Inauterietako kartel alternatiboa egiteko lehiaketa zabaldu du BOX.A elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 20a, 17:34

2018ko inauterietako kartel alternatiboa.

2015ean ekin zioten lehiaketa antolatzeari, eta aurten ere 100 kartel ekoitziko dituzte, irabazlearen lanarekin; urtarrilaren 31ra bitarte lanak aurkezteko aukera izango da.

2011n argitaratu zuten inauterietako lehen kartel alternatiboa, eta 2015ean abiarazi zuten helburu bereko lehiaketa. 1969az geroztik "egile berari inauterietako kartela egiteko pribilegioa" eman diotela iritzita ekin zion, BOX.A-k, beste kartel bat sortzeari. Horrela, 2020. urteko inauterietan ere, BOX.A elkarteak kartel alternatiboa zintzilikatu nahi du Tolosako hormetan, eta lehiaketa zabaldu dute horretarako: serigrafia bidez ekoitzitako 100 kartel ekoitziko dituzte lan irabazlearekin.

Hilaren 31 izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta egile bakoitzak nahi adina lan aurkezteko aukera izango du; hori bai, gehienez ere bi kolore erabili ahal izango dira, gero serigrafia bidez ekoitziko dituztelako.

Formatu fisikoan aurkeztutako lanek, gutxienez, A3 neurrikoak beharko dute izan eta, bestela, proportzio horiek mantendu beharko dituzte. Euskarri digitalari dagokionez, berriz, JPG formatuko artxiboak bidali beharko dira, A2 neurrian eta 300 ppp-ko bereizmenarekin.

Sormen lanak helarazteko bideak honakoak izango dira: posta arrunta (BOX.A Arte Elkartea / San Esteban, 19, atzealdea /Tolosa) edo posta elektronikoa (gu@boxagara.com).

Inauterietako kartel alternatiboaren diseinurako baldintza bakarra ezarri du BOX.A-k: Tolosako Inauteriak 2020 / Otsailaren 20tik 25era testua idatzirik izatea. Behin lanak jasotakoan, epaimahaiak erabakiko balu saria jasotzeko maila duen lanik ez dagoela, aukera izango luke lehiaketa eteteko.

Kontrara, egitasmoak aurreikusitako bidea jarraitu, eta kartel bat irabazle suertatzen bada, egileak serigrafia prozesuan parte hartzeko aukera izango du, BOX.A-ko tailerrean bertan. Azaldu dutenez, aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa jarriko dute beren egoitzan.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!