Zer dira zuretzat inauteriak?
Hasteko, urtea antolatzeko mugarri bat. Egutegia hartzen duzunean begiratzen duzun gauzetako bat izaten da inauteriak noiz diren. Gero, definituko nituzke aste apoteosiko bat bezala. Baina gure etxean inauteriak askoz lehenago hasten dira. Ideia bururatzen zaizunetik hasten da emozioa pizten. Hilabete lehenago-edo hasten zara lagunekin eta familian pentsatzen eta erabakitzen, eta inguruan ikusten ditugun trapu zaharrak biltzen... Inauteriak askoz lehenago hasten dira. Gu nahiko berandu ibiltzen gara prestaketa lanetan, eta nahiko estres izaten dugu, baina estres alaia izaten da. Oso polita izaten da aurreko prestaketa hori. Eta gero, eguna iristen denean, egin duzun lan hori guztia kaleratzeko unea izaten da, momentu handiena.
Lanbidez irakaslea zara. Heziketaren eremutik, nola ikusten dituzu inauteriak?
Nik txikienekin egiten dut lana eta mozorrotzeko aukera urte guztian emango nieke. Guretzako dibertigarria dena, beraientzako beharrezkoa da, beraien garapenaren zati garrantzitsua da: beste identitate batzuetara jolastu, izaerak aldatu, eta horretarako mozorroak lagundu egiten du. Txikienei beti utziko nieke tarte bat mozorroak sortu eta erabili ahal izateko. Gero, handienekin landuko nuke udaberriko solstizioa eta historikoki izan duen garapena aztertuko nuke. Bestalde, Tolosako ikastetxe batean lan egingo banu, adibidez Samaniego ikastetxeak egin duen lana oso polita iruditu zait, tradiziozko txilaba berreskuratuz.
Zein dira zure lehen oroitzapenak inauterien inguruan?
Nire gurasoak oso inauterizaleak izan dira beti, eta nik uste dut hori transmititu egiten dela genetan-edo. Ni ere oso mozorrotu zalea izan naiz beti, eta etxean janzten zenituen mozorro horiek kalera atera ahal izatea ikaragarria iruditzen zitzaidan, oso berezia. Gero, urte asko pasa nituen Gaztelun bizitzen, eta distantzia batetik ikusten zenituen, baina nahiz eta Tolosan bertan ez bizi, nik uste dut Tolosaldeko jende guztiak bizitzen dituela bere bezala. Nik beti sentitu ditut nire jaiak bezala.
Aisialdi taldeetan parte hartu izan duzu?
Ez dut parte hartu. Ez zait gehiegi gustatu prestatutako koreografia behin eta berriz egitea, eta ikustea ere ez hainbeste. Nire gehiago gustatu zait familian edo lagunekin, nire kasa ibiltzea.
Inauteriak kuadrillan ala familia giroan, ezberdina izango da, ezta?
Bai, noski. Hasteko, kuadrillarekin zaudenean zure buruarekin pentsatzen duzu. Askoz ere inprobisazio gehiago izaten da. Baina familia giroan beste inauteri batekin egin dut topo, egunekotik gehiago duena. Eta saiatzen naiz ikusten inauteriak umeen ikuspegitik, egokitzen beraien erritmora eta nahietara.
Nola igarotzen dituzue inauteriak?
Urtero pixka bat errepikatzen den plana izaten da. Ostegunean, lan egoerak uzten badigu, txupinazora joaten gara. Egia da ostegunetik igandera bitarte saiatzen garela umeen planak egiten: danborrada dela, zezenak ikustera sarrerak lortzen baditugu... Gero, mozorrotzen garen hiru egunetan mantentzen dugu kuadrillako plana. Hori bai, orain taldea handituta, bikotekide eta umeekin. Horrez gain, bakoitzak bere ihesaldiak egiten ditu, lagunekin planak mantentzeko.
Plataforma edo karroza ateratzekoak zarete?
Normalean kuadrilla guztiaren artean adosten dugu mozorroren bat. Gero bakoitza moldatzen da mozorroa osatzeko. Niri, erostea baino, etxeko trapu zaharrekin eta irudimena landuz egitea gustatzen zait . Normalean ez dugu karroza edota plataformarik ateratzen. Antzerki, emanaldi edo parodiarik ez dugu egiten. Ikusi ere ez. Topatzen badugu parean zerbait, geratzen gara, baina ez gara joaten espresuki ikustera.
Ez gara emanaldi egin zaleak, baina aurten domino fitxaz aterako gara eta seguru egingo dugula ilara bat edo beste. Urte batean batukadaz atera ginen, eta horrelakoetan ere saihestezina da zerbait egitea. Niri gustatzen zaizkit horrelako mozorro motak, jokoa ematen dutenak zerbait egiteko, baina ez zait gustatzen jendearen aurrean egitea. Gure artean ateratzen bada, gustatzen zait jolas hori, baina ez zait gustatzen zerbait prestatzea jendearentzako.
Beti izaten zarete inauterietan edo tarteka joaten zarete kanpora?
Ez dugu alde egiten. Egun horietan hemen egoten gara. Eguraldiaren arabera egokitzapenak egiten ditugu, baina eguraldi txarrarekin ez gara etxean geratzen.
Zer da gehien gustatzen zaizuna inauterietatik?
Festak duen parte hartze maila, bakoitzak bere erara. Gero, asko gustatzen zaidana da jendeak duen irudimena. Bat-batean, gauza sinpleenarekin jendeari nolako mozorroak bururatzen zaizkion ikustea ikaragarri gustatzen zait. Hunkitu egiten naiz horrelakoak ikustean.
Nola azalduko zenioke inauteriak ezagutzen ez dituen norbaiti festa horiek?
Zaila egiten da norbere herriko festetan sentitzen duena transmititzea. Hain justu, festa hauek dira hain parte hartzaileak, etortzen den edozein betaurreko eta ile-orde batzuk jarri eta nahigabe festa giroan sartzen dela. Kanpotik etorrita ere oso erraza da festa hauen giroan sartzea eta ondo pasatzea. Bestalde, pixka bat esplikatuko nioke historikoki Tolosako inauteriek izan duten garrantzia, Frankismo garaian eta abar, eta bestetik saiatuko nintzateke transmititzen zer sormenezko eta irudimenezko jaiak diren, eta animatuko nituzke parte hartzera. Hori bai, beti ere abisatuko nieke larunbatean ez etortzeko mozorrotuta. Ni abisatzen dudan horietakoa naiz.
MOTZEAN
Egun bat? Zaldunita.
Eguna ala gaua? Oraindik, gaua.
Une bat? Diana. Oso polita iruditzen zait. Oso herriko ekitaldi bat da.
Mozorro bat? Asteartitan ateratzen gara familian, lehengusuekin, izeba eta osabarekin, eta abar. Urte batean mahatsez jantzi ginen eta oso ondo pasa genuen. Azken momentuan erabakitako mozorro bat izan zen, globo batzuekin-eta egin genuen, inprobisatuta. Sekulakoa gelditu zitzaigun.
Txaranga doinu bat? Ostegun Gizeneko Sasikoipatsu.