Zeure buruarengan edo inguruko norbaitengan identifikatzen baduzu, ez duzu neurri berezirik hartu behar, sortzetiko gaixotasun kronikoa baita. Hona hemen bere fase eta sintomak:
1. Hibernazio fasea. Sintomak: apatia, tristura, nahigabea, gogo falta.
Gaitza kronikoa izan arren, lozorro fase luzea du eta ez da erraza identifikatzeko. Normalean ezkutuan pasatzen da errutinaren gurpilean, eta kasurik larrienetan depresioarekin nahastu daiteke.
2. Eklosio fasea. Sintomak: baikortasuna, hitz-jarioa, energia, gehiegizko ongizatea.
Horiek dira gaitza aktibatzen hasi dela erakusten duten lehen sintomak, garai samurra da oraindik. Nahiz eta urte osoko apatiatik ateratzeak aurrerapausoa ematen duen, ekaitzaren aurretik datorren barealdia baino ez da.
3. Garapen fasea. Sintomak: urduritasuna, kontzentratzeko zailtasunak, ez-ohiko irudimena eta sorkuntzarako joera.
Fase honetan hasten da birusa bere hankatxoa erakusten. Gaixoari asko kostatzen zaio inauteria ez den beste ezertan pentsatzea, edozerk iradokitzen dio mozorro edo ideia xelebre bat, eta zailtasunak ditu eguneroko bizitzan zentratzeko. Haurren kasuan hiperaktibitatearekin edo arreta faltaren defizitarekin nahastu izan da, eta helduetan abstinentzia sindromearen antza har dezake.
4. Euforia fasea. Sintomak: euforia, frenesia, eutsi ezinezko algara, lo hartzeko zailtasunak.
Hauxe da gaitzaren fase akutu eta arriskutsuena eta bost eguneko iraupena du (adituek zehaztasun handiz neurtu ahal izan dute, eta beti ostegunetik astearterako egunetan azaleratzen da). Gaixoak zailtasunak izaten ditu etxerako bidea aurkitzen, eguraldiarekiko sentsibilitatea galtzen du eta errealitatearekiko kontaktua galtzera irits daiteke, beste pertsonalitate bat (edo batzuk) erakutsiz.
5. Erremisio fasea. Sintomak: nekea, giharretako mina, depresioa.
Euforia fasea zenbaterainoko bortitza izan den, proportzioko ondorioak izan ditzake fase honetan, eta luzera ere horren araberakoa da. Hemendik, gaitzak lozorro fasera egiten du normalean.
Birus honen sintomaren bat sumatu baduzu, zaude lasai, ez da hilgarria. Baina zaude adi, medikuek diote infektatu gehienak garapen fasearen gorenera iristen ari direla, beraz, laster iritsiko zaizu euforia. Gozatu, bost egun besterik ez dira izango eta!