Zezen plazako palkoen zozketarako izen ematea astelehenean irekiko da

Ataria 2020ko urtarrilaren 31

Internet bidez eman beharko da izena, otsailaren 3tik 5era bitartean. Laguntza behar izanez gero, Kultur Etxera ere joan ahal izango da. Zozketa hilaren 6an egingo da. 

Inauterietako zezen plazako palkoen zozketan parte hartzeko otsailaren 3tik 5era izena eman beharko da. Izen-emateak www.tolosa.eus/inauteriak helbidean egin beharko dira. Laguntza behar izanez gero, Kultur Etxeko bulegora ere jo ahal izango da (10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara). 

Zozketan parte hartu nahi dutenek  (adinez nagusia izatea derrigorrezkoa izango da) eskaera bakarra egin ahal izango dute egun bakoitzeko. Izen-abizenak, NAN zenbakia, telefonoa, eta helbide elektronikoa zehaztu beharko dira zozketan parte hartzeko. 

Zozketa otsailaren 6an izango da

Palkoen zozketa publikoa izango da, eta otsailaren 6an egingo da, Kultur Etxeko areto nagusian, 17:00etan. Egun bakoitzerako zozketa bat egingo da. Zozketaren prozedura, berriz, honakoa izango da: Izena ematerakoan adierazi den helbide elektronikora zenbaki bat iritsiko zaio bakoitzari, eta zenbaki hori izango da zozketan parte hartzeko zenbakia. 

Behin zozketak eginda, palkoa egokitu zaien pertsonek kultur etxera joan beharko dute otsailaren 6an edo 7an, palkoko sarrerak hartzera eta ordaintzera. NAN-a eramatea derrigorrezkoa izango da sarrerak hartzeko. Palkoen prezioa 42 eurokoa izango da eta ordainketa kreditu txartel bidez egingo da. 

Zozketan sarrerak lortutako norbaitek sarrera horiek hartuko ez balitu, zozketa egunean bertan eratuko den itxaron zerrendako kideei eskainiko zaizkie.

Palkoak zatiezinak dira eta osorik erosi behar dira, hau da, 12 sarrera palkoko. Hauek izango dira zozkatuko diren palko kopurua:

  • Ostegun gizena: 15 palko
  • Zaldunita - Astelenita - Asteartita: 25 palko

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!