Inauterien inguruko hausnarketa xume bat

Fernando Rojo 2020ko ots. 20a, 05:59

edo bere izaera interpretatzeko apunte batzuk.

Hi, eguarrik pasa ditun, e! Hasi beharko dinagu inauterietako zerbait pentsatzen, ez?

-Hori dun, hori, ze mozorro aterako dinagu aurten?

-Jo! Ba ni aurten hutsean nagon, batere ideiarik ez.

-Aurten, gainera, oso goiztiarrak ditun, ez zeukanagu denbora askorik.

-Eta hik zer diok? Idearik bai, ala?

-Ke ba, ke ba, neu re aurten nahiko off-ean harrapatu zidaten.

-Ba, zer moduz hurrengo astean afari-bilera bat egiten badiagu elkartean gaiari buelta batzuk emateko?

-Bai, halaxe beharko du izan, legeak agindu bezala.

-Ados, baina afarirako patrika bete ideiak, e!

Asmatutako elkarrizketa bat izan arren, seguruenik Tolosako kuadrilla asko identifikatuta sentituko dira horko esaldi batzuekin. Badira uda ostean lanean martxan jartzen direnak. Batzuk. Beste batzuk gabonak eta gero jarriko dira urteari amaiera ematen dioten sei egun handiak prestatzen, tolosarron egutegia Hauster Egunean hasi eta azken egun apoteosiko horiekin bukatzen baita. Hori delako inauteri jaia tolosar askorentzat, urtea borobiltzen duen apotheosis bat. Urte guztiko elkarrizketetan zeharka edo zuzen hitz egingo dugu inauterietako ideiez, «hori egin dezakegu inauterietan…», baina gehienok aste gutxi falta direla jarriko ditugu pilak zerbait antolatzekotan. Halere, azkenean beti dena ondo ateratzen da.

Zer funtzio dute inauteriek, baina, tolosarron baitan? Tolosakoa tolosar bihurtzen duen festa da, komunitate baten izatea zeratzen duena. Dena den, txarangak, sokamuturrak, alborada eta egitarau ofizialeko gainontzeko protokoloez gain, bi elementu nagusi behar dute inauteriek benetako inauteriak izateko: jendartean dauden balio nagusien alderantzikatzea (edo inbertsioa), ordena hankaz gora jartzea, aurrena; eta gure izaeraren kanporatzea, urte osoan gure baitan, itzalean gordeta ditugun pasio, emozio eta tabuak azaleratzea (itzalak argitzea, alegia), bigarrena. René Guenon, erlijioen adituak esan zuen: «Inauteriak menderatu edo erreprimitutako senen ihes-balbula bat dira». Zirkunstantzia zehatz batean eta egun gutxiko tartea aprobetxatuz, barne tendentzia horiek nolabait kanalizatu eta urtean zehar presio sozialak (edo norberaren barne presioak?) «debekatzen» digun guztia egingo dugu inauterietan.

Modu erlijioso batean beteko ditugu inauterietako erritualak: zeremoniatsu batzuk, apoteosiko beste batzuk. Ordena eta kaosa dira. Bi errealitate horiek presente dira Ostegun Gizenetik Asteartita amaitu artean. Kaosa, kasuak kasu, Hauster Eguna arte luzatuko da tolosar batzuentzat, garizumaren denbora sakratua hautsiz. Ordenaren hauste hau, azken hamarkadetako gizartearen laizizazio prozesu baten ondotik gaur egun posible dena, pentsaezina izango litzateke beste garai batean, noiz inauteriak elizaren kontrolpeko jaiak baitziren.

Inauteriak tolosar egutegi liturgikoaren sei egun gorenak dira. Mundu laiko batean bizi gara. Gero eta paganoago, herejeago, ateoagao edo agnostikoago batean bizi gara. Hitzez baina. Jendarteko eztabaida edo elkarrizketetan eliza kritikatzen da; erlijioak orohar. Baina gero modu erlijioso batean joango gara kirol aretoetara (futbol zelaiak, kiroldegiak, korrika egiteko pistak …) bere araudi, liturgia eta jainko (irakur idolo edo eidolon) guztiekin. Inauteriak ere modu bertsuan, zorrotz eta erlijioso ospatuko ditugu. Bere liturgia guztiarekin. Erritual eta zeremonia guztiekin. Ez al dira, ba, sakratuak tolosar askorentzat? Erlijio hitzak latinezko religare hitzean du jatorria eta «(zerbaiti) zorrotz lotzea» esan nahi du. Ez al gaude tolosarrak ere tempo sakratu honi estu atxekirik? Hortxe eztabaidarako gaia.

FESTA, KATARSIA, JOLASA ETA MASKARADA

Festa, gauza guztien gainetik, dibertsioa da, doako ondo pasatzea. Eguneroko errutinatik ihes egin, arazo oro eta norbere bizitzan ditugun ohiko gatazkak alboratuz, aldi baterako talde-katarsian barneratzea. Gizakiak gizakia izateagatik behar duen tempo bat da festa. Bai ala bai. Gurean batipat inauteriek beteko dute rol hau: trapu zaharrez hornituta, arropa distiratsuz edo zaharkituz jantzita, maskara, kapela eta pinturek mozorrotutako jende-bilerak (kuadrilla, familia edo elkarte) ibiliko dira kaleetan festak islatzen duen alaitasun hori erakusten. Norbera berean. Ahaztuta bezperan izandako lan gatazka edo munduan dauden arazo larri guztiak, behintzat, egun batez bizitza eta lagunez gozatzea tokatzen da. Katartikoa da guztiz, grekerako khátharsis hitzak «garbiketa» esan nahi baitu, eta inauteriek funtzio hori ere betetzen dute, emozio-, gorputz-, izpiritu- eta buru-garbiketarena. Bizitzaren egunerokotasunak kutsatutakoaren purifikazioa.

Herbeheretako Johan Huizinga historialari eta kulturaren teorikoak Homo Ludens (jolasten duen gizakia) hitza erabili zuen gizakiaren garapenean ondo pasatzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Berak defendatzen zuen Homo Sapiensedo Homo Faber deituak (gu geu) jolasa berezkoa duela bere izatean, eta beharrezkoa. Betidanik izan gainera, hori atabikoa baita. Lehen esan bezala distentsio bat suposatzen du egunerokotasunean. Oporrek duten funtzio bera betetzen dute, deskonexioarena. Beraz, esan daiteke, inauteriak opor motz batzuk direla, bai denboran eta bai «espazioan», -zergatik ez, ba!- lekualdatze bat bezalakoa kontsidera baitaiteke, Tolosan bertan geldituko bagara ere, herriak guztizko itxuraldatze bat jasaten baitu.

Alabaina, inauteriak ez dira festa soil bat bakarrik. Euskal Herriko beste herri batzuetan gertatzen denaz harago, Tolosakoak ez dira mozorro-festa arruntak. Gureak benetako maskaradak dira, bere zentzu osoan. Tolosarrak ez dira pirataz, cowboyz edo Francoz mozorrotzen. Tolosan benetako piratak eta bakeroak ibiliko dira, eta Franco beraren izpiritu berraragitua da topatuko duguna. Beste errealitate baten aurrean aurkitzen gara, materiaz harago doana. Identitate-mutazioak, transgresioak hartzen du esanahia hemen. Maskarak eta txantxoak ez dira doakoak, asmatuak edo ondo pasatzeko sortuak; ez dira kuadrilla-uniforme soilak, ezta folklore zahar batetik jasota groteskoa erakutsi nahi dutenak ere, ez parrerako edo izurako imajinatuak. Itxuraldaketa eta transferentzia soziala dira, kritika dira, satira dira. Pertsonaia edo karaktere zehatz batean oinarritu eta hura zalantzan jartzea edo salatzea du helburu. Inauteriek ez dute barkatzen, berez dira burlatiak. Iparraldeko tobera-munstrak-en antzera zigor kolektibo bat dira (Europako charivari Frantzian, cencerradas Espainian, katzenmusik Alemanian edo rough music Inglaterran).

Bukatzeko, idatzi hau inauterien interpretazio-saiakera txiki bat baino ez da. Guztiz subjektiboa, noski. Hala eta guztiz ere badira inauterietan oso objektiboak diren elementuak ere, eta horiekin amaitu nahiko nuke idatzia. Janaz eta edanaz ari naiz. Eta gurean betetzen duten funtzio sozialaz. Gosariek, hamaiketakoek, bazkari eta afariek rol nagusia dute taldeetan. Otorduak liturgiaren ordutegian sartuko dira eta goitik behera errespetatuko: elkarteak, gazte-lokalak, garajeak, taberna eta jatetxeak lepo, gorputzari atseden txiki bat eman, bateriak kargatu eta berriro lasaikeriari bide ematera irtengo dira kuadrillak. Orduan bai, orduan dator azken apotheosisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!