Incansables txaranga izango da 2020ko Kabi Alai Kuttuna

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko otsailaren 13a

Kabi Alai elkarteak gaur eman du jakitera, datorren osteguneko suziria piztuko dutenen izena; mende erdia betetzera doa txaranga.

1971. urtean sortu zen Incansables txaranga, Hernaniko, Villabonako eta Tolosako musikariak tartean zirela. orduz geroztik, haien izenari men eginez, txarangak ez du etenik izan, eta txarangen mundua berritu eta profesionalizatu duen taldea izan da. Bada, euren 50 urteko ibilbideaz gain, Tolosako Ostegun Gizenean Kabi Alairekin beteko dituzten 43 urteak ere saritu nahi izan dizkie elkarteak, errekonozimendu inauterizalearekin.

Sorreraz geroztik txarangan jarraitzen duen kide bakarra da Joaquin Ortega Canario hernaniarra, eta hainbat belaunaldi aldaketa ezagutu ditu alboan. Astebete barru, ordea, txarangan aritutakoak izango ditu lagun, egun berezian: Manolo Ropero, Paotxa eta Moneo. Estreinakoz, bestela ere Plaza Zaharrean egoten zen talde batek jasoko du Kabi Alai Kuttuna saria.

Ezinbestean, tolosarren ezustekoren baten zain egon beharko dute, Kabi Alaik hala ohitu baititu herritarrak, azken urteetan. Horrela, beraz, 11:45eko buelta horretan iragarriko dute, aurtengo parodia. TOLOSALDEKO ATARIAk bihar argitaratuko du, Kabi Alai Kuttuna sariaren aitzakian, Incansables txarangari egindako elkarrizketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!