Atzoko eguna berezia izan zen, zentzu guztietan, baita mania handienak dituztenentzat ere. Egutegiari begiratuz gero, atzoko data, bi zifrez bakarrik osatua zelako: 2020-02-20. Atzo, gainera, hilabete bat bete zen, Gipuzkoako hiriburua danbor eta upel hotsez bete zela, donostiarren urteko egun handienean. Konstituzio Plazan ez zen lagun bat gehiago ere kabitzen orduko hartan, eta gaur eguerdian, antzeko zerbait gertatuko da Tolosako Plaza Zaharrean. Poz handiz, Inauteriak datoz. Horrela dio Donostiako Martxako letrak, eta horrela heldu gara San Juan egunaz gain, tolosarrentzat urteko egun berezienak direnetara.

Donostiako danborradak, ordea, ez du inauteriak duen satira eta desorden kutsurik. Seriotasuna nagusitzen da talde ia guztietan. Tradizio handiko festa izaten da, urteen poderioz sekulako indarra hartu duena. Batzuetan, ordea, ohiturak mantentzeak, ez du garai berrietara egokitzeko aukerarik ematen. Hain justu, zenbait danborradetan, emakumezkoek debekatuta dute parte hartzea. Hain zuzen ere, hori da festa honen alde ilunena: donostiarrak baino, ñoñostiarrak direla.

SEI EGUN BAINO ASKOZ GEHIAGO

Tolosan, baina, seriotasunak ez du lekurik inauteriek irauten duten sei egunetan, edo behintzat, duen toki hori apurra da, ia neurtu ezin dena. Astebetez bada ere, lotsa galtzen dugu; aurpegiko maskara kendu, eta beste era bateko norbait izateko aukera izaten dugu. Atzo eguerdian hasi, eta Asteartita eguna amaitu bitarteko orduak kontatuz gero, 132 ordu izango genituzke gozatzeko, dantzatzeko, abesteko, buruko minak eragin eta kentzeko, hobeto esanda, festaren ezinbesteko parte sentitzeko, inauterien erdigunean jartzeko. Askok, ordea, gustuko izaten dute zenbakiak borobiltzea. Hori dela eta, inauterizale amorratuenentzat, ez dira 132 ordu izango, 150 baizik, Hausterre eguneko eguerdira arte luzatuko direlako.

Borobiltzeko, ordea, ez da beharrezkoa luzatzea, nahikoa baita lehenago hastearekin. Noski, tradizioari jaramon eginez, ofizialki, atzo hasi ginen. Hala ere, batzuei, aukera berriak proposatzea gustatzen zaie. Duela 31 urte hasitako txantxa edo parodiaz ari naiz, asteazken gaueko txupinazo alternatiboaz. «Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da», zioen Vista Alegre txarangako kide batek, tolosarrek Sasikoipatsu doinua entzutean, jauzi nola egiten zuten ikusita. Ez zen gutxiagorako, herritar guztion egutegian gorriz markatutako ekitaldia izatera igaro baita.

SASIKOIPATSUEN BIHARAMUNA

Sasikoipatsu. Asteazken gauean ere jotzen den doinua bada ere, inauteriei hasiera ematen dien kantua da. Inauterizaleek gehien abesten duten kantua (Mugi Mugi kantuaren zale direnen baimenarekin), baita dantzatzera gonbidatzen zaituena ere. Eskuak gora altxaz egiten den koreografiak, aurpegian irribarre bat sorrarazten dizulako, eta zure irribarrearekin, ondokoa ere pozten duzulako.

Atzo, behintzat, egun osoan zehar entzun zen doinua izan zen. Pintxana Txarangak, Incansables txarangak, edo On Ostegun Gizen konpartsako txarangak, ez zuten besterik jo. Eta goizez nahiz arratsaldez entzutea gutxi iruditu zitzaienentzat, gauean ere izan zen aukera. Tolosako ia elkarte guztiek atera zuten txaranga kalera. Beste batzuek, berriz, kaleetan hots gehiegi atera gabe, nahikoa izan zuten elkartean bertan afaldu eta inauteri doinuen konpasean ospatzearekin.Ostegun Gizenez, kalean ibiltzen den edonori, beraz, buruan itsatsita geratzen zaion doinua da. Inauteri hauetan gehiagotan entzungo da, baina, nekez, atzo bezain beste.

Lasai egon, tolosarrak. Sasikoipatsurik gabe ere bada eta festa. Gaur, esaterako, atzoko parranda osteko biharamuna goxatu ahalko dute inauterizaleek, bi txarangen eskutik. Arratsaldean, Kabi Alai Txarangarekin zezen plazaraino igo eta gero bertatik jaisteko aukera izango da, eta gauean, Jainekin Txaranga ibiliko da Alde Zaharreko kaleetan. Festaren muina diren txarangak ez baitira Ostegun Gizenarekin batera amaitzen. Aurrerantzean ere egun bakoitzari musika eta erritmoa jartzen jarraituko dute, uneoro, festaren erdigunean.

TXARANGEN EGITARAUA

Otsaialk 21, Ostiral Mehea

Kabi Alai txaranga. 16:00ak aldera, Zezen Plazarako igoerari ekingo dio, Plaza Zaharretik. Zezen-festan jo ondoren, jaitsieran ere joko dute, eta Alde Zaharrean amaituko dute, dantzaldiarekin.

Jainekin txaranga. Gaueko 23:30eak aldera aterako da Tolosako Alde Zaharreko kaleak alaitzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!