Neurri berriak adostuko dituzte, inauterietako kutsadura akustikoari eta segurtasunari lotuta

Tolosaldeko Ataria 2020ko urtarrilaren 21a

Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu du, eta udalbatzako talde guztiek bat egin dute neurriekin; datozen asteotan, herritar eta eragileei aurkeztuko dizkiete, adostasuna bilatzeko.

Inauterien bueltan sortu ohi diren bizikidetza arazo nabarmenenak konpontze bidean, Tolosako Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu du, zaratari eta segurtasunari lotutako neurriak hartzeko. Lana bukatuta, udalbatzako talde guztiek bat egin dute aholkularien proposamenekin, eta orain herritarrei eta eragileei aurkeztu nahi dizkiete, haien adostasun eta inplikazioaren bila. Gaur izango dira lehen bilerak.

Inauteriak "herritik eta herriarentzat" direla azpimarratuz, udalak garrantzi berezia eman dio proposamenak aurrez aurre aurkezteari. Bide horretan, aisialdi taldeekin elkartuko dira lehenik, gaur, 17:00etan, eta karroza eta konpartsekin 19:00etan. Hurrengo bilera, berriz, datorren urtarrilaren 28an izango da, txarangetako kideekin, eta herritarrentzako deialdia izango da azkena, otsaileko lehen astean.

Behin gizarteko talde horiekin guztiekin gaiaz hitz egindakoan, Tolosako Udalak ezagutzera emango ditu 2020ko inauterietarako neurri eta proposamen berriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!