Zezen plaza ere lepo bete da

Ataria 2020ko otsailaren 20a

Txarangak, hauen jarraitzaileak, dantzariak, korporazioa, solidarioak, ikusleak, haurrak, gazteak, helduak, lekuz kanpo ibili den bateren bat, izkingileak, eta nola ez, zezenak.

Plaza Zaharra 12:00etan gainezka baldin bazegoen, 16:30ean, gauza bera gertatu da zezen plazarekin. Kanpoan, ilara luzeak, eta sarrerarik gabe zeudenak, barrurako bidean zirenei begira.

Sartzeko aukera izan dutenek solidarioak aurkitu dituzte zezen plazaren erdian. Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eta amnistia eskatuz bertan egon dira, txarangek eta hauen jarraitzaileek itzuliak eman dituzten denboran. Dantzariak, korporazioa, On Ostegun Gizen eta batez ere jendea; jendetza txaranga doinuekin saltoka. 

Guztiak zeuden zezenen zain, batez ere ikusleak. Txikitik baina handitik gehiago zuten zezenek. Bakoitzak ahal duena egin du, eta txalo, algara, irribarre eta ezustekoak ez dira gutxi izan. Txistuak ere izan dira. Debekatuta dago zezenari eustea, eta are gehiago lurrera bota nahi izatea. Morroxko baten burutazioa hori izan da; azioa bukatu duenean, izkingileak gerturatu eta kalera bota dute.

Zezen festak aurrera jarraitu du ordura arteko protagonistekin eta ohiko kontuekin. Bien bitartean, harmailetan olatuarena egiten hasi dira ikusleak. Haur ugari horien artean. Gaurkoan ez, baina biharkoan zezen plazara irteteko gogoarekin. Dirudienez, biharkoek handitik baina txikitik gehiago izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!