2011n argitaratu zuten inauterietako lehen kartel alternatiboa, eta 2015ean abiarazi zuten helburu bereko lehiaketa. 1969az geroztik «egile berari inauterietako kartela egiteko pribilegioa» eman diotela iritzita ekin zion, Box.A-k, beste kartel bat sortzeari. Horrela, 2020. urteko inauterietan ere, Box.A elkarteak kartel alternatiboa zintzilikatu nahi du Tolosako hormetan, eta lehiaketa zabaldu dute horretarako: serigrafia bidez ekoitzitako 100 kartel ekoitziko dituzte lan irabazlearekin.
Hilaren 31 izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta egile bakoitzak nahi adina lan aurkezteko aukera izango du; hori bai, gehienez ere bi kolore erabili ahal izango dira, gero serigrafia bidez ekoitziko dituztelako.
Formatu fisikoan aurkeztutako lanek, gutxienez, A3 neurrikoak beharko dute izan eta, bestela, proportzio horiek mantendu beharko dituzte. Euskarri digitalari dagokionez, berriz, JPG formatuko artxiboak bidali beharko dira, A2 neurrian eta 300 ppp-ko bereizmenarekin.
Sormen lanak helarazteko bideak honakoak izango dira: posta arrunta (Box.A Arte Elkartea / San Esteban, 19, atzealdea /Tolosa) edo posta elektronikoa (gu@boxagara.com ).
Diseinurako baldintza bakarra ezarri dute: Tolosako Inauteriak 2020 / Otsailaren 20tik 25era testua idatzirik izatea. Behin lanak jasotakoan, epaimahaiak erabakiko balu saria jasotzeko maila duen lanik ez dagoela, aukera izango lukete lehiaketa eteteko.
Kontrara, kartel bat irabazle suertatzen bada, egileak serigrafia prozesuan parte hartzeko aukera izango du. Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa jarriko dute beren egoitzan.