Tolosako Udalak "oso larritzat" jo ditu Molatu Produkzioak SL-ren adierazpenak

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 22a, 15:11

Udalak, besteak beste, gezurtatu egin du Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoaren pleguak baztertzaileak zirenik; baita, enpresa jakin bati esleitzeko helburuarekin prestatu zirenik ere.

Azaroaren 12an, egun Leidor kudeatzen duen Molatu Produkzioak SL enpresak, Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoa atzera bota zutela azaldu zuen: "Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpenak Molatuk ezarritako errekurtsoko lau puntutatik hiru aintzat hartu ditu". 

Tolosako Udalaren erantzuna gaur iritsi da, eta hainbat argibide eman ditu, bereziki, "Molatuk egindako baieztapen eta adierazpenak tarteko, horiek herritarrengan sortu ahal izan duten kezka eta konfusioa dela-eta".

Udaletik azaldu dute, "2018. urtean Kontratazio Lege berria indarrean sartu zela eta horrek aldaketa sakonak eragin dituela zerbitzuak kontratatzeko prozeduretan eta baita, zerbitzuak eskaintzeko bete beharreko baldintzetan ere. Edozein kasutan, udalak, beti, legearen berme guztiekin prestatzen ditu pleguak herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko helburuarekin".

Tolosako Udalaren esanetan kontratazio Lege berria denez, "bete beharreko baldintzak areagotu egin direnez", egun lehiaketetan errekurtsoak egotea erabat ohikoa eta arrunta bihurtu da: "Horiek aztertu egiten dira eta ezarritako errekurtsoei erantzun egiten zaie. Ez da lehen aldia izan, eta etorkizunean ere gertatuko da, udalak martxan jarritako lehiaketa bati enpresa batek errekurtsoa jartzen diola, eta gauza bera gertatzen da hainbat eta hainbat herritan ere, Donostian, Bilbon edota Zarautzen esaterako". Hala eta guztiz, udalaren iritziz Leidorren kudeaketarako pleguak "teknikoki egokiak ziren, eta ezarritako baldintzak, kasu honetan esperientzia, herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin eskatu zen".

Orain, "aurretik prestatutako pleguak oinarri hartuta", Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpenari jarraiki beharrezkoak diren egokitzapen eta aldaketak egingo dituela iragarri du udalak, "ahalik eta azkarren prozesua berriz ere martxan jartzeko". Dena den, udaletik azpimarratu dute, "Molaturen errekurtsoa partzialki onartu dela eta ebazpenak eskatutako esperientzia mailari egiten diola aipamen (tankerako 3 kontratu izatea, esaterako) eta esperientzia hori ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzeko helburuarekin eskatu zela".

Molatu Produkzioak SL-ri erantzunez hiru puntu argitaratu ditu udalak:

1. Ez da egia pleguak baztertzaileak direnik ez eta enpresa bati esleitzeko helburuarekin prestatu direnik ere. Oso grabea da horrelako baieztapenak egitea eta gezurra da esandakoa.

Gipuzkoan baldintza horiek betetzen dituen enpresa bakarra dagoela baieztatu du Molatuk eta Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak prozesua eten bitartean Udalean jada 3 proposamen jaso ziren.

Beraz, udaletik argi utzi nahi da, Molatuk baldintzak ez bete izanak ez duela esan nahi pleguak zuzenak ez direnik edota irregulartasunak egon direnik, hori aditzera eman badute ere.

2.Objektibotasun osoz jardun da hasiera hasieratik lehiaketan parte hartu nahi duten enpresen aukera berdintasuna ziurtatzeko. Molatuk bere interes enpresarialak defendatzeko eskubide osoa du baina horretarako susmo txar eta faltsuak zabaldu gabe berdintasun aukeraren inguruan.

3. Eta are eta larriagoa da udal teknikari baten profesionaltasuna zalantzan jartzea, gezurrez baliatuz. Hori dela eta udalak, Molatuk egindako adierazpenak gaitzetsi ditu eta babes osoa adierazi dio Molatuk eztabaidaren erdigunean kokatu duen teknikariari.

Esleipena erabaki bitarteko kudeaketa

Tolosako Udaletik azaldu dutenez, lehiaketa publikoaren bidez Leidorren kudeaketa esleitu bitarte denbora tarte bat pasako da. "Legearen arabera, denbora horretan ezinezkoa da egungo kudeatzaileari kontratua egitea tarte horretarako". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!