Inauterietako mozorroei azken ukituak ematen harrapatu dugu Lierni Carrera Iraola (Tolosa, 1982). Inauterizalea da txiki-txikitatik eta gurasoek dute ardura; aita iazko Kabi Alai Kuttunako Zaldunita taldeko kidea izan zen eta amak jantziak josi eta osatzeko ardura izaten du urtero.
Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?
Gauza asko esango nituzke, baina laburbiltzeko eraldatzen gaitutzen egun bereziak direla esango nuke. Inauterietan azken finean, egunerokoan egingo ez zenituzkeen gauza asko egiten dituzu lasai asko. Zaindu behar dugun altxor bat dira Tolosako inauteriak.
Betidanik bizi izan dituzu?
Txiki-txikitatik. Oso inauterizalea izan naiz beti, eta aitarengatik datorkit asko. Aita Zaldunita taldeko kideetako bat zen eta urte askoan egon gara Iparragirre aurrean ikuskizunak ikusten, musikarekin gozatzen...
Oroitzapen onak dituzu, beraz.
Zaldunita taldearen eta aitaren oroitzapen oso onak ditut. Zoritxarrez aita duela urte gutxi joan zitzaigun, baina oso gogoan dut nola ibiltzen ziren azken momentuan korrika eta zalapartan mozorroei azken ukituak ematen, azken orduan josi eta josi. Lizardi elkartearekin ere familia asko ateratzen ginen, gurasoak eta haurrak, eta oroitzapen oso onak ditut. Garai hartako mozorro asko ditut oraindik gordeak, eta aurten ilusioa berezia egiten dit lau urte nituela erabili nuen Maskaradako Zamaltzain mozorroa nire semeetako batek emango duela.
Mozorro hori kuttuna duzu, baina gehiago ere izango dituzu...
Amak asko josi dizkigu eta kuttunak dira, baina aurtengoan semeak horietako bat jartzea oso berezia da.
Mozorrotzea gustuko duzu, beraz.
Bai, eta nire ustez gainera, inauteriak mozorrotu gabe, ez dira inauteriak. Ni ez naiz dendara joan eta goitik beherako mozorro bat erostekoa. Nik nahiago dut daukadan zerbait eraldatzea, gauzak kendu eta jartzea, bigarren eskuko dendan moldatu daitekeen zerbait hartzea, jostea... aurreko lan hori egitea dut gustuko.
Noiz hasten zara urduritzen?
Data badatorrela ikusten dudanean; prestatzeko dituzun mozorro eta osagarriak mahaian ikusten dituzu bueltaka eta urduritzen zara. Baina inauterien xarma hori ere bada; azken momentuan hari eta jostorratzarekin buelta ibiltzea, azken momentuan josten.
Ostegun Gizenean, txilaba ala buzoa?
Zalantzarik gabe txilaba. Buzoaren moda hori ez zait gehiegi gustatzen. Niretzat Tolosako inauterietako parte da txilaba. Nik Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean eta Zaldunita bezperan janzten dut. Nik uste txilaba indartzen ari dela gazteen artean, eta pozten naiz, egia esan. Heldu asko ikusten ditut ezer gabe, eta horrek pena ematen dit; ez da ezer kostatzen txilaba janztea, normal joan zaitezke jantzita eta gainetik txilaba jantzi, eta inauteri kutsu hori hartzen duzu.
Zein egun duzu gustuko?
Ostegun Gizena asko gustatzen zait, txupinazoa eta hori, asko gustatzen zait. Eta batez ere, egun horretako zezen plazako txarangen irteera gustatzen zait. Niretzat Ostegun Gizena tolosarron eguna da, eta egun horretan San Frantzisko pasealekuan, errepidetik, saltoka jaitsi ahal izatea oso berezia da. Zoragarria da momentu hori. Zaldunita eguna ere asko gustatzen zait. Mozorrotzen zaren lehen eguna da, atzetik egindako lan guztia kaleratzen duzun eguna da, eta berezia da. Hala ere, inauteri guztietan egoten naiz egun osoz kalean.
Txaranga doinuak gustatzen zaizkizu? Doinu zehatzen bat aipatuko zenuke?
Asko, eta herrian txaranga asko ditugu, sekulako zortea daukagu. Tabernetako musika urte guztian zehar dago hor. Niretzat inauteria da kalean eta txarangan inguruan egotea. Edozein doinurekin hasten naiz saltoka kalejiran, baina egia da aitarengatik edo, Pintxana eta Lizardiren abestiak asko gustatzen zaizkidala. Aitak Zaldunitan ateratzen zirenean akordioa, organoa... jotzen zuen, eta musika asko jaso dugu ere.
Familian ala lagunartean bizi dituzu inauteriak?
Bizitzako etapa desberdinak daude. Lagunekin noski ibili naizela, eta orain bi seme eta senarrarekin ibiltzen naiz gehiago.
Zer falta zaie inauteriei, edo soberan al dute zerbait?
Ez nuke ezer nabarmenduko, baina bai aipatu izan dugula azken urteetan Trianguloa inguruan sortzen den burrunba ez zaigula gehiegi gustatzen. Gazte asko jartzen dira hor, geldirik, edari askorekin, ezer apartekorik egin gabe, musika oso altu dutela... niri ez zait gehiegi gustatzen, nik ez ditut horrela bizi inauteriak.
Gustuko al duzu danborrada?
Ohitura daukat joatekoa, lehenik haurrena ikustera eta helduenera gero. Amak ere esan izan dit atera beharko genukeela, inoiz ez da berandu, ikusiko dugu.
Atera al zara inoiz karroza edo konpartsaren batean?
Karrozetan behin ere ez, baina bai konpartsetan. Ikastola garaian Kazkabarra aisialdi taldearekin ateratzen nintzen Astelenitan. Urte batzuetan plataforma txiki batekin ere ibili izan gara kuadrillan, baina orain ez, orain familian ateratzen gara, lagunartean.