Gaztetxeen alde ekingo diete inauteriei, Tolosako txosnetan

Ataria 2020ko ots. 19a, 11:58

Manifestazioa egingo dute, bihar iluntzean, Ezpala eta Kaxildaren alde; eraso matxisten aurkako protokoloa osatu dute, defentsa mekanismoetan fokua jarriz.

Beste urtebetez, festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte inauterietan, Euskal Herria plazan. Txosnaguneak bihar eguerdian zabalduko du atea eta, astelenita goizaldera bitarte, kontzertuak izango dira nagusi. Aurten, gainera, eraso matxisten aurkako protokoloa osatu dute txosna batzordean, fokua defentsa mekanismoei jarriz.

Aldarrikapenekin ekingo diete inauteriei, urteroko presoen aldeko brindisaren ondoren eskualdeko Ezpala eta Kaxilda gaztetxeen aldeko manifestazioa irtengo baita, txosnagunetik, Ostegun Gizen iluntzean. Tolosaldeko Gazte Fronteak deitu du mobilizaziora, eta Langileon kontrolpeko guneak defendatu, Kaxilda eta Ezpala aurrera leloa izango dute buruan. Martxan dirauen bitartean, itxi egingo dute Euskal Herria plazako karpa, eta amaierako ekitaldiarekin zabalduko dute berriz, festa gunea.

Behin aldarriak plazaratuta, karpak erabateko festari irekiko dio bidea, gaueroko kontzertu eta emanaldiekin. Ostegunean hasi eta Astelenitara bitarte, guztira, hamalau emanaldi izango dira ikusgai, eta urteroko hitzordurik ez da falta izango; Laket eta DJ Bull, esaterako.

Antolakuntza horren guztiaren atzean, Tolosako txosna batzordea osatu dute, aurten, Tolosako Gazte Asanbladak, Ezker Iraultzaileak, Ikasle Abertzaleak-ek, Antolakuntza Komunalak, Ernaik, Gazte Koordinadora Sozialistak eta Tolosako Neska Taldeak.

ERASO MATXISTEI, PROTOKOLOA

«Bestelako parranda mota bat» proposatu nahi diete festa zaleei, baina, hori hala izanik ere, eraso matxistak gertatzeko arriskua bera dela azaldu du batzordeak: «Horren aurrean, defentsa mekanismo bat martxan jartzea da helburua, aurrerapauso bat emanez». Txosnaguneko arduradunen iritziz, ohiko protokoloek erasoak gertatu ondorengo erantzunean jarri ohi dute fokua, eta harago joatea izan dute helburu, jazarpenak gertatu ondorengo artatzea antolatzearekin batera.

Balizko eraso matxista baten aurrean, berau jasan edo ikusi izana barran lanean ari diren kideei jakinaraztea eskatu dute, lehenik; orduan aktibatuko dute protokoloa. Audio bidezko mezua jasoko du musika teknikariak, eta argi moreak piztuko dituzte karpan.

Ondoren, erasotzailea karpatik atera, identifikatu eta datuak bilduko dituzte. Erasotutako pertsonari, berriz, mediku asistentzia eta laguntza emozionala eskainiko dizkiote.

TXOSNETAKO EGITARAUA INAUTERIETAN

Ostegun Gizena

13:00.Presoen aldeko brindisa egingo dute, txosnagunea zabaltzeko.

19:00.Manifestazioa irtengo da txosnagunetik, Tolosaldeko Gazte Fronteak deituta: Langileon kontrolpeko guneak defendatu, Kaxilda eta Ezpala aurrera.

23:00.Kontzertuak: Ziakkus eta Little Martin Selektah.

Ostiral Mehea

22:30.Kontzertuak, eskualdeko taldeekin: Estarlus eta Basati. .

Zaldunita bezpera

22:30.Kontzertuak: Leizeak, Dinamita Punk Rock, Streetwise eta El sonido de la metralla.

Zaldunita

19:30.Erromeria Laket taldearekin.

22:30.Kontzertuak: Bake Faltsua eta DJ Jotatxo.

Astelenita

19:30.Erromeria Muxutruk taldearekin.

22:30.Kontzertuak: Marianitoz blai eta DJ Bull.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!