Listo, ez da baleko atzera konturik

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 23a, 11:03

Jeiki da Tolosa, beste urtebetez, inauteri gosez; mozorro egunen hasiera da hitzordua, eta txantxo izaeraren gotorlekua.

Bigarrenez zerotik hastea da Diana, Tolosako inauterietan. Ostegun Gizeneko biharamunean, mundua gainera erortzen zaio askori, baina nahikoa da Gorriti plazako lehen bi notak entzutea, itxuraldatzearen egunak hastera doazela sentitzeko. Dianak ez du hutsik egiten, eta hori, zalantzarik gabe, dianazaleen errua da.

Nahieran bertaratu dira, milaka tolosar, 08:00etako hitzordura: nagiz josita, aurpegia ederki garbituta, loguraz, behar baino aje gorputzaldi handiagoarekin, gurasoen bizkar gainean edo zitarako berariaz ondutako mozorroarekin. Kontxako barandilako dantzariak kalez kale ibili dira, eta mediterraneo aldean kruzero bat egiteko diru biltzen aritu dira bi moja; 90 dezibelioko mugaren araua mozorro bilakatu duenik ere izan da.  Tolosako Musika Bandak nahikoa lana izan du, Agintari kalean barrena, Plaza Zaharrera iritsi eta lehen geldialdia egiteko; tolosarren gosari goseak, dena den, arindu du ibilbidea, pixkana.

Honezkero ez da baleko atzera konturik, eta joko-zelaian dena emateko ateak zabal-zabalik utzi dituzte esnatze doinuek. Hemen dira, askorentzat urteko egun ederrenak direnak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!