Ajeak argi itzaletan

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko otsailaren 21a

Haur eta gaztetxoek hartu dute Ostiral Meheko zezen festaren protagonismoa, beste behin; Kabi Alai elkarteko txarangak eman die musika, zezenetara igoera eta jaitsierari.

Ajea, fisikoa edo emozionala. Edo biak batera. Hori da Ostiral Mehe tolosarrentzat, bezperako euforia kolektibo dosiaren ondoren. Baina, horrekin batera, egun handienen bezpera ere bada bestondo eguna, eta gaurkoa argi itzaletan pasatu dute inauterizaleek.

Ohiko moduan, Ostiral Meheko zezen festan gaztetxoenak izan dira erdigune, eta haiek gozatu dute gehien, nor bere erritmora: musikarekin dantzan, konfeti eta serpentinak botaz, gainontzekoen ikusmiran, pottoken zain,... Plazan ez da esertzeko tarte librerik geratu, eta inauterietako eguzki gozoa ederki probestu dute tolosarrek.

Kabi Alai txarangak hartu du plaza, beste behin, eta haiek jarri dute erritmo eta doinua, zezen txikiek eta haien aurreko korrikalariek gorputza mugi zezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!