Sebas Garziarenaren babarrunarentzat lehen saria

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 16a, 16:13

Tolosako Babarrunaren ekoizleen XXVI. lehiaketaren lehen saria Berastegira joan da, lehen aldiz. Bigarren saria, Anoetara joan da, Feix Zarauzentzat, eta hirugarrena Bidania-Goiatzera, Denis Lopezentzat.

Hiru sari nagusiak eskualdean bertan geratu dira, eta lehen aldiz lortu du saria Sebas Garziarenak, Berastegin ekoitzitako babarrunarekin. "Pozik" agertu da Garziarena lehen sari hori jasotzera. Berastegiarra Kellesensa gobernuz kanpoko erakundeko kidea da, eta babarruna bertako kideekin batera biltzen duela azaldu du, "taldean eta musikaren laguntzaz".  Babarrunaren ekoizpenetik lortutako dirua erakunde horretara bideratzen dute.

Guztira, 24 ekoizlek hartu dute parte. 06:30ean hasi dira sukaldariak babarrunak prestatzen, eta ura, gatza eta olioa soilik erabilita puntu-puntuan jarri dituzte epaimahaikideek dastatzeko. Puntuazioa jartzen aritu direnak honakoak izan dira: Gorka Txapartegi Alameda jatetxetik, Enrique Fleischmann Bailara jatetxetik, Modou Geye Tolosako Babarrunaren Kofradiatik, Sonia Tapia Fronton jatetxetik eta Javi Rivero Ama tabernatik. 

Sari banaketa ondoren aipamen berezia egin diote Joxe Mari Aramendiri, Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakariari, elkarteak 25 urte bete dituenez, Tolosako Babarrunaren alde egindako lana eskertzeko. Bestalde, Trianguloan bertan Tolosako babarrunak dastatzeko aukera izan da, bai putxera erara prestatuta, bai lehiaketan parte hartu dutenak ere.

Bestalde, San Blas elkarteak antolatuta, XXVII. Odolki Lehiaketa egin da San Frantzisko pasealekuan, eta Ordiziko Mujika Odolkiak enpresak eraman du lehen saria. Bigarren saria ere Goierrira joan da, eta Beasaingo Olano Harategiak eskuratu du. Olano Harategikoek azaldu dutenez, sekretua "maitasun handiz egitea" da. Kasu honetan, honakoak izan dira epaimahaian odolkiak dastatzen aritu direnak: Garbiñe Azaldegi Amarozko Auzo Elkartetik, Pedro Ruiz Casa Nicolas erretegitik, Xabier Ruiz sukaldaria, Luisa Lopez Basque Culinary Centerretik eta Txomin Seoane San Blas elkartetik.

Eguraldiak batere lagundu ez arren, jendearen ikusminak gain hartu dio, eta sari banaketetara zein azokara jendea hurbildu da. Trianguloa plazan azoka berezia egin da, Tolosako Babarrunarekin lotura duten hainbat produktu erosteko aukera izanik. Horrez gain, Udaberri dantza taldearen eta Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldiak Trianguloko karparen azpian egin behar izan dituzte, euria zela eta. Arrazoi beragatik, Tolosako Erraldoien eta Buruhandien konpartsakoek ezin izan dituzte kaleak alaitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!