Tolosako finalaurrekoa zuzenean 'Ataria irratia'-n

Ataria 2019ko azaroaren 27a

16:45ean hasita, eskualdeko irratiak zuzenean eskainiko du Usabalgo lehia, Imanol Artola 'Felix'-ek gidatutako saioan.

Igandean, abenduaren 1ean, jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa Tolosan. Usabal kiroldegiak hartuko du lehia, eta bertsozalez beteta egongo dela ziurtatuta dago, sarrerak duela hainbat egun agortu baitziren. Bertaratzeko aukera ez duenak, baina, badu saioa jarraitzeko aukera, ATARIA IRRATIAK zuzenean eskainiko baitu.

16:45ean hasiko da Imanol Artola Felix-ek gidatutako saioa, eta (H)ari naizela ATARIA IRRATIKO bertsoari buruzko saioaren gidariak bidelagun izango du eskualdeko bertso aditu bat. Hala, bertsoak zuzenean jarraitzeko aukera izango da, eta adituen horien inguruko balorazioa ere bai. Aldi berean, saioaren ostean, bertsolarien hitzak entzuteko tartea ere izango da. Halaber, saio irratiz (FM bidez 107,6an eta sarean www.ataria.eus -en) jarraitzen dutenek euren ekarpena egiteko aukera ere zabalik izango da. Horretarako, nahikoa izango da 695 76 28 43 zenbakira whatsapp mezua bidaltzea.

Hirugarren eta azken finalaurrekoa izaki, erabakiorra izango da abenduaren 14an Ilunben izango den finalari begira, igande honetan jakingo baitira finalera pasako diren zortzi bertsolarien izenak. Oihana Iguaran, Jon Maia, Jokin Uranga, Iban Urdangarin, Beñat Lizaso eta Haritz Mujika ariko dira Tolosako saioan. Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute zuzenean sailkatuta dauden Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendirekin batera finalean aritzeko modua.

Beraz, eskualdeko bi bertsolari, Iguaran eta Mujika, finalerako txartela lortzeko lehian izango dira, igandeko, Tolosako azken finalaurrekoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!