Lagunarteko bidaia batetik hasi zen guztia. Nene Diop senegaldarrak Asuncion klinikako kafetegian egiten du lan Aitor Lizarza berastegiarrarekin batera, eta bere herrialdea ezagutu asmoz bidaiatu zuten lehen aldiz Kellera (Senegal), duela bederatzi urte inguru. Beste bi lagunekin batera egin zuen bidaia Lizarzak. «Hango egoera ikusita, zerbait egin behar genuela argi ikusi genuen», dio berastegiarrak. Lagun talde bat batu zen proiektura, eta pasa den astean aurkeztu zuten Kellesensa gobernuz kanpoko erakundea, Tolosako kultur etxean.
Kelle, Senegal iparraldean dagoen herri bat da, 3.500 biztanle ingurukoa. Haren bueltan, herri txiki asko aurkitzen dira eta, eskualde osoan, guztira 12.500 lagun bizi dira. «Tolosaldearen antza hartzen diot, herri nagusia erdian eta herri txiki gehiago inguruan», adierazi du Lizarzak.
Osasungintzan du hutsune handiena zonalde hark, «goseteena baino arazo handiagoa daukate osasunarekin». «Gure lan ingurua (Asuncion klinika) horri lotuta dagoenez, zerbait egin zitekeela pentsatu nuen», esan du.
Han egon arte, ordea, ezin daiteke irudikatu benetako errealitatea nolakoa den, dio Lizarzak. Horrela animatu zituen Asuncion klinikako hainbat mediku eta lagun lehen bidai bat egitera, 2017an. «Juan Querejeta zirujaua eta Alejandro Re traumatologoa animatu ziren gurekin batera bidaia egitera; lehen bidaia hartan nirekin joan zen Sebas Gartziarena erizainak ere bidaia errepikatu zuen; bueltatu ginenean, gure esku dagoena egiteko konpromisoa hartu behar genuela ikusi genuen».
Kellen anbulatorio bat dago, eta erizain batek eta emagin batek egiten dute lan bertan. Baina haien lana egin ahal izateko materialik ez daukatela azaldu du berastegiarrak. «Azken bidaia egin aurretik, haiekin harremanetan jarri eta zer behar zuten galdetu genien». Zerrenda bat egin zuten eskatutakoaren arabera, eta lehentasunak errespetatuz, materiala biltzen joan ziren.
Iazko abenduan, maletak sendagai eta beharrezko materialez bete, eta erakundeko zazpi kidek Kellera bidaiatu zuten. Sendagaiak, inguruko ospitaleen laguntzaz eskuratu zituzten; «besteak beste, Asuncion klinikak, eta Zumarragako eta Bidasoako ospitaleek asko lagundu gaituzte». Bidaia hartan, bi mediku eta erizain bat ziren tartean, eta bertako anbulatorioan kontsultak pasa zituzten: «Jende izugarri etorri zen kontsultara, patologia oso desberdinekin, egoera oso desberdinetan». Guztira, 12 ebakuntza eta 375 kontsulta pasatu zituzten. Gaixotu gabe zegoenik ere gerturatu zela oroitzen du, «mediku zuriak» iritsi zirela jakite hutsak asaldatuta.
Kellesensaren helburua, «azpiegitura aldetik pixkanaka laguntzea da eta, aldi berean, sendagai aldetik ere urte guztirako hornituta egotea, oinarrizkoenak direnekin, behintzat».
Orain arteko bidaietan, gainean eman dituzte sendagaiak, maletetan. «Orain, ordea, itsaso bidez Bilbotik garraiatzeko edukiontzi industrial bat bidaltzea darabilkigu buruan, ez baitira soilik botikak, oheak, andak, armairuak eta bestelakoak ere eraman nahi ditugu», azaldu du Lizarzak. Hasiak dira abenduan egingo duten hurrengo bidaiarako gauzak antolatzen.
TXIKITIK HANDIRA
Proiektu «txikia» da eskuartean dutena, eta alde horretatik ekarpenak biltzea ez dela erraza aitortu du Lizarzak. «Erakunde handiak, adibidez, aldundia, udalak eta Eusko Jaurlaritza, ez daude gurea bezalako erakunde txikiak laguntzeko prest».
Erakundeko kideek, euren aldetik, Berastegi dituzten soroetan babarruna ereiten dute, eta hura saltzean lortzen duten dirua GKEra bideratzen dute. «Horrelako ideietatik abiatu behar dugu, egiten duguna ezagutzera eraman, eta pixkanaka indarra hartzen joatea nahiko genuke, lanerako gogoa baitugu», dio.
Hori horrela, herritar oro animatu nahi dute proiektua ezagutzera eta ekarpenen bat egitera. Kellesensa.org helbidean zintzilikatuta dute erakundearen inguruko informazio guztia.