Sanjoanen bueltan protagonismo handiagoa izan ohi du Udaberri dantza taldeak, eta negua sukaldeko lanak egiteko garaia izaten da eurentzat. Hori hala izanda ere, urteak daramatzate Zaldunita bezperako dantzari txikia antolatuz, eta aurten aletxo bat gehiago utzi nahi izan dute inauterietan: Gaur txantxo naiz emanaldi berezia eskainiko dute, datorren otsailaren 14an, Zerkausian.
Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, eta inauterien umoreari, parodiari eta satirari jarri zioten fokua. Izan ere, Euskal Herriko inauteri ospakizunen nolakotasuna taula gainera ateratzearekin batera, txantxo izaera berreskuratzeko deia ere izango da hurrengo astekoa: "Hiriko inauteria gero eta komertzialago bilakatzen ari da, baina, garai batean, herritarrek beren identitatea ezkutatzen zuten inauterietan, ezarritako ordena iraultzeko; Tolosan ere hala egiten zuten, eta galtzen ari da".
Horrela, proposamen berezi batekin helduko da dantza talde tolosarra, hilaren 14an. Euskal Herriko inauteri bereizgarrienekin batera, Tolosaldeko zenbait inauteri ere bilduko dituzte Gaur txantxo naiz emanaldian, dantza, antzerkia, musika eta bertsoak uztartuz. Besteak beste, Lizartzako Inauterietako Dantzak, Abaltzisketako Txantxo Dantzak eta Amezketako Talai Dantzak eskainiko dituzte eta, eskualdetik aterata, taula gainean eskainiko dituzte beste inauteri koloretsu batzuk ere, hala nola: Lapurdiko Inauterietako zenbait dantza, Zuberoako Maskarada, Altsasuko Momotxorroen Dantza eta Lantzeko Inauterietako Baltsa eta Zortzikoa. Dantzen pausoei doinua jartzen, Udaberri dantza taldeko fanfarrea ariko da.
Gaur egun taldean ari direnekin batera, atzetik datorren belaunaldia nahiz urtetan taldean aritutako zenbait kide ere igoko dira oholtzara; guztira, 50 pertsonak parte hartuko dute saioan. Saioa 20:30ean hasiko da, Zerkausian, eta sarrera doakoa izango da.