Pasahitza (zaharra) Inauterizalea

"Hori dute inauteriek: bizitako momentuek elikatzen dute hurrengoetarako grina"

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 11a, 07:59

Dena ikusten duen begia da Tolosako inauterietan. Festaren zirrikitu guztiak zeharkatzen ditu, eta haietan dauden bihurguneak herriari erakutsi, gero. Zenbait tolosarrek ihes egiten diote bere kamerari, eta haren foku erraldoiari, baina gero gustura begiratzen diete, berak grabatutako irudiei.

Hainbeste urteren ondoren, Pablo Dendaluzek (Tolosa, 1963) gozatu egiten du inauteriak lanean biziz, eta festa ondorenean irudiak berriro ikusiz, nahiz eta noizbait parranda betera itzultzeko asmoa duen.

Inauterizale titulua jarrita heldu zara ATARIAra. Hala al zara?

 

Bai. Inauteriak bizitzeko modu desberdinak daude, eta nik esan dezaket guztietan aritu izan naizela. Festan murgildurik, karroza, txarangan, kuadrillan eta, azken urteotan, lanean.

 

Zein dira gogoan dituzun inauteri zaharrenak?

 

Lehendabiziko oroitzapenak umetakoak dira. Aita elkartean ikusi izana dut gogoan, txaranga zuzentzen; bera ez zen zuzendaria, baina elkarteko giroan edonork hartzen du momentuko ardura. Aitarekin eta aitaren lagunekin oroitzapen oso polita daukat.

 

Gaur egungoa, beste mundu bat da?

 

Bai, asko aldatu da. Gu aldatu garen bezala, inauteria ere aldatzen joan da, eta baita inauteria ikusteko eta gozatzeko gure modua ere. Baina hala behar du: bizitza aldatzen den bezala, inauteriek ere aldaketa behar dute.

 

Azken urteotan kameraren atzean bizitzen dituzu inauteriak. Horrek inauteriekiko ikuspegia aldarazi dizu?

 

Bai, festa kanpotik ikusten delako, beste modu batera, objektiboago; ausartuko naiz esatera, naturalago ikusten dela horrela. Lan egiteak baditu gauza onak eta, horietako bat da, osasuntsuagoa dela [barreak]. Inauterietan bi trago hartu ez dituenak, eskua altxa dezala. Lanean ari zarela, bai, tarteka goza dezakezu. Baina ez dut astirik hartzen, eta ez dut apenas edaterik izaten, beraz, osatuago zaude gauzak ikusteko, eta zenbait ondorio ateratzeko. Finean, osatuago zaude lan egiteko. Nik pauta batzuk izaten ditut, egunean egunekoak, eta festa oso ondo ezagutzen dut barrutik, kanpotik, elkartean nahiz kalean. Badakit zein diren une gogoangarriak, non dauden inauteri zaleak, non egon daitekeen aldaketa eta non berrikuntza. Horregatik, uste dut interesgarria dela lan egitearen ikuspuntutik inauteriak bizitzea.

 

Tolosako inauteriak beti berdinak, baina beti desberdinak dira. Aipatu duzunagatik, aurrez erabakitzen duzu zein irudi hartu.

 

Gaur egun, egia esan, ez dut plangintzarik behar, egunez egunekoa buruan daukadalako. Urte asko dira jada, eta leku batetik bestera mugitzen naiz. Inauterien egitarau ofiziala berdina da urtez urte, baina badira bestelako ekitaldiak, inauteriei bizigarria eman dioten horiek, eta saiatzen naiz horiek ere harrapatzen. Zaila da, askotan inprobisazioari lotuta egoten direlako, baina une polit horiek harrapatu nahi izaten ditut.

 

Bat-batean sortu izan diren momentu horietan, baduzu baten bat memorian gordea?

 

Inauteriak bizi izan ditut karroza handi batean, bizpahiru hilabete lehenago lanean hasiz, askotan haserretuta bukatuz [barreak]. Hainbat modutara bizi izan ditut, baina, azkenean, horrek guztiak aukera eman dit zehazteko, nire ustez, zein den inauteriak bizitzeko modu politena: hiruzpalau laguneko talde batean, tabernetan sar daitekeen tramankulu txikiren batekin. Eta, izan taberna, izan kalea, izan zezen plaza, bertan jokoa emango dizuna. Neurri horretako gauzatxoak kalean ikusten ditudanean, nire artean pentsatzen dut: “Hau badoa, honek zerbait egingo du”. Gero eta gutxiago dira horrelako gauza txikiak, baina horiek harrapatzen saiatzen naiz.

Eta, noski, musikak ere momentu ederrak sortzen ditu. Asteartero ateratzen dira orain, baina duela zortzi edo bederatzi urte elkartu ginen zezen plazan, lehenengoz. Garikanotar batzuk, esnaolatarrak eta beste zenbait ginen, eta emanalditxo bat inprobisatu genuen. Asteartita, arratsaldeko bostak, indarrak nahiko justu,... Baina gogoz geunden, eta lagun arteko kantaldi moduko bat sortu zen. Azken finean, hori baita inauteria: aldamenekoarekin ondo pasatzea.

 

Oraindik ere ba al da, inauterietan, atentzioa ematen dizun zerbait?

 

Noski baietz. Inauteria urtero desberdina da, eguraldiak eragin handia du, jendeak horren arabera mugitzen da,... Urtero gauza politak ikusteko aukera izaten da. Freskotasun horrek, bat-batekotasunak ematen dio, inauteriari, haien zain berriro egoteko grina. Eta baita salto egiteko, dantzan aritzeko eta hunkitzekoa ere.

 

Aipatuko zenuke barregarriena suertatu zaizun ideia?

 

Guk geuk, karrozan eta konpartsan, atera izan ditugu ideia onak. Barriolatarrekin urtetan atera izan naiz, kotxe zahar bat hartu eta hura moldatuta. Joxemari eta Iñaki [Barriola] elkartu, eta beste sateliteren batzuekin, lauzpabost izaten ginen. Une eta argazki oso politak ditut gogoan.

Bat aipatzearren, behin linea erotiko bat atera genuen, grabaketa eta guzti. Jendea metro karratuko kabina moduko batean sartzen genuen, gutako hirurekin. Gauza lizunak esaten genizkien, eta sekulako aurpegiak jartzen zituzten. Horrelako makina bat oroitzapen ditut, eta hori dauka inauteriak; oroitzapenak betirako geratzen dira, eta bizitako momentuek elikatzen dute hurrengo inauterietarako grina.

 

Eta, momentu hunkigarririk baduzu buruan?

 

Bai, beti izaten dira. Bandaren kontzertuaren hasiera hunkigarria da, Dianaren hasiera hunkigarria da; musikarekin lotutako edozein une da hunkigarria. Eta, askotan, hunkigarritasuna ere badatorkizu, egoera konkretu batean pertsona bat falta dela konturatzen zarelako. Hunkigarritasuna hainbat modutara bizi daiteke, eta inauteriek horretarako ere ematen dute.

 

Zer ikasi duzu inauterietan, inauteriak kamera baten bitartez grabatuta?

 

Inauterietan daukagun borondatea, elkarrenganako errespetua, lanerako joera,... Potentzial hori, urtean zehar, beste zenbait eremutara eramango bagenu, ederra litzateke. Hortaz jabetzeko aukera eman dit, inauteriak kamera baten atzetik ikusteak. Eta baita beste zenbait ondorio ateratzekoa ere: zein aberatsak diren eta zein beharrezkoak diren. Aberastasuna nabarmenduko nuke, eta inauterietako musika, gehienbat; musika da inauteria.

 

Esan duzun horren ondoren, nola definituko zenituzke Tolosako inauteriak?

 

Inauteriak herriko festak dira, eta horrek makina bat arlo bereganatzen ditu, parte hartzaileak direlako, alaiak direlako, gureak direlako. Inauteriak direlako.

 

Honetara ezkero, imajinatzen al dituzu Tolosako inauteriak, kamerarik gabe?

 

Nik beti esaten dut, nire lana militantea dela. Nik esatea asko esatea da, baina, harrokeriarik gabe diot, nik egiten dudan lana dirutan kobratu beharko banu, segur aski ez nukeela egingo. Kasu honetan, nire lana ez dut ekonomikoki baloratzen, eta inauterietan nire lanak badu militantzia kutsu hori. Noski, soldatatxoa ateratzen dut, tontoa ere ez naiz.
2014an parentesi bat egin nuen, eta ez dut nire bizitza guztia kameraren atzean ikusten; are gutxiago, inauterietan. Inauteriek, niretzat, badute gozatzeko eta bizitzeko beste indar bat, eta beste parentesitxo bat egingo dut. Askok erdi txantxatan esaten didate: “Tira, Dendaluze etorri da, beraz, has gintezke”. Nik ere barre egiten dut, ekitaldi askotan, ia-ia festaren osagai bat gehiago bilakatu naizela ikusita.

Iaz konturatu nintzen, fisikoki ere gero eta gogorragoa dela lan hau. Adinean aurrera goaz, eta egur handia da: egun asko, lo ordu gutxi, leku guztietara iritsi nahi, gauzak ahalik eta azkarren sareratu behar,... Lana ez da kalean bukatzen, estudioan jarraipena izaten du, eta ordu asko dira. Baina, esandakoa, gustura bizitzen ditudan festak dira, eta gustura egindako lana da.

 

Baina, zenbat ordu dira? Zeren, Asteartita goizez, esaterako, Alboradan izaten da zure kamera, eta sardinaren hiletan ere bai.

 

Gauak hiruzpalau ordukoak izaten dira, eta askotan hori ere ez, ohera sartu eta burua pil-pilean izaten baita sarri. Iaz ez nuen gaupasarik egin lanean, baina duela bi urte bai. Bai, oso ordu gutxi egiten ditut lo, baina, era berean, inauterietako lan hori kargatze moduko bat da niretzat. Nahiz eta kanpotik bizi izan, erregaia dira motorrarentzat, aurrera egiteko indarra ematen dute.

 

Kamera utzi eta inauteriak lehen bezala bizitzera itzuliz gero, zeren falta sumatuko zenuke?

 

Ezeren faltarik ez nuke sumatuko. Ni festan murgiltzen naizenean, parranda zalea naiz, dantza egitea gustatzen zait, eta algaraka ibiltzea. Erabaki hori hartuko banu, gainera, kontsekuente izango nintzateke. Seguru kamera txikiren bat eramango nukeela, baina gauzak oso bestela egingo nituzke, eta festan bete-betean murgiltzera joango nintzateke.

 

Besteren baten kameraren aurrean posatzera, akaso?

 

[Barreak] Normalean, gusturago ibiltzen naiz kameran atzean, aurrean baino. Baina, zergatik ez? Behar izanez gero, eta zerbaitetan lagundu behar izanez gero, ez nuke inongo arazorik izango kameraren aurrean jartzeko, gaur mikrofono aurrean jarri naizen bezala.

 

Errejidore lanean ere treba zara, telebistako platoak antolatzen. Zentzu horretan, inauterietako kaosa justu aurkakoa da. Gustuko duzu bi puntu horien artean egotea?

 

Bai. Baina, hain zuzen ere, inauteriek zerbait polita baldin badute, hori da: kaosaren eta zalaparta horren guztiaren artean, badagoela nolabaiteko oreka bat. Gu ez gara konturatzen, baina badago: ibilbidea dela, jendea dela, eremuak direla,... Ordutegiri handiegirik ez dago, eta askotan dezibelioek ere ez dute mugarik, baina badago nolabaiteko orden bat.

Errejidore lanarekin, noski, ez du zerikusirik. Antzekotasunen bat aipatzekotan, esango nuke badaudela antzeko osagai batzuk –musika, aurkezleak, antzezleak–, baina telebistan modu serioan bideratzen direla, ikuslearentzako, eta inauterietan ikuslea oso bestelakoa dela; kaleko jendea. Bata serioa da, eta bestea guztiz anarkikoa.

 

Zer sentitzen du batek, inauterietan norbait beraz mozorrotu dela ikusten duenean?

 

[Barreak] Gertatu izan zait, bai. Hasieran, ez dut ukatuko lotsa pixka bat sentitu ez nuenik. Baina, bestetik, irakurketa baikorra ere egiten dut: mozorrotu denerako, zerbaitetarako balio izan du presentzia horrek, ezagutzen gaituzte eta jokoa ematen du.

 

Musika hainbatetan aipatu duzu elkarrizketan barrena. Ezinbesteko elementuetako bat da inauterietan, baina, kantu bat aukeratzeko gai izango zinateke?

 

Uf! Egunaren eta lekuaren arabera, gorputzak melodia bat eskatzen dizu. Alboradan txistua entzutea oso gauza polita da, eta kalejira batean Iruretarena entzutea zoragarria da, saltoka joateko. Galtzaundik eta habanerek beste zenbait osagai dituzte, sentimentalagoak eta lasaiagoak. Une bakoitzak bere abestia eta bere musika dauka, eta nik ez nuke bat aukeratuko. Orokorrean, esango nuke musika ezinbestekoa dela eta, musikari gabe, gure inauteriek jai daukatela. Hori barneratu behar dugu, eta hori kontuan izan behar dugu.

 

Eta, zein momentu eta zein egun duzu gustukoen?

 

Festa lehertzen den hori, Ostegun Gizeneko momentu hori. Korporazio hori balkoira irteten denean, suziria pizten dutenean eta txaranga entzuten denean, hori oso momentu polit da. Hori aukeratuko nuke, baina beste guztiak ahaztu gabe: zezen plazatik gora edo behera egindako edozein kalejira, bandaren pregoi kontzertuko edozein momentu,... Eta, ahaztu gabe, kale batean, pasadizo batean edo elkarte batean inprobisatutako edozein momentu musikal edo xelebrekeria txiki horiek. Horiek ere oso politak dira, eta horiek bizi ahal izatea pribilegio bat dela uste dut.

 

Aurtengoak ere badatoz, pasatu da urtebete. Prest zaude?

 

Bai, lanean hasi naiz jada. Igandean Iurreamendi egoitzan kontzertua eskaini zuen bandak, eta bertan izan nintzen. Niretzat hori da hasiera: banda igotzen da, bertako adinekoek eskertu egiten dute, dantza eta negarra egiten dute, eta hor hasten da. Urtero ukitu berezia ematen saiatzen naiz, eta iaz omenalditxoa egin nien bertako langileei; aurten ere, bertako egoiliarrekin elkartu naiz, haien oroitzapenak-eta konta ditzaten.

 

Inauterien ondoren, oporrak hartzen dituzu?

 

Ez, ez. Nik daukadan hitzarmenak derrigortzen nau, inauteri osteko astebururako materiala eta edizioa ia-ia bukatuta edukitzera. Beraz, inauteriak bukatu ondorengo lau egun horiek zoramena izaten dira niretzat. Eta, aurten, are gehiago, bestelako lanak ere baditudalako; nahiko justu ibiliko naiz denboraz. Baina, egia esan, festan grabatutako irudiak ordenagailura pasatu, eta hori muntatzen eta horri forma ematen ari naizela, berriz ere festa bizitzen dut. Niretzat oso-oso polita da, eta horrek ere betetzen nau. Fisikoki, noski, lotarako ordu gutxiegi izango ditut, baina gauzak berriro ikusiz eta erreportajeari forma emanez lortzen dituzun sentsazioak ere oso politak dira, beraz, gaitz erdi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!