Molatuk jarrera «zinikoa» egotzi dio Tolosako Udalari

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 27a, 08:55

Leidor aretoa kudeatzeko lehiaketa publikoak soka luzea ekarri du, bigarrenez, duela hiru urte gertatu bezala.

Molatu Produkzioak S.L. enpresak errekurtsoa ezarri zuen Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan, lehiaketako zenbait irizpide baztertzaileak zirela argudiatuz, eta organoak arrazoia eman dio enpresari, errekurtsoko hiru puntutatik bitan. Horrela, Molatuk albistea iragarri eta udalaren kudeaketa salatu eta gero, Tolosako Udalak adierazpen bat eman zuen argitara, Molaturen adierazpenak «oso larritzat» joz, eta beren kudeaketa defendatuz.

Bada, azken hiru urteotan Leidorren kudeaketa bere gain izan duen enpresak Molatuk zazpi puntuko ohar bat helarazi du komunikabideetara, Tolosako Udalaren erantzuna «zinikotzat» joz.

Enpresaren arabera, udalak «harro erakutsi ditu bere akatsak, nahiz eta epaileak berretsi, hiru urtean hiru aldiz gauzak bermerik gabe egin dituztela». Horren harira, honakoa ere gaineratu dute: «Legea betetzeak ez du esan nahi justiziatik ari direnik, ezta tolosarrentzat zerbitzu onenak bermatuz ere».

Hirugarren puntuan udal teknikariari egin diote erreferentzia, udalaren adierazpenei erantzunez: «Udal teknikariaren lana zalantzan ez jartzeko diote, baina hori ez dugu guk egin, auzitegiak baizik. Nola defenda dezakete, jakinda, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak eta Justizia Auzitegi Gorenak teknikari hori enpresa jakin baten alde aritu dela berretsi dutenean? Ikaragarria da teknikari horri berriro pleguen idazte prozesuan parte hartzen uztea, eta baita teknikari horrek gobernuaren nahiz oposizioaren aldetik jaso duen babesa ere».

ENPRESA TXIKIEN ALDE

Gertatu denaren inguruko azalpenik sekula jaso ez dutela gaitzetsiz, Molatuk azaldu du «erraza» dela «udal erakunde baten talaiatik defendatzea». Beren asmoa, ordea, Enpresa Txiki eta Ertain guztien interes eta bermeak defendatzea izan dela azpimarratu dute: «Tokiko ETEak babesten dituztela diote, baina ekintzek aurkakoa erakusten dute. Gure kasuan, 10.000 euro bideratu ditugu gure defentsara, eta hiru aldietan aldeko epaia jaso dugu».

Bide horretan, Tolosako Udalak bere gardentasunaren alde egindako adierazpenei erantzunez, Molatuk dio «ezikusiarena» egin diotela «egindako kalteari eta epai guztiei». Horrela, herritarrekiko «enpatia falta izugarria» salatu du enpresak: «Beste herri batzuetan gertatu dela argudiatuz, horrelako auziak ohikoak direla diote, kudeaketa txarra zilegiztatzen eta akatsak normalizatzen».

Azkenik, Tolosako Udalak pleguen diskriminazioa ukatu izanari ere erantzun dio Molatu Produkzioak S.L. enpresak: «Diskriminazioa gezurra dela diote, hiru enpresa aurkeztu zirela arrazoituz. Baina ezin dute jakin hiru enpresa horiek irizpideak betetzen zituzten edo ez, lehiaketa bertan behera utzita ezin izan baitituzte proposamenak ireki».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!