Astelenitak Beotibar pilotalekua ere mozorrotu egiten du urtero. Hiru partidako jaialdia izan da, eta bigarren partida hasterako pilotalekua jendez bete da. Mozorro asko eta umore handia izan dira frontoian nagusi.
Lehen partidan, Egiguren V.a eta Bikuñak 18, eta Dario eta Erostarbek 16 bukatu da partida. Ostean, partida nagusiko pilotariak atera dira kantxara txalo eta oihu artean: Oinatz Bengoetxea eta Jon Mariezkurrena, eta Jokin Altuna eta Ladis Galartza.
Zaletuek txoratzen ikusi dute partida. Animo oihu asko egin dituzte, eta horietako asko eta asko Oinatz Bengoetxea aupatzeko izan dira. Amezketarrak ezin izan du bere zaleen aurrean partida irabazi. 19. tantora aurretik iritsi badira ere, ez dute partida irabazten asmatu, eta 19 tantorekin konformatu behar izan dute. Oinatz Bengoetxeak partida amaiera ikusgarria egin du, eta partida irabazteko lana egin du. Bengoetxeak partida irabazi ostean, lehertu egin da Beotibar.
Azken partidan, berriz, promozio mailakoan, Salaberria eta Tolosa bikoteak poltsikoratu dute puntua. 14 tantorekin utzi dituzte Arteaga eta Urretabizkaia.
Ataria irratian zuzenean entzun ahal izan dira hiru partidak, eta gaur bezala, bihar ere, Ataria irratia Beotibar pilotalekutik ariko da partiden berri ematen.