Zilarrezko ezteiak, danbor hotsez

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 18a, 12:28

Mende laurdena beteko da, Berazubiko Danborrada, Zaldunita Bezperako Helduen Danborradarekin batera, lehen aldiz atera zela. Parte hartze handia espero dute, eta urteurrenerako, zapi bereziak jantziko dituzte.

Agian, inauteriek ezagutu duten sasoirik onenean izan zen. Jai giroari, parte hartzeari eta errespetuari dagokionez, 90eko hamarkada, garai historikoa izan zen Tolosako Inauterientzat. 1995ean, gainera, ordura arte Tolosako zenbait elkartek parte hartzen zuten Helduen Danborradara, talde berri bat gehitu zen, Berazubiko Danborrada. Aurten, 25 urte beteko dira, lehen aldiz parte hartu zutela. Hastapeneko urteetan, Juventud Mixta elkarteak antolatuta hasi ziren, baina ofizialtasunik gabe, berezko ospakizunetik kanpo; Helduen Danborradak egiten zuen ibilbide bera egiten zuten, baina horien aurretik. «Guretzako ez zegoen tokirik; orduan, gure danborrada partikularra egitea pentsatu genuen. Gerora, udaletxeak, bateratzea erabaki zuen, eta ondorioz, gaur egun, Helduen Danborradako partaideekin batera osatzen dugu ibilbidea. Ingeles Goardiakoak ere egoera berean zeuden, baina haiek ofizialarekin osatzen zuten ibilbidea», adierazi dute Berazubiko auzotarrek.

Ederki asko oroitzen dituzte hasierako urte haiek. «Lehen urtean, 45 danbor jotzaile izan ginen, eta hirugarren urtean, kanoia atera genuen, batzuek danborra jotzea ez zutelako gustuko». Oraindik ere kanoiarekin ateratzen dira. «Zerbait ikusgarria, gustagarria eta umoretsua egitea zen helburua». Gaur egun, kanoilariek garraiatzen dute, baina urte desberdinetan, bi idik, ahuntz batek eta mando batek ere garraiatu zuten. «Lehen, konfetiak, gozokiak eta haurrentzako zenbait opari izaten zituen lehergailua jaurtitzen zen. Garestia zen, ordea, eta urteren batean, susto txikiren bat ere izan genuen, izu handia eragiten baitzuen. Hori dela eta, hots gutxiago ateratzen duten petardoak jaurtitzera igaro ginen». Behin anekdotak oroitzen hasita, arrautzak eta loreontziak bota zizkietela ere gogoratzen dute.

Kanoilariak, ordea, ez ziren danbor jotzaileez gain ateratzen ziren pertsonaia bakarrak. Bi kantinera ere ateratzen ziren. «Bat emakumezkoa zen, eta bestea, gizonezkoa, Berasibiakoa eta Berazubikoa». Oraindik, gordeta dituzte kantinerek astintzen zituzten banderak. «Hasierako urteetan, Berazubi Elkarteari esker sortu zen danborrada. Nahitaezkoa zen elkarte baten izena izatea, eta beraz, horretan lagundu zuten. Horregatik, bi banderak ateratzen ziren».

«Lehen zuen xarma galdu du»

Berazubiko Danborrada, baina, ez da Zaldunita Bezpera egunez soilik kaleratzen. Auzoko festetan ere izaten da, tradizio handiko ekintza baita. Inauterietako danborradari dagokionez, betidanik, partaideen gehiengoa auzoko bizilaguna izan da. Hala ere, inoiz ez da derrigorrez bete beharreko baldintza bat izan. Tolosako, eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste herrietako jendeak ere parte hartu izan du bertan. «Lehen urtean, 45 inguru izan ginen, baina kopurua jaisten joan da. Iaz 25 atera ginen. Bestalde, aurten deialdi berezi bat egin dugu, urteurrenagatik, eta 42 danbor jotzaile izango gara». Lehenago ere jo izan zutenak aterako dira aurten, baita herriko jende gehiago ere. Gainera, oraindik danborrada askotan ohikoa ez bada ere, Berazubikoa parekidea da, eta gaur egun, gizonezkoak baino emakumezko gehiago izaten dira danborra jotzen ateratzen direnak.

«Orokorrean, Helduen Danborradaren izaera erabat aldatu da». Horrela aitortzen dute Berazubikoek, eta azken urteetan izan duen parte hartzea kontuan izanda, aitortu behar da, hainbat faktorerengatik gainbeheran doan ekintza dela Tolosako Inauterien barruan. «Lehen gauez izaten zen, eta berandu amaitzen zen. Gainera, hurrengo egunean karrozan edota Dianan parte hartu nahi zuten herritar askok, utzi egin zuten. Funtzionatzen ez zuela ikusita, orduz aldatzea erabaki zuten, eta orain, Haur Danborrada amaitu eta ordu eskasera hasten da. «Ordutegi aldaketarekin gutxi ez, eta kantineraren irudia desagertu egin zen, baita erreginarena ere. Horrek morbo berezia ematen zion, mozorrotuta zein aterako zen jakitearen xarma. Herritar guztiak hori ikusteko ateratzen ziren, baina kendu zutenetik, askok, danborradaz gozatzeko zuten ilusio txiki hori galdu zuten». Berazubikoak, ordea, jakitun dira tolosar gehienek, danborrada ez dutela gustuko. «Ez da Donostian bezala gertatzen, han egun berezia baita».

Azken urteetan, nekez atzeman daiteke belaunaldi aldaketa bat Helduen Danborradan. Berazubikoak ere antzeko egoeran daude. Hauek, ordea, gaztetxoek parte hartu ezin izana salatzen dute. «18 urtetik gorakoek soilik jo dezakete danborra. Haurren Danborradan, berriz, 12 urte bitarteko haurrak ateratzen dira. Hain justu, beharrezkoa da 12-18 urte bitarteko gaztetxoei danborradan parte hartzeko aukera ematea, edo danborrada bat amaitu eta bestea hasi bitartean, beraiek ere partaide sentitzeko ekintzaren bat egitea. Helduleku bat aurkitu behar da. Garai bateko erreginaren eta damen karroza berreskuratu, danborrada osatzeko pertsonaia eta elementu gehiago sartu, edo zuzenean, herritarrei galdetzea, ea danborradari zer falta zaion azaldu dezaten... Urtero horretan saiatzen gara, baina ez dugu asmatzen».

Urteurren berezirako zapiak

Aurtengoa, urte garrantzitsua izango da Berazubikoentzat. Ez urteurrenagatik soilik. Garai bateko parte hartze handienen zifra gainditu dutelako. 45 danbor jotzailetik gora izango dira, eta tartean, hiruzpalau gaztetxo izango dira. «Partaide asko gaudenez, agian, herritarrei egiten duguna gustatzen zaie, eta askori, datozen urteetarako ilusioa pizten zaie». Gustuko baduzu, etxean ikusten duzulako da, txikitatik danborradan atera zarelako. Gure kasuan, gainera, auzoko festetan ere atera izan gara, eta horrek eragina du.

«Jantziak, danbor berriak, makilak, txapelak... gastuak handiak izaten dira, eta nahiz eta udaletxearen partetik diru laguntza bat jaso, ez da nahikoa izaten, eta guk geuk zati handi bat ordaindu behar izaten dugu». Aurten aterako diren kide berrientzat ere, jantzi eta txapela berriak egin behar izan dituzte. Baina, ez dira berritasun bakarrak izango. Izan ere, 25. urteurrenerako zapi bereziak atera dituzte, eta horiek jantzita ariko dira danborra jotzen, Tolosako kaleetan».

Jantziak eta txapelak, baina, ez dituzte urte batetik bestera egin, ezta nola hala ere. «Urteetan, lan handia egin zuten auzotar batzuek. Txapelak egiteak sekulako lana eta kostua suposatzen zuen, eta Marilu Aizpun aritu zen horretan. Lanak asko erraztu zizkigun, batez ere, hurrengo urteetan, jantzi berriak egiterakoan. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Udaletxeari eta Frascuelo elkarteari ere eskerrak eman beharrean gara. Izan ere, zezen plazan egiten ditugu entseguak, eta bertan gordetzen dugu danborradarako material guztia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!