Neurri berriak adostuko dituzte, inauterietako kutsadura akustikoari eta segurtasunari lotuta

Ataria 2020ko urtarrilaren 24a

Aisialdi taldeekin eta karrozetako ordezkariekin bilduta, asteartean txarangekin elkartuko da udala.

Inauterien bueltan sortu ohi diren bizikidetza arazo nabarmenenak konpontze bidean, Tolosako Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu du, zaratari eta segurtasunari lotutako neurriak hartzeko. Lana bukatuta, udalbatzako talde guztiek bat egin dute aholkularien proposamenekin, eta orain herritarrei eta eragileei aurkeztu nahi dizkiete, haien adostasun eta inplikazioaren bila. Joan den astean egin zituzten lehen bilerak, eta hilaren 28an izango da hurrengoa.

Inauteriak «herritik eta herriarentzat» direla azpimarratuz, udalak garrantzi berezia eman dio proposamenak aurrez aurre aurkezteari. Bide horretan, aisialdi taldeekin eta karroza eta konpartsekin elkartu dira honezkero, eta txarangetako kideekin elkartuko dira, datorren urtarrilaren 28an. Herritarrentzako deialdi irekia izango da azkena, otsaileko lehen astean, eta ordu eta lekua aurrerago iragarriko dituzte.

Behin eragile guztiekin gaiaz hitz egindakoan, Tolosako Udalak ezagutzera emango ditu 2020ko inauterietarako neurri eta proposamen berriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!