Ordenaren parodia

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2020ko otsailaren 15a

Wikipediari begiratua bota eta hortxe topatu dut nire intereserako hari mutur aproposa. Inauterien ezaugarri berezia omen da, parodia eta satira giroan, «gizarte ordena urratu eta alderantzikatzea». Ederra iruditu zait.

Izaki sozialak garen heinean inguruneari atxikita eta erne bizi gara, gaizki doana hobetuko dugun asmotan, gaizki joanarazten dutenak noizbait gaindituko ditugun esperantzan. Eta akaso ene prisma subjektiboa izango da, baina ustea badut ez ote diren figura batzuk errebindikatzen eta beste batzuk irrigarri uzten. Che Guevara, Puigdemont, mendigoizaleak, sobietarrak, etab. goratzen; eta, azkenaldian, Tolosaldean hain presente dugun Guardia Zibila, Raxoi, Trump, bankeroak, popeak eta enparauak erridikulizatzen. Instintuz.

Edonola, egunerokoari desordena gailentzen zaio. Lagunak gertuago, ardurak urrutiago, mozorroak babesturik barrenak askeago. Pausa bat. Puntu eta jarrai.

Eta presoak? Eten honetan parterik izaten ote duten? Beste bat loturik deino ez gara libre izango, ziur. Bada maite eta gogoratzen dituztenik, aske nahian.

Garizuma bezpera baino data hoberik ez zait okurritzen herri sagardotegi bat antolatu eta txandan-txandan ekarpena egiteko, drama serioa dena jai giroan txertatu eta aldarrikatzeko.


Zertaz mozorrotuko ote dira aurten? Kartelaren zain izaten gara irrikatan.

Bitartean berriz, txootx!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!