Hilabete falta da inauterietarako!

Ataria 2020ko urt. 20a, 12:00

Ferialekuan giro hotza zegoen gaur goizean; dozena bat konpartsa; bi langile, txukuntasuna eta isiltasuna. Hilabete barru bestelakoa izango da bertako giroa. 

"Kanpotarrak lanean eta bertakorik ez" zioen gaur goizean Ferialekuan lanean ari zen billabonatarrak. Alboan, Anoetan bizi den tolosarra zuen, umore onean. Urte berriarekin batera zabaldu zituen Ferialekuak konpartsa eta karrozentzat ateak. Billabonatarrak, ordea, Santo Tomasetatik karrozan lanean dabilela esan du. Pintaketa lanetan ibiltzea tokatu zaio gaurkoan. 

Otsailaren 20an hasiko diren inauterietarako hilabete geratzen denean, Anoetan bizi den tolosarrak anana erraldoi bat egitea du helburu. Azken 44 urteetan, garai hauetan, Ferialekuan egoten dela esan du; "erabat aldatu da hemengo giroa", dio. "Orain ez da horrenbesteko lanik hartzen; pintatu eta listo. Gazteak hona etortzen direnean ez dakit zer egiten duten, baina lanean baino festan pasatzen dute denbora: musika topera, edariak eta... erabat aldatu da inauteri aurreko giroa". Karroza eta konpartsen funtzioaren inguruan ere malenkoniaz begiratzen du atzera: "Lehen jendea zirikatzeko gairen bat hartzen zenuen. Herrian zeresana eman duen gairen bati punta ateratzen zenion. Horrela giro naturalean barre egiteko aukera zenuen, eta ikusten egoten den jendeak berdin. Hori oso polita izaten zen". Udalarentzat ere izan du mezua: "Orain, Ferialekuan non jarri behar duzun esaten dizute. Eta begiratu, ea argindarra aurkitzen duzun. 380 V entxufeak han eta hemen daude, baina esan, gaur egungo gazteek horrelako entxuferik ba al dute? Ez da horrenbeste kostatzen 220 V-ko irteera batzuk jartzea. Hau esan izan dugu udaletxean, baina.... Ez dakit, batzuetan pentsatzen dut inauteriekin amaitu nahi dela".

Ferialekuko giroa bezala, hilabete barru aldarteak ere goitik behera aldatzen dira. Hori Tolosaldeko Ataria-k frogatuko du bertatik bertara, izan ere, egun horietako eskaintza ez da nolanahikoa izango: 

Inauterietarako prestaturiko eskaintza

  • Tolosaldeko Ataria-k urteroko moduan inauteriak gerturatuko dizkie eskualdeko herritarrei, gaurtik hasita. Ostegun Gizena bitarte inauterietako albisteak jorratuko ditu eta jada hasia da otsailaren 14an argitaratuko duen astekari berezia prestatzen. Inauteriei begirako astekariak Tolosako, eta Berastegi, Lizartza, Abaltzisketa eta Amezketako inauterietako egitarau eta erreportajeak bilduko ditu, eta kaldereroek ere izango dute euren lekua. Eta noski, baita Inauterizale Kuttunak ere, elkarrizketa zabala egingo baitio Ataria-k.
  • Inauterietarako astebeteren faltan Ostegun Gizeneko protagonistak bilduko ditu, jada motorrak berotzen hasteko garaia dela iragartzeko. Eta aurten ere Ostegun Gizeneko txupinazoa eskainiko du Ataria-k zuzenean 28 Kanalarekin elkarlanean, eta bezperan herritarrek lehertzen duten txupin alternatiboari ere jarraipena egingo dio.

  • Inauteriak lehertuta, egunero-egunero izango da Ataria kalean eta webgunean, eta albisteak, argazki galeriak eta bideoak eskainiko ditu, gertatzen den horretara gerturatuz. Horrekin batera, egunkaria argitaratuko du egunero. Inauterietako protagonistetara gerturatuko da Ataria eta inauterizaleak ere elkarrizketatuko ditu. Gorka Salaberria komikigileak inauteriak ilustratuko ditu egunez egun eta txarangak ere izango dira protagonista, Josu Artutxa kazetariak egun bakoitzean protagonista diren txarangen berri emango baitu hainbat erreportajetan. 

  • Astekari, egunkari eta webguneaz gain, irratiak ere egingo du inauterietako jarraipena, eta azken urteetan bezala, Zaldunita, Astelenita eta Asteartitan San Frantzisko pasealekuan izango da zuzeneko saioa egiten. Astelenita eta Asteartita arratsaldean gainera, Beotibar frontoiko pilota partidak eskainiko ditu zuzenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!